“Estrategiak eraiki behar dira gune ilunak denonak izateko”

“Estrategiak eraiki behar dira gune ilunak denonak izateko”

Javi West Larrañaga

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan zen atzo. Aurten andreek egunerokoan sufritzen dituzten erasoetan jarri du arreta mugimendu feministak. Urte osoko erasoak salatu nahi izan dituztela esan du Irati Sienra (Bilbo, 1990) Bilbo Feminista Saretzeneko kideak.

Bilboko Iturribide kalean egin zenuten prentsaurrekoa joan den astean. Lekua ez zenuten ausaz aukeratu, ezta?

Ez. Azken urte honetan kaleko eraso asko salatu behar izan ditugu, eta nabaritzen dugu gorakada bat egon dela. Adibidez, apirilean astero mobilizazio bat egin behar izan genuen erasoak salatzeko, eta, batez ere, antzeko guneetan gertatu dira: Iturribide inguruan, Solokoetxen, Urazurrutia inguruan, eta Uribarriko eskailera eta arrapaletan. Etengabe erasoak leku beretan gertatzen dira, eta ez da inongo neurririk hartzen.

Zelako neurriak behar dira?

Neurriez ari garenean, prebentzio neurriez ari gara, ez Polizia indartzeaz. Gainera, jende bat gertaera horiek aprobetxatzen ari da diskurtso arrazistak erabiltzeko, segurtasun faltaren izenean. Sortu nahi dizkigute atzerritarrekiko beldurra eta segurtasun faltaren sentsazioa gure kaleetan ibiltzeko, baina beldurrak aspalditik datoz, eta erasotzaile gehienak bertako gizonak dira. Gezurretan oinarritutako diskurtso bat ari dira eraikitzen, eta horri ere buelta eman nahi diogu. Ez dugu inondik inora onartuko feminismoa erabiltzea jarrera arrazistak justifikatzeko.

Aspaldikoa da kaleak hartzeko deia; aurten ere baliatu duzue.

Bai. Aurten lelo hori erabili dugu mobilizatzea asko kostatu izan delako pandemia hasieratik hona. Ezin dugu ahaztu iazko Martxoaren 8an eztabaida egon zela manifestazioa egin behar zen edo ez erabakitzeko. Ikusten duguna da erasoen gorakada bat gertatzen ari dela. Eraso transfoboek gora egin dute, baita Euskal Herrian ere, nahiz eta batzuetan dirudien kanpoan bakarrik gertatzen direla. Etxe barruko erasoen gorakada ere ikusi dugu. Alde batetik, diskurtso batek esaten du erasoak gertaera bakanak direla, baina guk salatu nahi duguna da etengabe gertatzen ari direla, eta icebergaren punta direla. Hau da, erasoak dira mikromatxismo askoren azken etapa. Ezin dugu utzi jendartearentzat onargarria den zerbait bihur daitezen, eta ezinbestekoa da horren aurka oihukatzea kalean. Mugimendu feministak nahiago luke beste gauza batzuk egin, erasoak salatzen aritu beharrean. Lan handia edukiko genuke zerbitzu publiko eta politika feministak aldarrikatzen eta proposatzen… Eta ez gara hori egiteko gai, erasoak salatzen ibili behar garelako etengabe.

Zenbait hiritan gune ilunen inguruko lanketa bat egin dute. Pedagogia ona da leku horiek saihesteko eskatzea?

Gune ilunak markatzen ditugunean, ez gabiltza inori esaten hortik ez pasatzeko. Boteretze eta autodefentsa ikuspegi batetik egiten dugu: gune horiek arriskutsuak izan daitezke, baina gune horiek zureak ere badira. Joan erne, joan lagunduta, joan adi, baina joan. Ez utzi inora joateari. Guk ez genuke inola ere planteatuko emakume batzuek leku batzuetara joatea utzi behar diotenik. Kontrakoa: esaten ari garena da estrategiak eraiki behar direla gune ilun horiek denonak izan daitezen, baina horretarako garrantzitsua da jakitea zeintzuk diren.

