Trenbide gainean loratzen

Durangoko Udalak trenbide zaharraren lursailetan zer egin erabakitzeko proiektu parte hartzailea abiatu du. Lehen fasea amaitzean, ekarpenen sintesia egin, eta proiektuan txertatuko dituzte. Ondoren, herritarrek balioztatu beharko dute.

Javi West Larrañaga

Durangoko Udalak prozesu parte hartzaile bat abiatu du herria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen zuen trenbide zaharraren gaineko lursailetan zer egin erabakitzeko. 60.000 metro koadro dira. Herritarrek 2021eko martxoaren 14ko herri kontsultan barne eraberritzeko 1. plan bereziaren (BEPB) proiektu urbanistikoaren aurka egin zutenez gero, haiei dagokie orain alternatibaren nondik norakoak erabakitzea. “Prozesu bizia” diseinatu nahi izan dutela adierazi du Marina Blazquez prozesuaren diseinatzaileak: “Udalaren eta herritarren arteko elkarrizketa bilatu dugu”.

Lehen fasea abiatu du udalak urtarrilean. Blazquezen arabera, ez dute nahi izan herrietan “ohituraz” parte hartzen duen jendea bakarrik hurbiltzea. Ahalik eta jende gehien hurbiltzeko prozesu bat sortzen ahalegindu direla esan du, eta, horretarako, zenbait mekanismo ipini dituzte martxan. Horietako bat da Ezkurdi plazan ipini duten erakusketa; trenbidea lurperatzeko prozesua eta horren osteko BEPB proiektu urbanistikoa azaltzeko baliatu dute. “BEPBaren proiektuak urte asko daramatza Durangoren historian, baina atal batzuk ez dira oso ezagunak, eta saiatu gara herritarrei zabaltzen”, esan du Blazquezek. Erakusketaz gain, saio didaktikoak egiten ari dira hilabete osoan. Hiru izango dira guztira: bata, politikoa, eta bi, teknikoak urbanistikoa eta juridikoa. Gainera, Blazquezek azpimarratu du erakusketan dauden ordenagailuak erabil ditzaketela galderak eta zalantzak helarazteko udaleko teknikariei, eta saio didaktikoetan erantzungo dituztela denentzat.

Aitortu du ez dela gai erraza herritarrekin lantzeko, alderdi teknikoak, urbanistikoak eta kudeaketakoak dituelako eztabaidak. Helburua jendea hurbiltzea da, baina, Blazquezen arabera, prozesuak lana eskatzen die biztanleei, urteotan ibilbide bat egin delako eta hainbat ñabardura tekniko dauzkalako atzean: “Ezin da BEPBaren prozesua ondo ulertu esfortzu bat egin barik”. Horregatik eman diote hilabete osoa lehen faseari.

Bihar eta etzi, 22an eta 23an, partaidetza saioak egingo dituzte: tailerrak. Lau egingo dituzte, goizean eta arratsaldean, ahalik eta jende gehien joateko. Aritz Bravo Lurralde zinegotzi eta hirugarren alkateordearen arabera, lehendabizi orubean bertan hartuko dute tartea herritarrek, errazago hausnar dezaten zer antolamendu ikusten duten egokien lursailarentzat non joango den zer, baita eraikigarritasunaren inguruan gogoeta egin dezaten ere. Bakoitzaren ekarpenekin hausnartzeko momentua izango dute ondoren, taldeetan.

Lehen faseko prozesu horren ostean, herritarren ekarpenen sintesia egin beharko du udalak, eta horiek proiektuan txertatzeko ahalegina. Bravok aurreikusi du herritarrek martxoan bozkatu ahalko dutela proiektua, “aurreakordioa balioztatzeko”.

Aritz Bravo eta Marina Blazquez

Jaurlaritza eta udala, ados

Joan den abenduan egin zuten Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak trenbide gaineko espazioa urbanizatzeko aurreakordioa, eta bideragarritasun esparru bat adostu zuten. Hasierako 1. BEPB urbanizazio proiektutik, heren bat murriztu zuten eraikigarritasuna, eta eraikinen batez besteko solairuak zortzi pisura gutxitu. Gainera, trenbide zaharraren ibilbidea udalaren esku geratzea erabaki zuten. Kontzesio horien truke, Jaurlaritzak hainbat lursail jasoko lituzke.

Aurreakordio hori egon arren, Bravok ez du uste prozesu parte hartzaileari mugak jartzen dizkionik. Adierazi duenez, bideragarritasun esparruaren barruan aukera dago gehiago edo gutxiago “jolasteko”, baina, herritarrek esparrua “apurtzearen” alde eginez gero, udalak aztertu beharko luke zer kalte ordain eman Jaurlaritzari. “Eraikigarritasuna apaltzeak, adibidez, berekin ekarriko luke Eusko Jaurlaritzari hainbat milioiko kalte ordain bat eman behar izatea”. Bravoren aburuz, ordea, ez da halakorik gertatuko. “Orain arte herritarrengandik jaso dudan erantzuna oso positiboa izan da, ikusten dutelako irtenbidea eman zaiola urteetan luzatu den gai bati”, azaldu du zinegotziak.

