Handienak txiki eta txikiak handi ibili dira

Handienak txiki eta txikiak handi ibili dira

Ibai Maruri Bilbao

[URTEKARIA, 2021] Azken aldiz 1984an jaitsi zen gabarra Bilboko itsasadarrean behera. Askok aurten berriro halakorik gerta zitekeela amestu dute. Urtarrilaren 17an, Espainiako Superkopa irabazi zuen Athleticen gizonezkoen taldeak. Marcelino Garcia Toral entrenatzaile lanetan hasi berria zen. Jokalariek itxura ona eman zuten Bartzelonaren aurka. Behin lortuta, zergatik ez errepikatu? Apirilaren 17an Espainiako Kopako finala jokatuko zuen, berriro kataluniarren kontra. Baina, bigarrenean, kale egin zuten bizkaitarrek.

Sevillako (Andaluzia, Espainia) Cartuja futbol zelaian neurtu zituzten indarrak. Bartzelonak argi erakutsi zuen indartsuena zela. Lehen zatian ere haiek izan ziren nagusi —baloia ia etengabe haiek eduki zuten—, baina Unai Simonek ez zien golik sartzen utzi. Bigarren partean, ordea, Antoine Griezmanek zulatu zuen lehenengoz atea, eta beste hiru gol ere sartu zizkioten Simoni.

Aurretik, apirilaren 3an, iazko Kopako finala ere jokatu behar izan zuen Athleticek, Realaren aurka. Derbi giro itzela zegoen. Baina, izurria goraldi betean, ateak itxita jokatu zen, eta zaleek etxean ikusi zuten. Orduko hartan parekatuago egon ziren indarrak. 63. minutuan Mikel Oiartzabalek penaltiz sartutako golari esker irabazi egin zuen Realak.

Euskal Herria Kopa Athleticeko emakumeek ekarri zuten Bilbora, Alavesen aurka abuztuan jokatutako partidutik. Zuri-gorriak ziren faboritoak, gasteiztarrak iaz igo ziren-eta Espainiako gorengo mailara. Aurretik ibili zen Alaves lehen zatian, baina, bigarrenean, berdintzea lortu zuen Athleticek. Amaitzeko hamar minutu falta zirela, garaipenaren gola sartu zuen Ane Azkonak.

Denboraldi eskasa izan zuen aurrekoa Iraia Iturregiren taldeak. Lehen aldiz Espainiako Kopako lehiatik kanpo geratu da Athletic aurten. Izan ere, birmoldatu egin dute lehiaketa, eta ligako lehen itzulia lehen zortzi postuetan amaitu dutenak lehiatzen dira Kopa berrituan.

Urte gazi-gozoa, beraz, Athleticentzat, oro har, baita Aitor Elizegi presidentearentzat ere. Urrian, biltzar nagusia egin zuen klubak, aurtengo kontuak berretsi eta datorren urterako aurrekontua onartzeko. 120 euroko COVID bazkide saria eskatu zieten bazkideei, eta ezetz erantzun zuen gehiengoak. Eskatutako ekarpena apalduta, berriz bozkatu ziren aurrekontuak azaroan; orduan bazkideen babesa jaso zuen Elizegik. Iragarri du ez dela aurkeztuko datorren urteko bozetara.

Bizkaiko futbolzaleen ilusioa berpiztu duen taldea Amorebieta izan da aurten. Espainiako Bigarren A Mailan jokatzen ari dira egun. Horra igotzeko faboritoa zen Badajoz garaitu, eta Zornotzako urdinak zilarrezko bihurtu ziren maiatzean. Jaisteko postuetan daude orain. Urritxe txikiegia delakoan, Lezaman jokatzen dituzte etxeko partidak: salbuespena, Kopako partida. Athletic B ere lehian ibili zen, baina ez zuten igotzerik lortu.

Saskiak gorabehera

Surne Bilbo Basketentzat ez da urte erraza izan, berriro amildegi ertzean ibili da eta. 2020-2021 denboraldiko azken partidan lortu zuen mailaz ez jaistea bermatu zion garaipena. Maiatzaren 23an jokatu zen salbatu zituen partida, Juventusen aurka. Bilbotarrek aldaketa sakonekin hasi dute denboraldia. Baina, hala ere, ez dabiltza oso fin. Jaisteko postuetatik gertuegi daude. Taldean egindako azken aldaketekin, hurrengo jardunaldietan gorako bideari heldu nahi diote.

Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalariek berriz ere ondo jokatu zuten Eurokopan joan den denboraldian. Final-zortzirenetan Sepsi Errumaniako taldeak kanporatu zituen lehiatik. Partida ziragarria jokatu zuten martxoaren 16an, eta luzapenean erabaki zen garailea: 73-76 bukatu zuten. Espainiako Ligan ere historia egin zuten: finalerdietara iritsi ziren. Horrez gainera, Euskal Kopa irabazi dute, Espainiako Superkopan txapeldunorde izan dira, eta Espainiako Kopan laugarren egin zuten. Egun hauetan ari dira Eurokopako lehen kanporaketan lehiatzen, Mersin Turkiako taldearekin.

Historian arrastoa utzi duen beste saskibaloi kluba Bilboko Bidaideak gurpil aulkiko taldea izan da, estreinakoz Espainiako Liga irabazita. 2020-2021 denboraldia entrenatzaile berriarekin hasi zuten: Adrian Yanez hautatu zuten gidari, nahiz eta gurpil aulkiko saskibaloian esperientziarik ez zuen. Hura etortzearekin taldeak nabarmen egin zuen gora. Jokalekuko lorpenengatik ez ezik, talde moduan izandako jokabideagatik ere izan da albiste aurten Bidaideak: abuztuan, Afganistandik ihes egitea lortu zuen Nilofar Bayat jokalaria hartu zuten eurenean.

Santurtziko Itsasoko Arraun Taldeak ez du erraz ahaztuko joan den uda. 2017an iritsi zen Iker Zabala entrenatzailea Sotera-ko arraunlariak gidatzera, hondoa jota zegoen arraun talde historikoa azaleratzeko helburuarekin. Eta lortu du; aurten sekulako denboraldia egin dute: Eusko Label Liga eta Kontxako Bandera eskuratu dituzte. Balentria lortuta, Zabala Urdaibaira itzuli da.