Esan duzue erakundeek txapa morea ipintzen dutela azaroan, baina gero kendu egiten dutela.

Bai, hala da. Egin den lanaren ondoren, gaur egun dauden eraso guztiak baldin badaude, hori da erroan ez delako lanketarik egin. Gizonek uste badute boterea dutela emakumeon gainean, eta gu jipoi gaitzaketela, etxean utzi edo erail, arrazoi batengatik da: hezkuntzan ez direlako behar besteko neurriak hartu, aurrezaintza politikarik egin ez delako, ez delako behar beste inbertitu maskulinitatearen lanketan edo emakumeen autodefentsan. Era berean, zerbitzu sozialak edo eraso egin dieten emakumeak lagundu behar dituzten erakundeetan ez dagoelako baliabide nahikoa, ez dagoelako diru nahikoa, ez dagoelako benetako politikarik erasoak salatu dituzten emakumeak ekonomikoki autonomoak izan daitezen eta haien erasotzaileak utzi ahal izan dezaten. Horren ondorio dira erailketak.

Guri ez digu balio azaroan udaletxe guztietan puntu more erraldoi bat jartzeak, haiek dituztenean erantzukizunak eta baliabideak egoera aldatzen saiatzeko. Badakigu hamarkada askotako bidea dela, baina ez dira hasi ezta bidea hasten. Udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak politika feministetan egiten duten gastuaren zatirik handiena ez dira benetako politika feministak, propaganda baizik; publizitatea. Horretan gastatzen da diru publikoa, eta ez guk eskatzen ditugun politiketan. Horretarako, aurrekontuetan errotiko aldaketa bat egon behar da. Gure ustez, txapa moreetan dirua gastatzea, behar den tokian inbertitu beharrean, eskuak garbitzea da.

Maguette Mbeugouren hilketa epaitu berri dute Bilbon. Zer ondorio atera daiteke?

Maguettek salatu egin zuen eraso egiten ari zitzaiola, baina, egoera pertsonalaren ondorioz, harremanean jarraitu zuen. Zerbitzu sozialek bazekiten zein zen egoera, eta guk salatzen duguna da erakundeek utzikeriarekin jokatu zutela. Ez bera artatu zuten profesionaleen erruz, baizik eta zerbitzu sozialetan lan egiten duten langileek eta berdintasun teknikariek ez dauzkatelako eskura behar beste baliabide. Kasu horretan, ondorioa Maguetten hilketa izan zen, eta, kasu zehatz bat izan arren, momentu honetan ehunka emakume egongo dira egoera berean, eta ez da aldaketarik egon hiru urte geroago.

Baliabideak gehitzeaz gain, protokoloak berrikusi behar dira?

Protokoloen inguruan eztabaidak egoten dira, eta gure artean ere zenbait kontutan ez gaude ados. Zailtasun handia dugu erabakitzeko zer egin beharko litzatekeen erasotzaileekin. Zelan egin punitibista ez den lanketa bat? Erailketa matxista gogorren ostean, Espainiako Estatuan espetxealdi iraunkor berrikusgarria aldarrikatu dute biktimen zenbait gurasok. Bilboko mugimendu feminista osatzen dugun emakume gehienak ez gaude ados horrekin. Benetan nahi ditugu zigor gogorragoak? Kartzela gizon maskulinizatuak are gehiago maskulinizatzen dituen eremu bat da, eta erasotzaileak are erasotzaileago bihurtzen ditu.

Zein da alternatiba?

Beste era bateko lanketak behar ditugu. Hori inbertsio publiko handi batekin egiten da, eta ez dira ari egiten. Erasotzaileak kartzelara bidaltzen dituzte hor egon daitezen ez dakit zenbat urte, eta behar duten berreziketa prozesua bete gabe ateratzen dira.