Durangon afera urtetsua da trenarena. 1990eko hamarkadan hasi ziren herria erdibitzen zuen trenbidea lurperatzeko kudeaketak. Zaha Hadid arkitekto irakiarraren proiektua aukeratu zuten geltokia diseinatzeko. Hainbat atzerapen zirela medio, 2005ean ekin zieten lanei, eta 2012ko abenduan igaro zen lehen trena lau kilometroko tuneletik. Trenbide berria inauguratu zuten egunean bertan ekin zioten Euskotrenen langileek burdinbide zaharra kentzeari, baina urteak eman ditu gaineko lursailak hutsik. Guztira, 27 trenbide pasagune kentzea eragin zuten lanek Durangon lau, eta herriak, bi geltokiren ordez, bakarra dauka ordutik. Lanei esker, 60.000 metro koadro baino gehiagoko espazio urbanizagarria geratu zen libre.

Lursail horietan zer egin, hori izan da azken hamarkadetan herriko talde politikoen eta herritarren eztabaidagaietako bat. Eusko Jaurlaritzak 270 milioi baino gehiago inbertitu zituen lanetan, eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak apirilean gogorarazi zuen Jaurlaritzak ezin ziela uko egin “askatutako espazioen gainbalioei”, udalak lurperatze proiektuaren zati bat finantzatu behar zuelako horien aprobetxamenduen bitartez. Durangoko Udalak 2006an onartu zuen 1. BEPB proiektu urbanistikoa, udal gobernuan EAJ zegoela. Hemezortzi pisuko bost dorre eraikitzea aurreikusten zuen plan horrek; 550 etxebizitza izango zituzkeen, eta horietatik 120, babes ofizialekoak. Jaurlaritzari hark egindako inbertsioaren zati bat ordaintzeko balioko zuketen.

Geldituta egon ziren lan horiek zenbait urte, baina 2018an martxan jarri zuten proiektua. Orduan agertu zen Erabaki herritar plataforma, eta, libre geratutako lursailean zer egin erabakitzeko, 4.000 sinadura biltzea lortu zuen. Hortik tiraka, Durangoko EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea-Elkarrekin Podemosek trenbide zaharraren lursailen gaineko kontsulta bat egitea proposatu zuten 2019ko udal hauteskundeetarako programan. Biek aipatu zuten lursaila “birika berde” bihurtzeko nahia. Indar horiek lortu zuten udal gobernua urte hartako bozen ostean, eta 2021eko martxoaren 14an egin zuten kontsulta herrian. Botoa emateko aukera zutenen %28,57k bozkatu zuten: 7.077 herritarrek. Haietatik %94k bozkatu zuten 1. BEPB proiektu urbanistikoa bertan behera uztearen alde.

EAJk eta PSE-EEk abstentziora deitu zuten kontsultan. Hil honetan, Durangoko EAJk salatu du EH Bilduk hasieran parke erraldoi baten alde egin zuela eta orain eraikin ez hain altuak egitea defendatzen duela. Bravok adierazi du EH Bilduk 2019an hori proposatu arren Eusko Jaurlaritzak beste marko bat ezarri zuela. “Jaurlaritzak erabaki zuen eurek lortutzat zeuzkaten eskubide urbanistiko horiek ez gutxitzea, eta, gutxituz gero, kontraprestazio bat jaso behar zuela”. Egoera horretan, “oreka” eta “erdibidea” bilatzearen alde egin zutela adierazi du Bravo hautetsiak: “Ikusi genuen beharrezkoa zela hau desblokeatzea, ahalik eta modu adostuenean”.

Durangoko PERI erakusketa

“Espektro zabala”

Udal gobernuarekin ados ez dauden herritarrek prozesuan parte hartuko ote duten galdetuta, baikor erantzun du Bravok. Onartu du ez dela erraza herritarrak “hirigintzaren moduko gai marduletara” erakartzea, baina uste du jendeak “oso presente” izan duen gai bat dela, eta “espektro soziologiko eta ideologiko oso zabal batek” hartu duela eztabaidarekiko ardura. “Aurreko proiektua babestu zuten alderdiak ere ez dira gai babesteko lehen egiten zuten irmotasun horrekin”, nabarmendu du.

Antzeko bidetik jo du Blazquezek. Arratsaldeetan ipini dituzte saio didaktikoak, eta asteburuetan tailerrak, ahalik eta jende gehien erakartzeko. “Nik espero dut ados ez dagoen jendea hurbiltzea, uste dut-eta aniztasuna hobea dela herriarentzat”. Proiektuaren diseinatzailearen arabera, mekanismoak sortu eta bideak zabaldu dituzte, ekarpenak jasotzeko eta desadostasunak adierazteko. “Konpromisoa daukagu horiei erantzuteko”.