“Soldatak dauden bezala uztea da patronalaren proposamena”

“Soldatak dauden bezala uztea da patronalaren proposamena”

Ibai Maruri Bilbao

Duela urte eta erdi osatu zuten adinekoen Bizkaiko itunpeko zentroetako lan itun berria adosteko negoziazio mahaia. “Ordutik hamar aldiz bildu gara, eta patronalaren jarrera zera izan da beti: langileen lan baldintzak dauden bezala uztea, eta, kasu batzuetan, okertzea”, dio ELA sindikatuko Ezkerraldeko Arlo Soziosanitarioko arduradun Irune Cerezok (Ortuella, 1987). Martitzenerako greba deialdia egin du sindikatuak, patronalari eta Bizkaiko Aldundiari eredua benetan aldatu dezatela eskatzeko.

Zer eskaini dizue patronalak?

Negoziazio mahaia osatu genuenean, gure plataforma aurkeztu genuen, eta patronalak erantzun zigun ezin diela erantzun, baina ez zigun proposamen alternatiborik aurkeztu. Haien proposamena da soldatak eta bestelako baldintzak dauden bezala uztea. Lehen bileretan, esaten ziguten itxaron egin behar zutela diputazioak itun berrian zer baldintza jarriko zituen jakin arte. Abuztuan jakin genituen baldintzak, eta, orain, esaten digute ez direla nahikoa. Diputazioak 255 milioi ipiniko ditu 2021-2023 epean, arreta eredua aldatzea bultzatzeko. Hau da, diputazioak gehiago ordainduko du itundutako plaza bakoitzagatik, baina patronalek esaten digute ez dutela dirurik soldata igoera negoziatzeko.

Zein dira ituna onartzeko ELAk eskatzen dituen gutxienekoak?

Hainbat aldarrikapen ditugu. Besteak beste, GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko egoitzetako langileek dituzten soldatak eskatu ditugu; hau da, diputazioaren egoitza publikoekin parekatzea. Langileak lehen egunetik ordezkatzea ere nahi dugu; langile guztiek lanaldi osoa izatea, ez bada berak eskatu duela murrizketa; langileen %95ek kontratu finko eta mugagabea izatea; baita asteburuetan gutxienez 48 orduz etengabeko atsedenaldia bermatzea ere. Eta beste hainbat eskaera.

2017ko greban egiten zenuten aldarrikapen nagusietakoa ratioen ingurukoa zen. Orain zer eskatzen duzue?

Eztabaida publikora atera genuen aldarrikapen bat izan zen, baina, berez, hori aldatzeko gaitasuna ez da patronalarena; lan itunetik kanpo dago. Ratioak diputazioak ezartzen ditu. Diputazioak zehazten du zer zaintza jaso behar duten adinekoek. Grebaren ondoren ere kanpaina indartsua egin genuen horri lotuta, Zaindu nazazu gutxienez bi orduz lelopean. Azterketa bat egin, eta ikusi genuen ehun egoiliar dituen egoitza batean batez beste pertsona bakoitzari egunean ordubete baino gutxiago eskaintzen diotela. Horregatik, lantaldeak bikoizteko eskatzen diogu diputazioari. Eta, horregatik, lan itun berriaren negoziazioan, garrantzitsua da gaixoaldiak lehen egunetik ordezkatzeko aldarrikapena: ratioa txikia bada, bihar zaintzaile bi faltako badira eta horiek ordezkatu gabe ere ratioa betetzen bada, ez dute inor hartuko, baina langileak faltako dira zaintza egokia emateko.

Greba luzea eta gogorra izan zen hura. Langileak prest daude halako beste borrokaldi baterako?

Langileek ederto erakutsi dute gai direla egin behar dena egiteko euren lan baldintzak hobetu eta egoiliarrek jasotzen duten arretaren kalitatea hobetzeko. Abenduaren 14ko greba deialdia langileek eurek egin dute, asanbladan.

Egun dituzuen aldarrikapenak ikusita, 2017ko akordio hartan gutxiegi lortu zenuten?

Lorpen historikoa izan zen hura. Besteak beste, urtean 1.592 ordu lan egitea lortu genuen. Orduan zorotzat hartu gintuzten hori eskatzeagatik, baina urtarrilean indarrean sartuko da neurria. Orduan hobekuntza garrantzitsuak lortu genituen, baina asko falta zaigu lortzeko. Kontua da orduan abiapuntua negargarria zela: sektorea oso gaizki zegoen. ELAren azken aldarrikapena da egoitza guztiak publikoak izatea, eta helburu hori lortzeko bidean asko dago hobetzeko.

Zahar etxeak publikoak izateko, egungo eredua goitik behera aldatu behar da. Diputazioa hasita dago eredua aldatzen, baina ez doa bide horretan. Zer iruditzen zaizkizue Gizarte Ekintza Sailaren asmoak?

Arkitektura aldatu nahi dute, baina guk eraikin berria nahi dugu. Haien helburua ez da langile gehiago izatea. Bizikidetza unitate txikiagoak sortzeak ez ditu konponduko adinekoen egoitzetako arreta arazoak. Egoitzak dirua irabaztea helburu duten enpresen esku dauden bitartean, lehentasuna ez da izango adinekoen zaintza bermatzea. Hori aldatu behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da egoitzak publiko bihurtzea eta diputazioa bera egitea haien kargu. Aldaketa horrek konponduko lituzke Bizkaiko egoitzetan dauden arazo guztiak.

Egoitzak publiko izango balira, ELAk ontzat joko al luke diputazioak proposatzen duen eredu berria, arreta pertsonalizatuagoa helburu duena?

Arreta pertsonalizatuaren aldeko aldaketa ondo ikusten dugu, bai. Egoitzak masifikatuta daude gaur egun. Baina aldaketa horretan sakoneko aldaketa bat egin ezean, alferrik izango da. Eredu berri horretan ez badut langile gehiago jartzen, eta helburua enpresek dirua irabaztea bada, ez da lortuko arreta hobetzea.

Pandemian zahar etxeetan egin den lana ere salatu duzue.

Sistemaren gabeziak agerian geratu dira. Norbera babesteko ekipamenduak erosi eta bestelako inbertsioak egin behar izan dira, baina enpresen kezka bakarra kontuen balantzea orekatzea izan da, dirua irabazten jarraitzeko. Egoiliar berri gutxiago sartu dira, eta enpresek hori aitzakia moduan erabili dute, langileak kaleratzeko. Beti salatu dugu langile gutxi dagoela. Egoiliar gutxiagorekin betiko langile kopurua uzten baduzu, hobeto zainduta egongo dira. Baina ez: kaleratu egin dituzte, negozioa egiteko.

Zer deritzozue diputazioaren kudeaketari?

Zerbitzua ikuskatzeko ardura du, baina eskasa da. Adibidez, Barakaldoko Aita Ama egoitzan esku hartu du ELAk aurretik salaketa mordoa jarri dituelako. Dirudienez, ikuskaritzak huts egiten du.