Kultura hauspotzeko apustua

Kultura hauspotzeko apustua

Olatz Enzunza Mallona

Mundu osoan Black Friday eguna ospatzen ari dira gaur. Urteko salmenta egunik handiena izaten da, eta saltoki handiek egundoko eskaintzekin erakartzen dituzte erosleak. Gaurko egunari “antitesia” egiteko asmoz, ordea, bihar Fair Saturday egingo dute hainbat lekutan. Data ez da kasualitatez ezarritakoa, Iñigo Apraiz Bizkaiko Fair Saturday jaialdiko antolatzailearen hitzetan: “Azaroa kontsumora bideratutako hilabetea da: Gabonetako kanpaina hasten da, Black Friday, Ciber Monday… Baina Fair Saturday horien antitesia izatea nahi genuen”. Artea eta kultura “funtsezkoak eta oinarrizkoak” diren garai hauetan, horiei bultzada ematea da jaialdiaren asmoa, eta, aurtengo aldirako, eskaintza zabala prestatu dute. Orotara, hirurehun ekitalditik gora egongo dira Bizkaian eta nazioartean.

“Bizkaian Bilbo izango da jaialdiaren agertoki nagusia, baina beste hainbat herrik egingo dute bat egitasmoarekin”, azaldu du Apraizek. Zehazki 100 ekitaldi inguru egingo dituzte Bizkai osoan barrena. Gainerako jardunaldiak, berriz, nazioartean izango dira: Eskozian, Lisboan eta Huelvan (Andaluzia, Espainia): “Bizi dugun ezegonkortasunaren ondorioz, zenbait hirik euren parte hartzea datorren urtera arte atzeratzea erabaki dute”. Hala ere, horiez gainera, aurten, lehenengo aldiz, Errioxan ere (Espainia) antolatu dituzte ekitaldietako batzuk;hHain zuzen ere, 30 ekitaldi inguru izango dira han, eta gehienak Logroñon egingo dituzte.

Besteak beste, kontzertuak, erakustaldiak, antzezlanak, proiekzioak, dantza eta olerki errezitalak izango dira nagusi aurtengo egitarauan. Beste askoren artean, hauek izango dira: Sara Sozaya, Irrikiclown, Oinutsik erromeria, Dantzerti, Oliver magoa, Batukale batukada edo Zozoak abesbatza. Eta horiek Bizkaiko hiriburuko hainbat txoko hartuko dituzte. Aldi berean, hainbat proiektu sozialen erakusleiho ere izan nahi du jaialdiak: “Fair Saturdayren bitartez, gizarte osasuntsu bat osatu nahi dugu, pertsona bezala adorez beteko gaituena”. 11:00etan abiatuko da jaialdia, eta, 22:00etara bitarte, askotariko kultur ikuskizunez gozatu ahal izango da.

Aurtengo berrikuntzen artean nabarmenena Metro Akustikoa da. Apraizen hitzetan, jaialdiko ekitaldirik “berezienetarikoa” izango da. Hamasei artistak parte hartu dute; gehienak, gazteak”. Horietako batzuek kontzertu akustiko txikiak eskainiko dituzte hainbat metro geltokitan, baina badira hitzaldiak egingo dituztenak ere. Maburen moduko artista ezagunek hartuko dute parte ekitaldi horietan. Bakoitzaren bizipenak partekatzeaz gain, kontzertu txikiez gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Gaur izango da irekiera ekitaldia, Bilbo Arenan. Iluntzeko zortzietan abiatuko da. Orain arte bezala, Royal Albert Hall aretoko The Last Night kontzertuaren simulazio batekin emango zaio hasiera ekitaldiari, eta ehunka artistak bat egingo dute: “Irekiera ekitaldiaren berezitasun handienetako bat da artisten izaera parte hartzaile eta komunitarioa”. Guztira, 1.500 lagun ariko dira oholtza gainean, eta Bizkaiko dozenaka erakundek hartuko dute parte.

Aurten, zazpigarrenez

Duela zazpi urte egin zen lehenengoz Fair Saturday, Bilbon. “Zentzugabeko deriba kontsumistaren eta materialistaren aurkako antidoto eraginkorrenetako bat da kultura, eta horri espazio handiago bat ematea zen asmoa”, nabarmendu du Apraizek. Dinamika sinplea zen: jaialdi parte hartzaile bat egitea hainbat erakunde kulturalekin. Handik Bizkaiko beste herri batzuetara zabaldu zen, eta, pixkanaka, ari da arrakasta lortzen Euskal Herritik kanpora ere. Joan den urtean, pandemiaren ondorioz, egitaraua moldatu behar izan zuten, eta online egin zuten. Aurten, berriro aurrez aurre egiteko hautua egin dute: “Segurtasun neurri guztiak errespetatuko dira”.

Fair Saturday mugimenduak nazioartean hazten jarraitzeko asmoa du. Baina ez da erronka bakarra: “Bizkai osoarekiko konpromisoak hazten jarraituko du urtez urte, kulturaren eta gizarte proiektuen inguruko egun alternatibo bat sortzeko asmoz”.