Natalia Salazar Orbe
Korta, beheko sua, eta pasagune eta gela txikiak. Bizileku hutsa eta lanerako gunea. Horixe ziren baserriak Arratiako bizilagunentzat XIX. mendean. Aurrez aurre, Bilboko etxebizitza bat, Belle époque sasoia gogorarazten duena. Bizilekua, bizitzeko leku gisa ez ezik, erlaxatzeko eta atseden hartzeko eremu gisa ere ulertuta. Biak barne hartzen ditu Antzasti Euskaldunon Etxea museoak, Diman. Herriko baserri bat dute edukiontzi bi etxebizitzok. Bizitza tradizionala eta modernitateak eragindako aldaketak islatzen ditu proiektuak.
Elena eta Cristina Amezaga ahizpek osatu dute etxeotako bilduma, garaiko benetako piezak biltzen dituena. Familiak gordeta zeuzkan elementuekin jantzi dituzte Arratiako baserri bat eta Bilbon Arriaga ondoan dagoen etxebizitza bat zehatz-mehatz irudikatzen dituzten guneak. XIX. mendetik XX. mendera arteko bizimodua nolakoa zen eta etxebizitza zer-nola ulertzen zuten ikusi ahalko dute bisitariek.
Aro modernoak ekarri zituen aldaketak islatu dituzte. Garapen zientifikoak zientzia modernoari ateak zabaldu ostean, iraultza iritsi zen Euskal Herrira ere. Modernitateak kontzeptuak aldatuko ditu: hain zuzen, eragina izan zuen denbora, espazioa eta bizimodua ulertzeko eta bizitzeko moduetan. Eta Arratiako tranbiak lotu zituen bi mundu horiek. Horixe dute hari eroalea Arratiako baserriak eta Bilboko Arriaga inguruko etxebizitzak. Handik, Arriaga paretik, ateratzen baitzen Arratiarako tranbia.
Bi ikuspegi; bizimodua eta lana ulertzeko eta lantzeko bi modu. Baserria produkziorako lekua zen, lanerako. Bilboko etxebizitzak, berriz, bizitoki moduan erakusten du etxea, ez lanerako eremu gisa. “Etxebizitza hauetan, lan egiteko leku bakarra sukaldea zen”. Hala azaldu diote museoko arduradunek Bizkaiko Hitza-ri.
Garai hartan, etxea “oso gauza handia” zen baserritar batentzat. “Ez da eraikina bakarrik. Soroa, animaliak, tresnak… Horiek denak etxearen kontzeptuaren barrukoak dira”. Lana eta bizimodua, biak uztartzen zituen baserriak. Ez zegoen bereizketarik bataren eta bestearen artean. Etxebizitzak funtzionalak ziren. “Garrantzitsuena lana aurrera ateratzea zen”, azaldu dute gidariek. Guneek ere hori iradokitzen dute. Etxebizitza funtzioa betetzen zuen gunea oso txikia zen eraikinarekin konparatuta.
Industrializazioak ikuspegi hori aldatu egingo du. Horixe islatzen du Bilboko etxebizitzak: bestelako eredu bat. Atseden hartzeko eremu bat erakusten du; gozatzekoa eta apaingarriekin jantzia: lanparak, koadroak, margotutako papera, ispiluak eta bestelako elementuak.
Soinekoek ere erakusten dute bestelako bizimodu hori. Denen artean, 1881eko ezkontza soineko beltz bat nabarmentzen da Antzastiren bilduman. Zeta naturalezko soinekoa da, gerruntze eta guzti. Antzasti etxeko arduradunen birramonarena zen.
Hiritik baserrira
Bizimodu aldaketa hori hiriburutik baserri girora ere pasatuko zen denborarekin. Hasieran, burgesiak heldu zion bizitzeko era hari. Apurka, guneak egokitu zituzten beste eremuetan ere, eta baserrietan ere hasi ziren gaur egungo bizimodura gehiago hurbiltzen.
Tradizioa eta modernitatea. Biak aurrez aurre jartzen ditu museoak. Emakumeak protagonismo handia du hartan. Izan ere, etxea oinarri du museoak, eta, garai hartan, emakumeek presentzia handia zuten etxean.
Lekua ezagutu nahi dutenek ordua eskatu behar dute.