Iñigo Etxezarreta: “Oso ikuskizun berezia izango da; erronka gisa hartu dugu”

Iñigo Etxezarreta: “Oso ikuskizun berezia izango da; erronka gisa hartu dugu”

O. Enzunza Mallona

Sorkuntza prozesuan bete-betean sartuta dago ETS En Tol Sarmiento musika taldea. Joan den irailean eman zioten amaiera Egingo dugu eztanda bira bereziari, eta, denbora batez, agertokietatik aldentzea erabaki dute, proiektu berria abiatzeko asmoarekin. Gaur iluntzean, Bilbao Arenan izango da Iñigo Etxezarreta taldeko abeslaria (Gasteiz, 1988), Fair Saturday jaialdiaren irekiera ekitaldian.

Bilbao Arenan izango zara gaur iluntzean. Zer prestatu duzue?

Niretzat oso ikuskizun berezia izango da. Kasu honetan, En Tol Sarmiento taldearen ordezkari bezala joango naiz, bakarrik, eta Zurekin batera kantua abesteko aukera izango dut Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Gainera, atzealdean hainbat abesbatzatako 1.500 pertsona ariko dira kantuan, eta horrek ere berezi egingo du ekitaldia. Halako ekimen batean parte hartzeak beste dimentsio bat ematen dio taldeari, eta erronka gisa hartu dugu. Abestia berez goxoa da, eta orkestra sinfonikoarekin, zer esanik ez. Gogotsu nago.

Aurtengo biran antzokietan ibili zarete batez ere. Zer-nolako esperientzia izan da?

Guretzat ere zerbait berria izan da. Iaz hamabost urte bete zituen taldeak, eta, diskoa kaleratzearekin batera, aldaketa prozesu batean sartu ginen. Kontzertu guztiak bertan behera geratu ziren, eta, pandemiara egokituz, antzokietan bira bat hastea bururatu zitzaigun. Ordura artekoarekin alderatuta, emanaldi desberdin bat prestatu genuen, eta garrantzia eman genien eszenografiari, gidoiari… ETS bezalako talde batentzat berrikuntza zen halako ikuskizun bat egitea.

Pertsonalki ere esperientzia berezia izango zen.

Zalantzarik gabe. Pertsonalki, biluzteko aukera eman dit, eta taldeak bizitako guztia oholtza gainera eramateko aukera izan dugu. Alde horretatik, beraz, zerbait magikoa sortu da, eta publikoaren aldetik ere nolabaiteko enpatia jaso dugu kontzertuetan.

En Tol Sarmiento taldea musika alaiarekin edo festa giroarekin lotu izan da. Zer-nolako eragina izan du zuengan pandemiak?

Gure kasuan, aukera bat izan da. Azken diskoak aukera berrien eta esperientzia berrien inguruan hitz egiten zuen, eta, hain zuzen, horretarako aukera eman digu: ikuspuntua aldatzeko. Egia esan, oso pozik gaude izan dugun harrerarekin. Uste dut hamabost urte hauetan ez naizela inoiz egon horren eskertuta.

Aurrera begira, zer duzue esku artean?

Bira irail amaieran amaitu genuen, eta denbora batez kontzerturik ez emateko erabakia hartu dugu, nahita. Hala, proiektu berrian zentratzeko aukera dugu, eta lanean ari gara. Horrez gainera, Durangoko Azokan dokumental txiki bat kaleratuko dugu, eta horretan ere banabil buru-belarri. Azken momentuan bururatutako zerbait da dokumentalarena, eta Egingo dugu eztanda biran bizitakoa islatuko du.