Bidegorri sarea sortzen atzeratuta dabilela egotzi diote diputazioari

Bidegorri sarea sortzen atzeratuta dabilela egotzi diote diputazioari

J. West Larrañaga

“Ibilbide sinplea da, laua eta egiteko erraza. Ordu erdi bat ere ez da behar bizikletaz egiteko”. Horiexek dira Biziz Bizi taldeko Javi Umaranek zenbatu dituen arrazoiak Galdakaotik Bilbora bidegorri bat eskatzeko. Joan den larunbatean egin zuten bizikleta martxa Bilbotik Galdakaora, eta, euri zaparrada handiak egin arren, dozenatik gora lagun batu ziren. Bide hori eskatzeko Biziz Bizi taldeak antolatu duen bigarren martxa da. Dibertimenduzko txirrindularitza dela, eta ikasleek eta langileek ere erabiliko luketela uste du Umaranek, hainbat industrialde daudelako bi hirien artean. Ez da arrazoi bakarra. Bizikletak luzera begirako hainbat onura dauzkala esan du: jasangarria dela eta segurtasun sozialari dirua aurreztuarazten diola, gizartearen osasuna hobetzen duelako.

Bide batez, Umaranek gogora ekarri du Bizkaiko Foru Aldundiak aspaldi hitzeman ziela bizikleta bideen sare bat lurralderako: “2000ko hamarkadaren hasieran iragarri zuten Bilbotik haran guztietarako egingo zutela bizikletentzako azpiegituren sare bat, baina ez dugu ikusi aurrerapausorik. Zati txikiak bai, baina elkarrekin lotu barik”.

Mende hasieran onartu zuten 2003-2016 Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektoriala, baina herriak lotzeko bide gehienak oraindik egin barik daudela salatu du Umaranek. Haren arabera, krisi ekonomikoen ondorioekin justifikatu zuten: “Inoiz ez da egon dirurik kontu hauetarako, baina bai [AHT] abiadura handiko trenarentzat, AP-8a eta antzeko azpiegiturentzat eta autobideen loturentzat”.

Aurtengo maiatzean iragarri zuen aldundiak 2023-2035 Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektoriala. Guztira, zazpi ibilbide aurreikusten ditu planak, eta bidegorriek Ermutik Zierbenaraino eta Balmasedatik Mungiarainoko bidea egingo dute.

1994an hasi zen lanean Biziz Bizi bizikletaren erabilera sustatzeko. “Bizikleta gehiago egotea nahi dugu, horrek auto gutxiago egotea ekarriko duelako, eta, auto gutxiago badaude, bizikletan ibiltzea seguruagoa izango delako”, diote, besteak beste. Taldearen sorreratik asko aldatu da paisaia Bizkaian. “Sasoi hartan, ez zegoen bidegorri bakar bat ere ez”, gogoratu du Umaranek.