Sarera euskaraz murgiltzen

Abadiñoko Udalak AbadiñON lehiaketa jarri du martxan; 12 eta 16 urte arteko lagunei zuzenduta dago. Helburua da sare sozialetan eta Interneten euskara sustatzea.

Natalia Salazar Orbe

Aspaldion kezka bihurtzen ari den errealitate batetik abiatuta, AbadiñON lehiaketa antolatu dute, Abadiñon bertan. Hala azaldu du udalak: “Batetik, antzeman dugu gazteek euskara gutxi egiten dutela haien artean; bestetik, horrenbeste erabiltzen dituzten sare sozialetan eta Interneten euskarazko eduki gutxi kontsumitzen dute; are gutxiago euskaraz elikatu”. Egoera hori iraultzen saiatzeko jarri dute martxan AbadiñON lehiaketa. “Aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen: uste dugu ondo pasatzen duten bitartean haien artean euskararen erabilera sustatzeko modua izan daitekeela”, esan du udalak.

Lehiaketa gaur hasiko da, eta gaur da, era berean, izena emateko azken eguna. 12 eta 16 urte arteko lagunek dute sarean lehiatuko den ginkanan parte hartzeko aukera. Helburua da “abadiñar gazteen aisialdia aberastea, eta baita sare sozialetan eta Interneten euskararen erabilera ludikoa sustatzea ere”. Izena eman nahi duenak hainbat aukera dauzka: on.gaztelehia@gmail.com helbide elektronikora idatzi, 688 76 30 74 telefono zenbakira deitu edota Instagrameko @abadinogaztelehia eta Facebookeko Abadiñon Gaztelehia eremuetara jotzea.

Lau proba

Banaka edo gehienez lau laguneko taldetan lehiatu beharko dira parte hartzaileak, eta lau proba egin beharko dituzte. Proba horiek Facebook eta Instagram sare sozialetan jakinaraziko dituzte antolatzaileek, barikuro —gaur argitaratuko dute lehenengoa, eta gainerakoak, urtarrilaren 28an eta otsailaren 4an eta 11n—. Otsailaren 15ean, berriz, martitzenarekin, amaituko zaie lehiakideei probak beteta aurkezteko epea. Otsailaren 18an, barikuarekin, jakinaraziko dute nortzuek irabazi duten lehiaketa.

Proba guztiak ludikoak izango dira, eta 600 euro banatuko dituzte saritan. Pertsona edo talde irabazleak 300 euro jasoko ditu; bigarren saria 200 eurokoa da. Azkenik, parte hartzaile guztien artean 100 euroko bonu bat zozkatuko dute.

Euskaraz landu

Jende gazte asko taldeetan ariko da lanean, eta euskarazko lanak aurkeztu beharko dituztenez, antolatzaileek uste dute horrek eragin dezakeela haien artean euskara gehiago erabiltzean: “Horretarako balio izatea espero dugu. Hori da helburua”.

Beste herri batzuetan gertatzen den bezala, Abadiñon ere kezkatuta daude gazteen hizkuntza ohiturei dagokienez. “Euskararen ezagutza maila eta erabilera datuak ez datoz bat, zoritxarrez. Denek euskaraz badakite ere, gero eta gehiago jotzen dute gaztelerara”, aitortu du udalak.

AbadiñON lehiaketaren asmoa argia da: herriko gazteen artean euskararen erabilera sustatzea, eta Interneten eta sare sozialetan euskara eskuragarri egitea, udalak azpimarratu duenez. “Horretarako, modu osasuntsu eta sortzailean dibertitzeaz gain, Abadiñoko gazteek, gaur egun euskarak Interneten presentzia izan dezan, dauden tresnak ezagutuko dituzte, sare sozialen erabilerari dagokionez”. Lehiaketa Matienako institutuko gazteei aurkeztu diete, zuzenean.