Kinielak egiteko garaia

Kinielak egiteko garaia

Olatz Enzunza Mallona

Iritsi da helmugara 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Berez, iaz zen egitekoa, baina, koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, urtebete atzeratu behar izan zuten. Lehen sailkapen saioak iazko udaberritik udazkenera atzeratu zituzten lehenik, eta orduan sailkatutako bertsolariek esperoan geratu behar izan zuten. Kontuak kontu, Durangon hasi zuen bidea berriro ere, urriaren 3an, eta Bilbon amaituko da datorren larunbatean, hilaren 18an. Miribillako Bilbo Arenan jokatuko da finala, eta zortzi bertsolari hauek igoko dira oholtza gainera: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Etxahun Lekue Etxebarria, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa. 17:00etan abiatuko da saioa, eta haietako bati jantziko diote txapela Moises Enbeitak eta Joseba Etxebarriak.

Urte osoko lanaren emaitza izango da datorren larunbateko finala, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsolari Txapelketako arduradunaren arabera: “Final desberdina izango da, kolorez eta berritasunez jantzia egongo dena”. Oholtza gainera igoko diren bertsolarien artean, bi lehen aldiz izango dira final batean: Pagonabarraga eta Etxebarriazarraga. Eta, aldi berean, finalisten artean badira txapela jantzi duten bi bertsolari ere: Enbeita egungo txapelduna, eta Lekue, berriz, 2016. urtekoa.

Belaunaldi berriak “indartsu” datozela nabarmendu du Narbaizak, eta gaztetasuna izango da, aurten ere, finalaren ezaugarrietako bat. “Aurreko txapelketan Bizkarra sartu zen; aurten, Pagonabarraga eta Etxebarriazarraga. Pena ematen du kanpoan geratzen diren horiengatik, baina gazteak horren indartsu datozela ikustea oso positiboa da”, dio txapelketaren arduradunak.

Txapela beterano bik jantziko diote lehenengoz txapeldunari: Moises Enbeitak eta Joseba Etxebarriak. Bertsolaritzaren munduan egindako ibilbideari omenaldia egin nahi diete horren bitartez. Izan ere, biak ala biak bertsogintzan ibilbide luzea egindakoak dira. Enbeita bertsolaria izateaz gainera, epaile lanetan hasi zen 2000ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Eta, horrez gainera, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako eta talde antolatzaileko kidea ere bada. Etxebarria, berriz, gai jartzailea izan da luzaroan, eta Larrabetzun, bere jaioterrian, bertso eskola sortu zuen.

Oro har, txapelketa, aurreikusi baino normaltasun handiagoarekin egin ahal izan dutela nabarmendu du Narbaizak, eta, alde horretatik, “pozik” daude: “Txapelketa, izatez, lehiaketa ere bada, eta bertan parte hartu duten bertsolari guztiei baldintza berak eskaini nahi izan dizkiegu; hortaz, oso balorazio positiboa egiten dugu, nahikoa txapelketa arrunt bat egitea lortu dugulako”.

Era berean, publikoaren erantzunari dagokionez, “zalantza eta kezka” izan zuten hasiera batean. “Sarrerak online erosi behar izan dira, baina hori ez da oztopo izan: saio beteak izan dira, eta oso eskertuta gaude publikoaren aldetik jaso dugun erantzunarekin”, azaldu du. Finaleko sarreren salmenta ere “erritmo onean” doala nabarmendu du, eta hilaren 18ko saioa noiz iritsiko esperoan daude: “Ea lortzen dugun txapelketa behar den bezala borobiltzea”.

Lanketa kontzientea eginez

Bihar zortziko finalarekin amaiera emango diote txapelketaren ibilbideari. Guztira, hamar saio izan dira, eta 44 bertsolari aritu dira kantuan. Lehen fasean sei kanporaketa saio izan ziren, eta finalaurrekoak, berriz, hiru izan dira. Fase horietan egon dira zain 2018ko zortzi finalistak: Onintza Enbeita txapelduna, Miren Amuriza, Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue, Xabat Galletebeitia, Eneko Abasolo Abarkas, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal. Eta hala erabaki dira abenduaren 18ko zortzi finalistak.

“Generoari dagokionez, oraindik ere lan handia dugu egiteko”, esan du Narbaizak. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zeharlerroetako bat da feminismoa, eta elkarteko kideak “lanketa kontziente bat” egiten ari direla azpimarratu du: “Gizarteko gainerako eremuetan bezala, egiturazkoak diren aldagai asko daude bertsolaritzan eragina dutenak, baina egoera aldatzeko lanketa ugari egiten ari gara, egon daitezkeen arrakalak gainditzeko”. Bertsolari kopuruaz gainera, arlo guztietan landu nahi dute genero arrakala. Hala ere, urterik urtera, gizon eta emakume kopurua berdintzen dabilela azpimarratu du Narbaizak.

Bide horretan, bertso eskolek egiten duten lana ere nabarmendu nahi izan du: “Bertso eskolen inguruan dabilen jendeak sekulako lana egiten du transmisio kate horretan”. Egun, Bizkaiko ikastetxe guztietan lantzen dute bertsolaritza, eta, hein handi batean, horri esker dago horren osasuntsu mundu hori. “Dena ez da txapelketa, eta egunerokotasunean bertsolaritza osasuntsu mantentzea ere funtsezkoa da”, adierazi du Narbaizak.

Osasun neurriei adi

Finaleko sarrerak salgai daude dagoeneko Bertsosarrerak.eus atarian, finaleko egunera bitarte. Pilaketak saiheste aldera, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak garaiz joateko deia egin die bertsozaleei. Era berean, elkarteak eskatu du osasun neurriak behar bezala errespetatzeko: “Orain arte jendeak ondo errespetatu ditu arauak, eta finalean ere hala izatea espero dugu”. Besteak beste, txapelketako arduradunak jakinarazi duenez, musukoa une oro jantzita eduki beharko da, ezingo da ez jan ez edan saioak irauten duen bitartean, eta ahalik eta mugimendu gutxiena egiteko gomendioa luzatu dute. Aldi berean, antolakuntzako kideei ere jaramon egiteko eskatu dute.

Osasun egoeraren bilakaeraren ondorioz, Narbaizak azpimarratu du ez dakitela Bilboko finala iritsi aurretik beste moldaketaren bat egin beharko ote duten ala ez, baina ziurtatu du ezartzen dituzten neurri guztiak zehatz beteko dituztela, orain arte bezala. “Aldaketarik egon ezean, garaiz iragarriko dugu”, gaineratu du txapelketako arduradunak.