Roomba

Umeak ginela altxorraren bila jolasten ginen. Paper txatal batzuetan aztarnak idatzi eta auzoan barrena ezkutatzen genituen, gainerako lagunek aztarnok banan-banan topatu eta zirkuitua osatu zezaten. Gaur egun ere antzekoa gertatzen zait. Lantokitik etxera bueltatzen naizen aldiro, altxorraren bila jolasean ibiltzen naiz. Robot aspiragailuaren bila aritu behar izaten dut ia egunero, kanpoan nagoela etxea garbitzera irteten baita robota, baina, tamalez, gutxiegitan bueltatzen delako kargalekura. Hortxe ibiltzen naiz, begian partxerik ez duen pirata bizarbeltza legez, etxeko bazter guztietan robotaren bila. Hortxe nabil, Manu Chaoren antzera, Bartzelonako rambletan gora eta behera roombaren doinura dantzan. Azkenerako ohepean, ezkaratzeko atondoan trabatua zein komunean topatzen dut. Mendebaldean bizi garenon eta bizimodu eroso samarra dugunon arazo moderno horietako bat da. Apenas du krudeltasunik. Baina izugarri nahasten ditu barrenak. Zaintiratu mentalak eragiteraino.

Distantziak hartuta, gure lanbide honetan ere suertatzen dira antzera bateko egoerak. Albisteak bilatu gura eta ezin hori. Herri txikietan, adibidez. Eskualde txikiei eta udalerri txikiei jarraipena egiten dien kazetariari albisteak topatzea dagokiolako zailtasunak zailtasun. Ondo daki honako hau: lakua txiki samarra izanda ere, ezinbestekoa zaiola albisteak arrantzatzea. Hartu bide hau ala bestea, eta gaitz. Ahalegindu batera eta bestera deitzen, eta, halandabe, huts. Horrelakoak ohikoagoak dira biztanleria aldetik murritzak diren udalerrietan zein logela izaera duten herri txikietan. Altxorraren bila hor ere. Eta horrek ere zaintiratu mentalak eragiten dizkigun arren, halantxik izan behar du. Derrigor. Herri txikietako albisteak bistaratzeak herri txikiak bizirik daudela jendarteratzen duelako. Bestela izanda, gero eta hiriago diren eskualdeetako herriburuek eta metropoli hiriburuek irentsiko dituztelako herri txikietako kontuak. Eta hori, euskal hiztunok ondo dakigun moduan, identitatea, kultura eta aniztasuna galtzea dira. Tokikotasuna gertutasuna delako. Eta gertutasuna, konfiantza.

Horren adibide garbi bat berripaper honek eta tokiko hedabide bakoitzak Bizkai osoko bazterretara ailegatzeko egiten duen ahalegina dira. Uribe Kostatik Arratiaraino eta Enkarterritik Lea-Artibairaino. Berdin BERRIA Taldean zein Tokikomen. Berdin 20 urte bete dituen eta lantoki dudan Anboto-n, eta berdin Tokikom sarietan edukirik onenaren saria eskuratu duen Geuria-n. Guztiak dira robot aspiragailuak xurgatu osteko lurrean agertzen den dirdiraren pareko. Altxor txikiak. Gutiziak. Albiste txikia arrantzatu, sueztitu, buelta eman, eta tokikotasunaren gatz apur bat botaz komunitatea zerbitzatzen dutenak. Fresko eta osasuntsu.