Definizioak mugak bainoago

Oraindik epemuga jakinik ez dagoen arren, garbi dago kontua. Etxeko jabeak hala eskatuta alokairuan dudan etxe honetatik irten beharko dut goizago ala beranduago. Uda bueltan-edo, nik uste. Traste guztiak pilatu, furgonetarekin hiruzpalau joan-etorri egin, eta fuera. Ospa beste norabait. Etxebizitza baten jabe ez garenon patua ei da honako hau. Hara eta hona ibili gura ez, baina zimendu ziurgabeekin eraikitako bizimodua dugunon destinu petrala. Eta kokoteraino nago barraskiloen sindrome edo dena delako honekin. Azken zazpi urteotan sei etxebizitza diferentetan eraiki-berreraiki dut bizimodua. Pisua partekatuta sarri. Neure kabuz zenbaitetan. Baina beti alokairuan. Esperientzia horiek guztiak ez nituzke beste ezergatik aldatuko, baina oraingo honetan nekatuegi sentitzen naiz habi berri bat topatu, hazia erein, landareak ernaldu arte itxaron eta fruituak irteten duenerako beste norabait alde egin behar izateko.

Barrenak indefinizio fase betean ditudan honetan, arazotxo honek bat egin du eskualdean gertatzen ari diren etxebizitza mugimenduekin. Batetik, Durangaldeko Mankomunitateko kideek aurreikusitako neurria dago. Gobernu taldea eta oposizioko alderdi nagusia bat etorri dira etxebakoak hartzeko aterpe berri bat sortzearekin. Oraingoz, ez dute gune hori non atonduko duten definitu, baina argitu dute horixe izango dela aurtengo jardunaldian indarrean ipiniko duten neurrietako bat. Bestetik, Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lortutako aurreakordioa dago. Bi aldeak bat etorri dira garai bateko tren geltokia izandako orubean “proiektu bideragarri bat” egitearekin. Indargabetu egin dute hemezortzi solairuko bost etxebizitza dorre eraikitzea aurreikusten zuen proiektua. Eta, horrenbestez, indargabetu egin dute Durango Manhattan txiki baten pare ipintzeko asmoak. Hori bai. Horrek ez du esan gura orube horretan etxebizitzak eta proiektu urbanistikoak egingo ez dituztenik. Egingo dituzte. %36 gutxiago, baina egingo dituzte. Eta oraindik proiektu urbanistiko berria zelan geratuko den esateko goizegi bada ere, udalak prozesu parte hartzailea ipini du martxan. Etorriko dena adosteko. Edo beste era batera esanda, definitzeko.

Laissez faire, laissez passer“, esan ei zuen Adam Smithek. Estatuek, botere publikoek, ez dutela ekonomian zertan esku hartu. Ez dituztela jarduera ekonomikoak zertan mugatu. Baina, aldiz, argi dago badirela sistema ekonomiko honen zelula diren etxebizitzak definitzeko aukerak. Horixe ari direlako, behintzat, Durangon eta eskualdean egiten. Ez etxebizitzei loturiko proiektuak mugatzen; bai, aldiz, definitzen. Beraz, nik neuk ere muga berbatik definizio berbara doan salto semantiko hori baliatu nahi dut, gorengo botere egiturei alokairu eta etxebizitza prezioak defini ditzatela eskatzeko. Handi-mandiei ekonomia mugatzeak urtikaria eragiten diela? Bada, izorrai! Defini ditzatela. Horixe izango baita zerumugan zabaltzen den ingurune ezezagunean bidea ahalik eta zimendu rikegonkorrenekin eraikitzeko modua.