‘Tema alegriek’

Abuztu hasieran Abadiñoko Gerediaga auzoko jaiak izaten dira, eta hutsik egin barik antolatzen dute urtero egitarau zabal eta eder askoa. Bertso saioari lekua egiten diote beti beraien eskaintzan, eta jendetza biltzen da ermita inguruan. Aurten ere aukera izan dut bertako saioan gaiak jartzen aritzeko, eta, saio ostekoez gauza asko esan daitekeen arren, saio aurreko zerbait gelditu zitzaidan iltzatuta. Askotariko kultur ekitaldietarako joaten den Berrizko andre talde bat ikusi nuen bertan; sasoiz zetozela esan zidaten, leku ona hartu gura zutela. Esan zidaten bezperan musika emanaldi batean egon zirela bertan, eta atzetik ez zela beraiek nahi beste ondo ikusten. Horregatik joan ziren goizetik abuztuaren 7 hartan. Gure arteko elkarrizketa amaitzen ari zela, euretako batek besotik heldu eta halaxe esan zidan: “Tema alegriek ipini!”.

Baietz erantzun nion, egingo nuela ahalegina. Nik etxetik prest eta koadernoan gordeta neramatzan gaiak errepasatu nituen buru buelta batean. Gai batzuk alaiak zirela pentsatu nuen, baina alaiak ez zirenak ez nekien zer ziren. Gai tristeak ziren? Serioak? Zerk desberdintzen du serioa tristetik? Zelakoa da gai triste bat? Eta, bat-batean, buruaren ertz batean eztanda txiki bat sentitu nuen. Gai alaiak nahikoa alaiak ote dira? Barre eragiten duena da alaia edo atsekabetik eragiten ez duena? Barre tripetatik edo aurpegiarekin? Galderen zurrunbilo hori ezaguna zitzaidan, eta aurrez nirekin nituen zalantzak jarri zizkidan dantzan berriz.

Nahaste hori guztia gorabehera, banekien zer esan gura zidan. Ulertu nuen bere beharra; konektatu nuen bere nahiarekin. Badira pare bat urte tristuragatik negarra eragin diezadakeen filmik ikusten ez dudana. Txarto amaitu ziren benetako gertaeretan oinarritutako antzerki obrak ikustera joateari uko egiten diot azken denboraldian. Ez dut alferrik sufritu nahi. Inoiz ez da guztiz alferrik, baina saihestu dezakedan sufrimenduari muzin egiten ahalegintzen naiz. Ni ere Gerediagara sasoiz heldu zen emakumearen puntu berean nagoela uste dut. Beteta nago albistegietako beldurrez eta iluntasunez. Kokoteraino nago black friday albiste on bat dela sinetsarazi nahi digutenez. Gogaituta nago etenpuntu bihurtu dituzten puntu more estatikoez. Ezin dut irentsi euskararen kontra egoteko modu aktibo zein pasiboa. Nazkatuta nago jendartea beldurtu eta guztion ongizatearen aldeko neurririk hartzen ez duten politikariekin.

Barruko beltzak gainezka egin ez dezan eskuarekin barrurantz egiten diot batzuetan; bestetan, saka egitea nahikoa ez denetan, neurriz kanpoko haserrealdi bat izaten dut nonbait, norbaitekin. Baina bada are hobea den irtenbidea: disimulurik eta lotsarik gabe barre egitea. Umorearekin ezingo dira arazo asko konpondu, baina minutu batzuez zirenik ere ahaztu egiten duzu. Taldean barre egitea lako gauza ederrik gutxi dago. Dena ez da algara eta umorea izango beti, baina zinez eskertzen dira tema alegreak dakartzan jendea; bizitzaren beltzari aurpegira barre egin eta eginarazten duen jendea.