“Pandemiak loa galarazi dit niri ere”

Basarasek esan du txertoak "oso onak" izan arren, transmisioa eteteko neurriak ezinbestekoak direla. Uste du askatasunaren izenean txertoari uko egiten diotenak "berekoiak" direla.

Ibai Maruri Bilbao

Biologoen Elkargo Ofizialen Espainiako Kontseilu Nagusiak eta Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziak COVID-19aren pandemian egiten ari den lana aitortu dio Miren Basaras (Bilbo, 1968) EHU Euskal Herriko Unibertsitateko mikrobiologoari. Joan den barikuan jaso zuen aitortza, Madrilen.

“Diziplina anitzeko lankidetzaren bidez, osasungintzan egin diren aurrerapenengatik” jaso duzu aitortza. Zertan ibili zara eta zabiltza pandemia garai honetan lanean?

[EHU Euskal Herriko] Unibertsitateak COVID arduraduna izendatu ninduen. Nire egitekoa izan da agertzen diren kasu positiboak aztertu, ikusi zein ikastetxetan agertzen diren, agerraldirik dagoen; hau da, kudeatzea pixka bat hori. Baita harremanetan jarri ere Osakidetzako zaintza epidemiologikoarekin, neurri bereziren bat hartu behar den kasu asko agertzen badira, eta abar. Hori izan da lan printzipala. Horrez gainera, protokoloak ezarri EHUren ikastetxeetan kasu positiboen gorakada kontrolatzeko. Beste egiteko bat izan da dibulgazioa: COVID-19ari lotutako hainbat gai ahal den neurrian dibulgatzea, gizarteak errazago ulertzeko.

Gaur egun, zein da EHUn duzuen egoera epidemiologikoa?

Gizartean ikusten duguna gertatzen da unibertsitatean ere. Gizartean kasuak jaisten direnean, unibertsitatean ere bai; eta alderantziz. Azken finean, unibertsitatea gizartearen parte da. Egoera, oro har, ona da, baina gizartean ikusten moduan, kasuen gorakada txiki bat dugu. Klaseak modu presentzialean eman daitezke. Ez dugu ahaztu behar pandemia hasieran denok etxean geundela eta klaseak online ematen zirela. Ikasturte honetan aurrerakada handia egin dugu, eta modu presentzialean ematen dira orain, neurri guztiak beteta.

Txertoei esker, etortzear dauden Gabonak askoz lasaiago igaroko genituela uste genuen, eta, oro har, lasaitu gara, baina badirudi ez dela hala izango. Mezu baikorregiak jaso ditugu?

Egia da txertoari esker hobeto gaudela; hori ezin da ukatu. Hildakoen kopurua eta ospitaleetako presioa ez da aurreko uhin epidemikoetan geneukana, eta hori txertoari esker da. Txerto hauek egiten dutena da kasu larriak gutxitzea; hori da beraien helburua eta horretarako diseinatu ziren. Baina txerto hauek ez dute transmisioa eteten. Horretarako, beste neurri batzuk hartu behar dira: maskararen erabilera, aireztapena, distantzia… Barneratu dugun mezua da txertoekin dena konponduta dagoela, baina hori ez da egia. Neurri batean, bai, baina transmisioaren arazoa ez dute konpontzen. Alde horretatik badirudi lasaitu egin garela. Baina badakigu birusaren transmisioa altua denean ospitaleratze tasa ere handitzen joango dela. Izan ere, txertoak ez dira %100 eraginkorrak, oso onak diren arren. Nahiz eta txikia izan, beti egongo da ospitaleratzeko eta kasu larriak izateko arriskua. Barneratu behar duguna da pandemian gaudela oraindik, eta ezin dela kudeatu bakarrik Bizkaian edo Europan… Mundu osoko arazoa da. Are gehiago agertu diren aldaera berriekin. Pandemia ez badugu mundu osoan kontrolatzen, ezer gutxi egiten ari gara.

Omikron kezkagarria da?

Kezkatzekoa da, ez dakigulako zein izango den bere portaera. Aldaera berri bat sortzea kezkagarria da, baina orain aztertu behar da zein mailatakoa den: kutsakorragoa den, kaltegarriagoa den… Kezkatzen du birusak aldaera berriak sortzeko duen gaitasunak, baina hori da birusen biologian dagoen ezaugarri bat. Hori gertatzen da transmisioa handia delako. Beraz, lortu behar duguna da transmisio hori txikitzea. Horretarako, txertoak garrantzitsuak dira. Gure inguruan txertatze maila handia da, baina beste herrialde batzuetan oso txikia da. Horiei lagundu behar diegu.

