Gorka Pereira: “Etengabeko bilakaeran dagoen lanbidea da zirkuarena”

Gorka Pereira: “Etengabeko bilakaeran dagoen lanbidea da zirkuarena”

O. Enzunza Mallona

Txikitatik izan da malabarismoaren zalea Gorka Pereira (Bilbo, 1977). Hasieran, afizio moduan hartzen zuen, baina 2000. urtean tailerrak ematen hasi zen, eta, ordutik, ez da geratu. Egun, Zirkozaurre Bilboko zirku arteen sorkuntza eta erakusketen espazioko lehendakaria da, eta ZKZ Topaketan parte hartuko du datozen egunetan: bihar aireko segurtasunaren inguruko tailer bat emango du, eta, asteazkenean, Kobr3 ikuskizunean parte hartuko du.

Zein da zure eginbeharra Zirkozaurren?

Egun, Zirkozaurreko lehendakaria izateaz gainera, irakasle ere jarduten dut. Malabareen inguruko laborategi bat daukat, eta horretan aritzen naiz, batez ere. Topaketei dagokienez, aireko segurtasunaren inguruko tailer bat emango dut bihar goizean, eta, asteazkenean, Kobr3 ikuskizunean parte hartuko dut.

Nolako bilakaera izan du Zirkozaurrek urte hauetan guztietan?

Oso ona. Azkenaldian, gainera, asko hazi gara, eta, aurrerantzean ere, lanean jarraitzeko asmoa dugu. Oso pozik gaude lortzen ari garen guztiarekin.

Nolatan hasi zinen zirkuaren munduan murgiltzen?

Txikitatik gustatu izan zait malabarismoa, eta betidanik praktikatu izan dut, baina zaletasun moduan. 2000. urtean eskalatzeari utzi nion, eta malabareen inguruko tailerrak ematen hasi nintzen hainbat lekutan. Mundu horrek harrapatu egin ninduen, eta, ordutik, ez naiz gelditu.

Zer eman dizu zirkuak?

Nire ustez, oso lanbide aberatsa da, zentzu guztietan. Alde batetik, fisikoki sasoian egoteko aukera ematen dizu, gorputza une oro bizi egon behar delako. Baina, horrez gainera, beste hainbat onura ere baditu. Nire kasuan, esaterako, asko bidaiatzeko aukera izan dut: herrialde askotan egon naiz, jende pila bat ezagutzeko aukera izan dut… Etengabeko bilakaeran dagoen lanbidea da zirkua, ez duzu geldirik egoteko astirik.

2005ean, Debote Enbote zirku konpainia sortu zenuen, Luciano Mezzoterorekin batera. Nolako esperientzia izan zen?

Horren aurretik, Circo Kapikua konpainiako partaide ere izan nintzen. Baina, Debote Enbote konpainiari esker, benetan profesionalizatzeko erabakia hartu nuen. Ordura arte, jolas baten moduan hartzen nuen, dibertitzeko aukera moduan, baina serio jarri eta zirkutik bizitzeko hautua egin nuen. Garai hartako oso oroitzapen politak ditut, oso esperientzia dibertigarria izan zen.

Zure ustez, nola dago baloratuta zirkua gaur egungo gizartean?

Egun, bi zirku mota daudela iruditzen zait: formatu txikikoa eta karpaduna, klasikoa. Karpako zirkuak zailtasun gehiago dituela iruditzen zait, baina formatu txikikoak egingarriagoak dira eta aukera gehiago eskaintzen dituela esango nuke. Hala ere, oro har, gizartean, zirkuak gero eta aitorpen handiagoa duela iruditzen zait, eta jendeak esker onez hartzen gaituela.

Oraintxe, zer duzue esku artean?

Hainbat konturekin nabil. Duela gutxi Tiempo ikuskizuna aurkeztu genuen. Hasieran, Mar Garcia dantzariak eta nik neuk osatutako obra bat zen, baina orain beste bi kide batu dira taldera, eta entseguekin buru-belarri ari gara. Horrez gainera, Kobr3 ikuskizuna ere badugu esku artean, eta hemen ere entseguekin ari gara. Bestalde, malabareen inguruko laborategi bat ere badut, eta hori euskal dantzekin uztartzeko lanean ari gara. Lan mordoa dugu, baina ilusioz gainezka gaude.