Konponbidea, “berriz benetako banku publiko” bihurtzea

I. Maruri Bilbao

Kutxabank Publikoa plataformak sustatuta, mozioak aurkeztu dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletan eta hiru Batzar Nagusietan, Kutxabankek bulegoak ixteari eta kutxa automatikoak kentzeari utz diezaion. Bizkaiko Batzar Nagusietan, joan den ekainean bozkatu, eta ez zuten onartu: EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak baino ez zuten babestu. Plataformak uste du konponbiderik jarri ezean gogortuko egingo dela joera hori. “Estrategia baten ondorio da”, ohartarazi du plataformako kide Jon Basabek.

Arazoaren oinarria duela hamarkada bat ikusi du: BBK, Vital eta Kutxak bat egin eta Kutxabank sortu zutenean. “Banku bihurtzean, akzioak saldu behar zituzten. Hori saihesteko, funts bat izatea eskatu zieten. EAJk eta PPk adostu zuten Kutxabanki eta antzeko egoeran zeuden beste batzuei epe bat ematea funts hori osatzeko eta haiek ez derrigortzeko akzioak saltzera. Beraz, Kutxabankek dirua behar du funts hori osatzeko. Horregatik saldu ditu, besteak beste, EAEko hainbat enpresatan dituen akzioak: CAFen, Iberdrolan eta Euskaltelen dituenak, esaterako”. Era berean, Basaberen hitzetan, kostuak gutxitzea da dirua lortzeko beste modu bat. Eta logika hori ikusi dio bulegoak zarratzeari.

“Europako Batasunean bi prozesu daude. Batetik, mundu osoan gertatzen ari den digitalizazioa. Bestetik, negozio eredua aldatu dela. Betidanik, negozio nagusia izan da jendearen aurrezkiak bildu eta enpresa zein norbanakoei mailegutan ematea. Orain, Europako Banku Zentralak ematen dituen maileguek interes negatiboa dute. Beraz, maileguak ematetik ezin dute irabazi handirik atera; inbertsio funtsen eta aseguruen kudeaketan lortzen dutena da euren etekinaren parte handi bat”. Horregatik, haren ustetan, orain ez dute zertan herritarrei lehen ematen zieten zerbitzua eskaini, “ez dutelako haien dirua behar”.

Europan, kontrako eredua

“Bulegoa itxita ere, badakite ez dutela bezerorik galduko; ez dute konpetentziarik”. Hori da, Basaberen ustez, beste arazo bat: “Espainiako banku sistema oligopolio bihurtu da”. Datuak eman ditu. Espainiako bost banku handiek merkatuaren %70 dute; Alemanian, bost banku handiek %30 kontrolatzen dute. “Espainiako Estatuan, kutxak desagertu egin dira. Europak behartu ei zuen. Besteei ez? Alemanian, 250 inguru daude; kutxek, kreditu kooperatibek eta banku publikoek merkatuaren %60 baino gehiago dute. Frantzian, arlo sozialetik sortutakoek ere %60 dute”.

Logika horri buelta emateko, konponbidetzat jo du Kutxabank “berriz benetako banku publiko” bihurtzea. “Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek eta foru aldundiek ordezkariak dituzte fundazioetan”, gogoratu du. Aginte postuen aukeraketa desegokitzat dauka: “Gipuzkoan, Batzar Nagusiek izendatzen dituzte Kutxa fundazioko hamabost kideak. Araban eta Bizkaian, soilik bi. Beste hamahiruak aurretik egon direnek aukeratzen dituzte. Beraz, bi fundazio horietan zirkuitu itxi bat sortu da ardura postuak izendatzeko. BBK-k dauka gehiengoa Kutxabanken: %57. Kutxabanken batzarretara hiru fundazioetako lehendakariak baino ez dira joaten. Itxiak dira, eta ez gara enteratzen zer gertatzen den. Beraz, BBK-ko presidente Xabier Sagredok berak soilik du gehiengo osoa”. Kutxabank Publikoa plataformak nahi du hiru fundazioetan Gipuzkoako eredua erabiltzea, “aginte eta ardura postuen hautaketa demokratizatzeko”.