Txertatzea hasi zenetik ohartarazi izan duzue txertoak iristen ez diren herrialdeetan aldaera arriskutsuak sor daitezkeela.

Transmisioa handia den lekuetan birusak eboluzionatzen jarraituko du, aldaera berriak sortuz. Hegoafrikan ikusi dute hori gertatu dela, eta, alde batetik, hori zoriondu egin behar da, ikusi egin dutelako. Hegoafrikan, zorionez, badute zaintza epidemiologiko indartsu bat: sekuentziazioak egiten dituzte, aldaerak bilatzeko. Beste herrialde batzuetan hori ez dugu egiten. Beraz, munduan egon daitezke ezagutzen ez ditugun beste aldaera batzuk.

Durangoko Azoka, santomasetakoa, Gabonetako erosketak, enpresa afariak eta familia otorduak… Kezkatzen zaituzte?

Kezkatzen naute, ikusten dudalako batzuk barneratu duten mezua dela normaltasun egoera batean gaudela, eta hori ez da egia. Birusa gure artean dago; oraingo honetan, modu eroso batean. Gero eta kasu gehiago ikusten ari gara ospitaleetan, eta baita ZIUetan. Zenbat eta ohe gehiago okupatuta egon, bereziki ZIUetan, ospitaleko presioa handitu egiten da. Eta ez bakarrik ospitale mailan; baita lehen mailako arretan ere. Horrek egiten duena da beste gaixo batzuk ez ailegatzea ospitaleetara, edo kirurgiak etetea garai batean bezala, minbiziak ondo ez kontrolatzea… Ardura hartu behar dugu denok; guk gizarte moduan, baina baita agintariek ere, neurriak hartuta.

Zientzialariek aspalditik ohartarazi zenuten pandemia gerta zitekeela; beraz, nolabait prest zeundeten zetorrenerako. Hala ere, maila pertsonalean beste edozeini bezala eragingo zizuen, ezta?

Guretzat ere gogorra izan da. Egunero pandemiaren bilakaera jarraitzeak kezka sortzen dit, eta, noski, niri ere, guztioi bezala, loa galarazi dit eta galarazten dit oraindik. Halere, espero dut ikasi izana etorkizunean etorriko diren pandemietarako prest egon behar garela. Pandemia gehiago etorriko dira, eta inbertsio handiak egin behar dira osasun baliabideetan, ikerketan eta zientzian.

Zuk eta beste hainbat ikertzailek eta dibulgatzailek lan itzela egin duzue txertoaren ingurukoak azaltzeko. Ulertzen duzu zergatik oraindik jendea txertoen aurka dagoen?

Ez dut ulertzen, ez. Ulertzen dut pertsona batzuek esatea beldurra dutela. Beldurra pertsonala da, eta bakoitzak beldurra izan diezaioke gauza bati. Ulertzen ez dudana da txerto hauek onak, seguruak eta eraginkorrak direla ukatzen duen jendea. Zientifikoki guztiz frogatuta dago hala dela. Milioika pertsona txertatuta daude munduan, eta ikusi da seguruak direla. Ez ditut ulertzen txertoari uko egiten diotenak ere askatasun pertsonalaren izenean. Askatasun indibiduala oso garrantzitsua da, baina gizarte osoaren osasun arazo bat kolektibo moduan ikusi behar dugu, eta lehentasuna kolektiboaren askatasunari eman behar zaio. Uste dut askatasun indibidual hori aldarrikatzen dutenak oso berekoiak direla.

Euskal Herriko hedabideetan pertsona berak ibili zarete euskaraz eta gaztelaniaz dibulgatzen, bi hizkuntzak maila berean ipiniz. Zelan dago euskara zientzian?

Euskaraz daukagun oztopo nagusia da ez garela gaztelaniaz beste pertsona. Gaztelaniaz dagoen pertsona kopurua handiagoa da, bi hizkuntzetan egin ahal dugunona baino. Baina nik ikusi dut pandemian eta pandemiatik aparte, hainbat pertsona gaudela bi hizkuntzetan hitz egin dezakegunak arazorik gabe. Era berean, ikusten dudana da euskarazko hedabideak indar handia egiten ari direla zientzia dibulgatzen. Espero dut pandemia pasatutakoan ere maila horri eutsiko diozuela.

Izurria dela eta, gaur egun gehienok badakigu zer diren PCR probak, baina zu ikerketa lanean hasi aurretxoan sortu zen teknika da. Aldaketa handia ekarri zuten?

