Barrunbe emankorren gomuta

Barrunbe emankorren gomuta

Natalia Salazar Orbe

Burdinari eta haren ustiaketari lotutako herria izan da Gallarta. Historia luzea izan arren, sustrai laburrak dituzte herria osatzen duten eraikinek lurrazalean. Izan ere, 1958an herria suntsitu, eta gaur egun dagoen lekuan eraiki zuten, hutsetik. Burdin mea zegoen 1958 aurretik Gallarta eraikita zegoen eremuaren azpian. Hura atera eta meatzeak ustiatzeko desagerrarazi zuten lehen Gallarta hura, eta berria sortu. Herriaren iraupena bermatuko zuen lehengaia ustiatzeko herria erauzi zuten orduan. Meatzeetara lotuta bakarrik uler daitekeen herriaren historia ezagutarazteko, Meatzaritzaren Museoa dute Gallartan.

Barrura sartu aurretik has daiteke bisitaria meatzaren mundua ezagutzen. “Museoaren kanpoaldean, makineria daukagu. Gauza asko daude ikusteko. Kantina bat zaharberritu dugu, eta hori ere erakusten dugu”. Kevin Young museoko gidak eman ditu azalpenak. Makineriaz gain, era askotako objektuak dituzte museoan; hala nola jantziak, postako langileek erabili ohi zituzten antzinako uniformeak, meatzeak zaintzen lan egiten zuten zinpeko zaintzaileenak eta suhiltzaileen objektuak.

Ikusgai daude zundaketak egiteko eta burdin mea erauzi, garraiatu eta tratatzeko erabiltzen zituzten piezak ere. Bisitariak sutegietako pieza asko aurkituko ditu; baita burdinaz egindako nekazaritza lanabesak ere.

Meatzea, interesgune

Dena den, interesik handiena meategiak sortzen du. “Askok pentsatzen dute meatze barruan sartzen garela, baina ezin da, arriskutsua delako”, esan du Youngek. Eskaintzen duten bisita gidatu orokorrean, bideotxo bat ikusi ondoren eramaten dituzte bisitariak aire zabaleko meategia ikustera. “Hain justu, zuloa dagoen lekuan zegoen Gallarta zaharra. 7.000 biztanle inguruko herri bat zen. Eta, 1958an, herria botatzea erabaki zuten. Herri osoa bota zuten, eta etxe guztiak mugitu, burdin mea zegoelako azpian”. Gaur egun, monumentu babestua da. “Herritarrek babestea nahi zuten”. 2011n lortu zuten, urteetan eskatu ostean.

Gallarta zahar hartan, Dolores Ibarruri Pasionaria ere sortu zen. Haren bizitzari eta historiari buruzko atal bat dute museoan. “Haren familiak emandako objektu pertsonalekin osatu dugu”. Youngen esanetan, bisita gidatu orokorraren ostean askok egiten dute osteratxoa Ibarruriri buruzko gelatik.

Meatzaritzaren Museoa bisitatzen dutenek bertatik bertara irudikatu dezakete zer-nolako baldintzetan bizi ziren garai hartan, eta zer-nolako lan baldintzak zituzten. “Bizi itxaropena oso laburra zen; istripu asko gertatzen ziren segurtasun neurriak ez zirelako betetzen, edo egon ere ez zeudelako”. Hain zuzen, meatzarientzako hiru ospitale egin zituzten, Enrique Areilza doktorearen zuzendaritzapean.

MEATZARITZAREN MUSEOA

Lan baldintzak

“Langileak barrakoietan bizi ziren. Bizi baldintzak oso txarrak ziren. Barrakoietan lo egiten zuten, baina ez zegoen ez komunik, ez sukalderik, ez dutxarik, ez ezer”. Youngek gehitu du barrakoietako bakoitzean 40 lagun bitarte batu zitezkeela.

Haurrek ere berehala utzi behar zioten ume izateari. “9 edo 10 urterekin hasten ziren lanean, meatzeetara erremintak, ura edo janaria eramaten. Emakumeek dinamita kartutxoak egiten zituzten, minerala garbitzen aritzen ziren, eta zirgarien lana ere aipagarria da”. Azkeneko horiek ontziak itsasadarrean gora mugitzen zituzten, zirga izeneko soka luze batetik tiraka. Museoak leiho bat zabaltzen du XIX. mendearen amaieratik gaur egun arteko bizimodua ezagutzeko.