Antzerkia, musika, dantza eta azokak, hiribilduaren historia luzea ospatzeko

A. Igartua Aristondo

Rialiako museoan dagoen erakusketaz gain, Portugalete eta Playmobil. Itsas-hiriaren 700 urteak, Portugaleteko Udalak eta bertoko hainbat elkarte eta bizilagunek egitarau oparoa osatu dute hiribilduaren 700. urteurrena ospatzeko. Antzezlanak, hitzaldiak, musika, desfileak, estropadak… eta beste ekintza asko egongo dira 2022ko apiril-maiatzetik abendura bitartean —osasun egoerak atzeratzea eragin du—.

Programazioa taxutzeko Portugalete 700 kontseilua sortu dute, propio: bertan udaleko talde politiko denak daude ordezkatuta, baita udalerriko elkarte asko ere, kulturalak eta sozialak zein kirol, hezkuntza eta gazteen elkarteak. Horrez gain, herritarren parte hartzea ere eskatu dute: 120 lagunek eman zuten izena, eta horiek lantalde ezberdinak osatu eta egitaraurako proposamenak aurkeztu zituzten kontseiluko osoko bilkuran.

Duela hiru urte, Bizkaiko Zubiaren 125. urteurrenaren harira, herri antzerki bat sortu zuten bertoko zenbait antzerki konpainiak. Aurten ere beste horrenbeste egingo dute, Estibaliz Freije Rueda Kultura zinegotziak azaldu duenez. “Zuberoako pastoraletan oinarritzen dira, baina gure eskualdeko idiosinkrasiara egokituta. Seguruenik, abenduan egingo dute”. Dantzari konpainia bat ere sortuko dute, eta Portugaleteko dantza galdu batzuk berreskuratuko dituzte. Batean zein bestean, edozein bizilagunek eman dezake izena.

Era berean, Aitor Calleja artista nafarrari bi panpina eskatu dizkiote erraldoien konpartsarako: Maria Diaz Harokoarena —iaz aurkeztu zuten— eta Lope Garcia de Salazar historialariarena. Hitzaldi historikoak ere antolatuko dituzte urte osorako.

Ekaina, ekintzaz lepo

1322ko ekainaren 11n sinatu omen zuten Portugaleteko hiri gutuna. Hori horrela, ekainaren 10etik 12ra bitarteko asteburuan ekintza asko egongo dira efemeridea gogoratzeko. “Prestatzen ari dira harrera antzeztu bat, irudikatzeko asmoz Maria Diaz Harokoa heldu zenekoa hiribilduko alkateari hiri gutuna emateko”, dio Freijok. Halaber, dantza, musika, ikuskizunak, su artifizialak, antzerkia, Erdi Aroko azoka, danborrada eta bandokideen gerraren desfilea egingo dituzte.

Edonola ere, ekaineko gainontzeko asteetan ere ez dira faltako ekitaldiak. Antzinako itsasontzien jaialdia ere egingo dute, eta, besteak beste, ontzi zaharrak bilduko dituzte itsasadarrean, Elkano fundazioaren eta Albaolaren laguntzarekin. Orobat, erakusketak eta itsas azoka izango dira asteburu berean. “Portugaletek berreskuratu dezan marinel historiarekin, itsasadarrarekin eta itsasoarekin duen lotura”.

Txakolinarekin izandako harremana ere nabarmenduko dute ekainean, edariari eskainitako jaialdi batekin. XIII., XIV. eta XV. mendeetan asko ekoizten zuten. “Jarrilleros deitzen digute, tabernetan txakolina zerbitzatzen zuten edukiontziengatik”.