Bultzada handia izan zen hainbat esparrutan. Nik Mikrobiologia arlotik hitz egin dezaket, eta, gure arloan, birusak, bakterioak eta abar detektatzeko bultzada handia izan zen. Teknika oso arina zen. Handik hona asko eboluzionatu du. Garai batean, PCR horiek egun bat behar zuten emaitza ikusteko; gaur egun, ordu gutxirekin nahikoa da, baita bakar batekin ere. Pandemia honetan, birusen diagnostiko horrek izan duen bultzada izugarria izan da. Diagnostikoan asko eboluzionatu da; zorionez, baita beste esparru batzuetan ere. Gehiago eboluzionatuko da, zientziak ahalmen hori duelako, gauzak poliki-poliki berritzeko eta hobetzeko.

Mikrobiologia da zure arloa. Zergatik aukeratu zenuen?

Nire ikasketetan gustukoa nuen irakasgaia zelako. Mikroorganismoak erakarri ninduten; hau da, ikusezinak diren izaki txiki horiek mikroskopioz ikusi ahal izateak liluratu ninduen, eta horretan hasi nintzen lanean. Mikrobiologia arloan nik asko egin dut lan birusekin; baita bakterioekin ere, baina bereziki birusekin, dituzten ezaugarri bereziekin. Liluratu ninduena izan zen munduan badaudela beste izaki txiki batzuk, batzuetan gu baino azkarragoak direnak. Hori argi ikusten ari gara pandemia honetan: mundu osoa hankaz gora jartzeko gai izan da ikusezina den birus bat.

Pandemia iritsi aurretik, zer ikertzen ibili zara?

Nire ikerketa ibilbidea C hepatitisarekin hasi nuen. 1989an aurkitu berri zegoen. Zer arazo ematen dituen, zer aldaketa sortzen dituen, nola trata daitekeen eta abar ikertzen ibili nintzen. Garai batean, ez zuen tratamendurik; gaur egun, badu, eta eraginkorra da. Horrez gain, papiloma birusarekin ere egin dut lan; umetokiko minbiziak eragiten dituena da. Aztertzen nabil zergatik pertsona batzuetan birus honen genotipoak sortzen dituen umetotiko minbizia, eta beste pertsona batzuetan ez. Txertoek duten garrantzia ere aztertzen nabil; esate baterako, gripearena. Txerto horietan zer aldaketa egin daitezkeen, eraginkorragoak bihurtzeko.

Zer aurkikuntzaren parte izan nahiko zenuke?

Zientzialari bati beti interesatzen zaio dituen galderei erantzunak ematea. Zientzian lan batekin ari garenean, beti galderak botatzen ditugu. Batzuetan, erantzuna ez dugu oso-osoan lortuko, eta, beste batzuetan, zati txiki bat aurkitzen dugu. Nahiz eta zati txiki bat aurkitu, nahikoa da aurrera egiteko. Gauza bitxi bat aurkitzea beti zoriontzekoa da, baina aurkitutakoa txikia denean ere polita da.

Birus batek eragindako pandemian bizi gara, baina bakterioak ere ez dira bazterrean utzi behar. Igaro berri da antibiotikoen neurrizko erabileraz kontzientzia sortzeko eguna, eta ikara eragiten duten berriak zabaldu dira; esaterako, erabilgarri ditugun antibiotikoek espero baino askoz lehenago galduko dutela erabilgarritasuna. Badago konponbiderik?

Asko kezkatzen nauen beste gauzetako bat da. Ikusten ari gara bakterio batzuen kontra ditugun antibiotikoak eraginkortasuna galtzen ari direla; bakterio horiek gai dira aldaketak garatu eta erresistente bihurtzeko. Arazo handia dugu hainbat bakterioren kontra. Bakterio horiek agertzen dira hainbat gaixotasun ditugunean; adibidez, pneumonia dugunean. Baita ebakuntza bat egiten digutenean ere, eta zauriak infektatzen direnean… Bakterio horiek tratatzeko arazoak ditugu dagoeneko, eta etorkizunean askoz handiagoa izango da. Alde batetik, lan egin behar da antibiotikoen erabilera kontrolatzen. Ez bakarrik gizakian; baita animalietan ere. Ulertu behar dugu arazo hau guztia osasun bakar terminoaren barnean; hau da, gizakiaren, animalien eta ingurumenaren osasunean. Botikak ezin ditugu edonon bota. Beste alde batetik, ahalegin handia egin behar da antibiotiko berriak biltzen. Horretarako, asko inbertitu behar da.