“Ez gaude prest aspaldi irabazitako lan baldintzak galtzeko”

“Ez gaude prest aspaldi irabazitako lan baldintzak galtzeko”

Natalia Salazar Orbe

Ehungintzako eta larrugintzako eta oinetakoetako merkataritzako langileek mobilizazioak abiatu dituzte berriro, euren eskubideak aldarrikatzeko. Urtarrilaren 5ean atera ziren kalera, ELAk eta LABek deituta. Patricia Babuglia Martin (Getxo, 1975) H&Mko langilea eta ELA sindikatuko ordezkaria da, eta pozik azaldu da egun hartan bertan deialdiak izan zuen erantzunarekin: “Arrakasta handia izan du; jende mordoa elkartu da”. Ehungintza sektorearen egoerari buruz mintzatu da.

Mobilizazioak hasi dituzue, urteetan soldatak eta lan baldintzak izoztuta dauzkazuelako. Zeintzuk dira zuen lan baldintzak eta zer aldarrikatzen duzue?

Ehungintzako merkataritzaren sektorean ari naiz ni. Bizkaiko lan ituna dugu. Azkenekoz sinatu genuenean, aurrerako eragin mugagabea onartu zen. Hala ere, horrek ez du esan nahi ez dugula hitzarmen berririk sinatu behar. Patronalak, negoziatzen esertzeko, eskuratuak genituen oso baldintza on ugari kendu nahi dizkigu. Bizkaiko ehungintzako merkataritzaren hitzarmena bakarra da. Besteak beste, udako larunbat arratsaldeetan ez dugu egiten lanik; igandeetan ez dugu lanik egiten, ezta jaiegunetan ere; eta garraioa ordaintzen digute.

Hitzarmena negoziatzera esertzeko zenbait baldintza jarri dizkizuete orain. Zeintzuk?

Lan hitzarmen berria negoziatzeko, eskatu digute udako larunbat arratsaldetan lan egin dezagun; jaiegunen batean ere bai; igandeetan ere bai; eta antzinakotasunak eten ditzagun nahi dute: lau urteroko antzinatasuna kobratzen dugu, eta hori mugagabea da. Esan digute negoziatzera esertzen badira eten egingo digutela antzinatasun hori eta aurrerantzean ez dugula izango jada duguna baino antzinatasun gehiago. Antzinatasunari esker lortzen dugu izoztua dugun gure soldata pixka bat hobetzea. Eskubideon alde borrokatuko gara.

Internet bidezko erosketek zerikusirik izan al dute egoera honetan?

Digitalizazioaren afera ere hor dago. Ulertzen dugu kontsumo ohiturak aldatzen ari direla, baina aldaketa hori guztia ezin dute baliatu langileok kaleratzeko. Kontrakoa: lanpostu edo kategoria berriak egin behar badira, gure lanak moldatu eta beharrizanetara egokitzea eskatzen dugu. Negoziatu egin nahi dugu. Ez gaude prest aspaldi irabazi genituen lan baldintzak galtzeko. Zenbait gauzatan ez dugu amore emango. Bizkaiko ehungintza merkataritzaren hitzarmenak oso baldintza onak ditu, borrokatu egin garelako. Merkataritza orokorra, berriz, oso gaizki dago. Batasunik ez badago, zaila da indarra egitea. Haiek ez dute izan horrenbeste batasunik, eta, orain arteko bideari jarraituz gero, estatuko hitzarmenarekin buka dezakete. Hori ezin dugu onartu. Ehungintzako merkataritzan ez dugu horretara iritsi nahi.

CECOBI merkataritza patronalak esan du ezin duela soldata igoerarik hartu bere gain, salmentak murriztu direlako COVID-19aren eraginez. Zuentzat hori ez da pisuzko arrazoia.

Ez horixe; inondik inora ere ez. Aurrez aurreko salmentak murriztuko ziren, baina Internet bidezkoak ere badaude. Lehenago ez zituzten irabaziak ari dira lortzen sare bidezko salmenten bidez. Pandemiaren eta konfinamenduaren ondorioz, sareko salmentek izugarri egin dute gora. Dendetan bezeroei Internet bidezko salmenten berri emateko agintzen digute. Salmentak eta eskaerak sare bidez egitea sustatzen dute. Horretan inbertitzeko gaitasuna badute, soldatak ere igo ditzakete. Eta salmenta batzuek behera egin badute ere, besteek gora egin dute. Ulertzen dugu enpresariak gehiago irabazi nahi duela, baina gu hemen gaude, eta lan egin nahi dugu. Ez dugu nahi bazter gaitzaten. Hau guztia bideratzea nahi dugu: guri Internet bidezko salmentatan lan egiteko bidea irekitzea nahi dugu.

Zer-nola?

Eskaerak egiteko lanak edo bilketetakoak eginez. Online salmentetarako postu berri asko daude. Ez dugu nahi lanok kanpora ateratzerik. Saltzaileok banaketa lanak ere egin ditzakegu; paketeak egin edo eskaerak jaso. Hori guztia negoziatu nahi dugu. Ez dugu nahi online salmentak iristeagatik saltzaileok kalera botatzerik.

Zuena oso sektore feminizatua da. Faktore horrek ba al dauka loturarik historikoki izan dituzuen lan baldintzekin?

Noski. Gurea ia %100ean sektore feminizatua da. Enpresariei enbarazu egiten diegu; laranjei bezala zukua ateratzen digute gazteak garen artean. Seme-alabak izan eta gure eskubideak aldarrikatzen ditugunean, ostera, esaten digute jada ez garela haien interesekoak. Askok urteak daramatzate lanean sektore honetan: seme-alabak izan eta jada haziak dituzten amak dira, eta lanaldi murrizketarik ez dutenak. Zer erraza den langile horiek bidetik kentzea. Ez, ordea. Borrokan ari gara denok elkarrekin, eta ez dugu aurreikusten halako egoerarik. Gaztetan bezain baliozkoak gara helduagoak garenean. Eta enpresariak ez badu ikusten horrela, egokitu ditzala lanpostuak. Beste funtzio batzuetan aritu behar dugula uste badute, jar gaitzatela beste lanotan. Emakumeok izateagatik ez dugu balio gutxiago. H&Mn 50 egun egin ditugu mobilizazioetan oraintsu, sektore feminizatua izanik ama guztiak kaleratu nahi zituztelako.

Zer-nolako aldartea duzue?

Indartsu gaude. Beharginek ez dute eskubiderik galdu nahi. Lan hitzarmen duina negoziatzera esertzeko irrikaz daude.

Ekainean ere mobilizazioak egin zenituzten. Egon al da aurrerapausorik ordutik hona?

Ez. Patronalak gaur arte luzamenduak besterik ez ditu eman. Negoziatzera esertzeko baldintzak ezarri dituzte: antzinatasuna etetea, udako larunbat arratsaldeetan lan egitea eta saltokiak igande eta jaiegunetan irekitzea.