Eskerrik asko

Urteaz kexuka ari ginela, alde egin digu 2021ak. 2020a baino hobea gura genuen aurtengoa, ez dakit lortu duzuen, hala espero dut. Euri zaparraden umela gainetik kendu ezinda gabiltza, ailegatu ez den neguaz akordatzen gara. Egunak laburtu ahala, lanbrotu egiten zaizkigu udan eguzki epeletan egindako barreak.

Urtearen hamabigarren hilabetera heldu gara batzuk; eta beste batzuk urtearen azken hilabetean agertu gara, urtarriletik teletransportatuta bezala. Azkar joan da urtea, baina kostatu zaio. Kontraesana dirudi, eta bada. Halakoxea izan da aurtengoa.

Gurariak eta nagiak; uholdeak eta lehorreko baleak; eutanasia eta bizitzaren sasia; Labi eta Labilari; biolentzia eta heteropatriarkatuaren esentzia; ametsak eta ezetzak; Osakidetza eta artaziaren ertza; argiaren prezioa eta patronalaren presioa; metroa gainezka eta koronabirusaren kezka; txertaketak eta farmazeutiken lasterketak; beldurra eta normaltasun urruna; etxegabetzeak eta jende bako etxeak; Puppyren crowdfunding-a eta tripako mina; bertako langileen greba eta gizatasunaren galera; errefuxiatuak eta errefusatuak; Miren Agur Meaberen saria eta ez dadila eten haria; hildako senideak eta gelditzen direnen bideak; loteria eta gutxi batzuen loria; heterosexualitatea eta desioaren kasualitatea; Durangoko Azoka eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, ozta-ozta.

Klima aldaketa eta aldatzeko dugun beta; desberdinari barre eta normari gorazarre; jairik ez herrietan eta politikariak errietan; edukieren kontrola eta etorkizuna ez ikusteko bola; AP-8ko ilarak eta lasai bizitzeko trabak; Primarken irekiera eta aurrera goazelakoan atzera; euskararen alde eta euskaraz ezin ikasi debalde; gasolina gora eta hegazkinean edonora; pentsio duinen aldeko borroka eta gardentasunaren porrota; futbola eta gure atean gola; autokarabanak eta norabait iristeko afanak; umeak ekarri eta helduentzako mundu bat ezarri; zalantzak eta egin bakoen arantzak; planak eta denboren zamak; Bizkaibuseko bidaiak eta asfaltozko paisaiak. Gabonetako argiak eta familiaren hariak. Sare sozialak eta existitzeko eginahalak; lagunarteko algarak eta aldatu bako izarak; ezin ikusiak eta luiziak.

Luze jarrai nezakeen, baina ez nuke nahi nire azken zutabe hau errimatzen saiatzen ahitu. Duela urte bi pasatxo ekin nion hemen idazteari; eta 2021arekin batera nik ere alde egingo dut. Orduan ez nekien mundu mailako osasun eta ekonomia krisialdi baten atarian geundenik.

Ez nekien zer idatziko nuen. Ez nekien nori idatziko nion. Ez nekien zenbat ziren 3.000 karaktere iritzi. Ez nekien nork irakurriko zituen nik hemen idatziak. Ez nekien nire iritziekiko zein iritzi izango zenuten. Ez nekien zenbat zalantza nituen. Ez nekien sufritu beste gozatuko nuenik. Ez nekien badirela ertz bigunak eta kide abegikorrak dituzten zutabeak ere.

Eta orain, dakidanarekin eskerrak eman nahi dizkizuet. Eskerrik asko hemen lekua egin didazuenoi. Eskerrik asko nire testuak gainbegiratu dituenari. Eskerrik asko bihotzez irakurleotako bakoitzari.