Lau urte eta borrokan tinko

Pentsiodunen mugimenduak lau urte daramatza kalean aldarrikapenak egiten. Eguzki kiskalgarri baten azpian, txapel eta biserez babestuta, edo zirimiriaren azpian aterkiekin, Bilboko eta Bizkai osoko pentsiodunak hainbat borrokaren gidari bihurtu dira: hala nola osasuna hobetzea, argindarraren prezioaren neurrigabeko igoeraren aurka egitea… Ez dago mobilizaziorik beraien irakurketa propioarekin agertzen ez direnik. Mugimendu heterogeneo bat sortzea lortu dute, beraien aldarrikapen propioak talde behartsuenei lagunduz aberasten dituena. Horrela, belaunaldi berrientzako adibide eta eredu garrantzitsu bihurtu dira.

Tamalgarria da, baina hala da: pentsiodunen jatorrizko borroka, pentsio duinen defentsa, ez dute herritar guztiek beraiena ere badela barneratu, eta, horregatik, mobilizazioetan parte hartzen dutenen batez besteko adinak altua izaten jarraitzen du oraindik.

Beraien lorpenen artean dago pentsioei jasangarritasun-faktorea aplikatzea eragoztea, eta gai izan dira gobernuak jendaurrean aitortzea pentsioen itsulapikoko dirua erabili dutela beste gastu batzuetarako, “gastu desegoki” deritzen gastuetarako. Gastu horiek, hemendik aurrera, Estatuko Aurrekontu Orokorrekin ordaindu beharko dira, eta ez Gizarte Segurantzako diruarekin.

Gaur egun, borroka fronte berriak irekitzen dira. Estatuko gobernuak erretiro adina pixkanaka atzeratzea proposatzen du: 2027an, 67 urte bete arte. Hori horrela, 2022an erretiroa hartu nahi dutenek, pentsioaren %100arekin, 66 urte eta bi hilabete beteta izan beharko dituzte. Neurri horrek zahartzaro duin eta kalitatezkoaz gozatzeko denbora murriztuko du. Are gehiago, 40 urte edo gehiagoko kotizazioak dituzten langileak, zigorrik jaso nahi ez badute, aldez aurretik erretiratu ezin izatea salatzeko modukoa da. Honi gehitu behar zaio penalizazioen eskala, adinaren eta kotizatutako urteen araberakoa, %12 eta %22 artekoa.

Gainera, aldarrikapen ikurrak, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateak, lortu gabe jarraitzen du. Salatzen duten beste egoera bat andreen kolektiboarena da: 1.000 euro baino gutxiagoko pentsioa dutenen %72 prestazio txikienekin gaizki bizi diren emakumeak dira. Honetaz gain, KPIaren igoera ez dela erreala ere adierazi dute, ez baita prezioekin paraleloki igotzen.

Nire ustez, pentsioen sistema publikoa bideragarria dela argi dago, baina bakarrik soldata duinekin mantentzen bada. Horrexegatik, pentsiodunen mugimendua lan erreforma indargabetzeko ere borrokatzen da. Gogora dezagun gaur egun kobratzen ari diren pentsioak gaur egungo langileek egiten dituzten kotizazioetan oinarrituta daudela. Beraz, lan erreformak lan prekaritatea sendotzen badu, gizarte segurantzaren kutxako diru-sarrerak murriztuko dira, eta, ondorioz, pentsioetan murrizketa gehiago aplikatuko dira.

Jakin badakigu ahalegin handia dela kalera ateratzea, baina pentsio sistema publikoa defendatzera mobilizatzeko unea dela uste dut, Gizarte Segurantza ministroaren erreformak pentsio publikoak pribatizatzeko sustatzen dituen mehatxuen aurrean, ongizate estatu indartsu bat eta pentsio zuzen, duin eta nahikoak lortzeko. Indarrak batuz, guztion artean, bizitzaren amaiera duina bihurtzea lortu dezakegu.