Hollywood

Oscar saririk jaso ezin baduzu, afaldu hozkailuko Oscar Mayerrak”. “Goya saririk jaso ezin baduzu, joan Gasteizera eta eskuratu Vasquito eta Neskita kaxa bat”. Esaldiok eguneroko miseria txikiei aurre egiteko baliatzen ditut. Besterik ez bada, lagunarteko ateraldiak sustatzeko. Adarra jotzeko. Bai, txiste txarrak dira. Baina hainbeste albiste negatiboren aurrean errealitateari barre egiteko erabilgarriak zaizkit. Ez zoratzeko. Eta zin dagit funtzionatzen didatela. Aurtengo urte honetan, endemas. Hollywoodeko izarren pare egotea erabaki dut urte osoan zehar.

2021 honek, adibidez, Bruce Willis bat egiteko aukera eskaini dit. The Sixth Sense edo Seigarren zentzumena filmean legez. Bikote harreman batean sartuta nenbilelakoan nengoen. Baina ez. Pelikularen amaierara ailegatzerakoan konturatu nintzen bakarrik nengoela filma hasi zenetik. Bridget Jonesekin ere izan ditut antzekotasunak. Txarto ez banabil, urte honetan zehar lau praka apurtu ditut. Guztiak hanka furgonetara igo ahal izateko altxatu behar izan dudanean. Gerribuelta zaintzea komeni zaidala eta, Jonesen egunerokoari egin diot kasu: kirola berreskuratu dut.

Maskara kaletik noala ipintzerakoan ez zait aurpegia Jim Carreyri bezala berdatu. Baina bai sentitu naizela haren zorakeriaren pareko. Orain maskara kendu, orain ipini. Orain antigenoa sudurrean, orain hidrogela esku artean. Buruko ile apurrak aitzurrarekin kendu izan ditudanean odol jario etenbakoak sortu ditut. Texasko triskantza bera, komuneko konketan. Eta etxean autokonfinatutako orduetan Macaulay Culkin legez egon naiz, gurasoak nola ote dauden pentsatuta, Etxean Bakarrik. Tragikomedia horri guztiari aroma erromantiko bat ipini diona Brokeback Mountain partikularra izan da. (Spoilerrerako pista: baietz, Biarritz Olympique errugbi taldearen sponsor nagusiak funtzionatzen duela!).

2021 hau zarratu aurreko egunak, bestalde, Eguberri aurreko amesgaiztoa bezalakoak dira. Hor ari naiz, birusari iskin egin eta Elena Iruretaren edo Ramon Agirreren ondoan ez bukatzeko ahaleginetan. Aupa Etxebeste filmean amaitzea ekidin guran.

Zeremonia edo gala bukaerara ailegatzen ari da. And the winner is… norbera. Jende arrunta. Auzokoa, norbera, albokoa. Kezka ekonomikoekin bizi dena. Emozionalki kolpatua dagoena. Platerekoa amaitutakoan, ogi txatal bat hartu eta hondarrak bustitzen dituena. Beharbada, gure bizimodu arrunt eta gizarajo hauek ez dute Oscar saririk jasoko, baina duintasunez betetako ibilerak ditugu auzoko etorbidean; Walk of fame delakoan bezala. Ondo baitio esaera zahar berriak: “Urte gogorrari, hagin zorrotza”.