Dalila Argueta: “Lurraldea gure bizitzarekin defendatzen ari ginen”

Dalila Argueta: “Lurraldea gure bizitzarekin defendatzen ari ginen”

O. Enzunza Mallona

Arteagako Basoa giza eskubideen defendatzaileen etxeak babesean hartu zuen lehenengo ekintzailea da Dalila Argueta nekazaria (Guapinol, Honduras, 1988). Duela hiru urte egin zuen ihes jaioterritik, Botaderos mendiko mineralak ustiatzen dituen enpresak mehatxatuta. Eta, ordutik, Basoa defendatzaileen etxean bizi da. Ahal bezain laster, 6 eta 12 urteko seme-alabak bertara ekartzeko asmoa du: “Uste dute lanean ari naizela, eta horregatik egin nuela alde”. Basoa proiektuko kideek “beso zabalik” hartu zutela nabarmendu du, eta “oso gustura” dago bertan.

Nolatan hasi zen Guapinoleko gatazka?

Meatzaritzaren ondorioz. Guapinoleko Botaderos mendia mineralez beteta dago, eta, hain zuzen, horrek egiten du aberats guri jaten ematen digun lurra. Kontua da mendi hori naturaren erreserba bat dela, baina Hondurasko Gobernuak ez zuen jaramonik egin, eta hango lurrak ustiatzeko baimena eman zion Inversiones Los Pinares enpresari. Lanean hasi eta denbora gutxira, errepideak zabaltzen ari zirela, ibaia lokaztuta zetorrela konturatu ginen herritarrok. Ondorioz, mobilizatzen hasteko erabakia hartu genuen.

2018ko abuztuaren 3an herritarrok kanpaleku bat egin zenuten mendian, eta 89 egunez egon zineten bertan. Nola gogoratzen dituzu orduko egun horiek?

Ibaiak Aguan haraneko 42.000 biztanle hornitzen ditu urez, eta iturri guztiak mehatxatuta daude ordutik. Hortaz, herritarrok berehala hasi ginen elkarren artean antolatzen. Apiriletik uztailera bitartean ez genuen ezer lortu, baina abuztuan kanpaleku bat egin genuen mendian eta urriaren 27ra arte egon ginen bertan. Egun horretan, 1.500 militar agertu ziren, eta kanpalekutik bota gintuzten. Gu 400 lagun inguru geunden, eta, abantaila zutela jakin arren, guk ez genuen amore eman inondik inora. Indarrez atera gintuzten handik; oso gogorra izan zen.

Baina gatazka ez zen kanpalekua hustean amaitu, ezta?

Ez, ordutik jazarpena asko gogortu zen. Gobernuak enpresa sikarioak kontratatu zituen, eta gure atzetik etortzen ziren, gu mehatxatzera. Nazkagarria zen. Gainera, asko emakumeak ginenez, gure lurraldea gure gorputzarekin defendatzen ari ginen, gure bizitza propioarekin. Ingurumenaren defendatzailea izatea arriskutsua da gure lurraldean, baina emakumea izanda, zer esanik ez. Haiek bezalako gizon bat behar nuela esaten zidaten.

Zu nola iritsi zinen Arteagako Basoa etxera?

Sikarioek bi aldiz jarraitu ninduten. Autoan nindoala, baten, eta motoz nindoala, bigarrengoan. Heriotza gero eta hurbilago ikusten nuenez, Giza Eskubideen Defendatzaileen Sareko koordinatzailearekin harremanetan jarri nintzen, eta seguru egoteko modu bakarra Espainiara joatea zela esan zidaten. Nire seme-alabek uste dute lanean ari naizela, eta horregatik egin nuela alde. Lehenengo Zaragozan egon nintzen, baina hirian ito egiten nintzen. Handik hiru hilabetera Basoara ekarri ninduten, eta ordutik hementxe nago. Nire asmoa seme-alabak bertara ekartzea da, eta hori lortzeko tramiteetan ari gara orain.

Zer da Basoa zuretzat? Nola definituko zenuke?

Basoa proiektuko kide moduan dut nere burua jada. Bertara heldu nintzenetik besoak zabalik hartu ninduten, eta oso eskertuta nago jaso dudan babesarekin. Lan asko egin dugu proiektua aurrera ateratzeko, eta bukatuta ikusteko gogoz gaude. Giza eskubideen defendatzaileentzako habia bat izango da, baina ateak zabalik izango ditu edonorentzat. Nire kasuan, berriz, itxaropenez betetzen nauen proiektua da Basoa. Emakume aske eta independente izatea posible dela ikusten ari naiz hemen.

Hemen ere, defendatzaile izaten jarraitzen duzu.

Hala da, bai. Defentsa nire bizitzaren parte da. Orain Euskal Herrian bizi naizenez, bertako gertaerek ere zeharkatu egiten naute, eta, azkenean, ez dut deskonektatzeko aukerarik izaten. Gainera, hemengo egoerak ere baditu antzekotasunak Guapinolen gertatzen ari denarekin: bertako lurrak suntsitzen ari dira eukaliptoarekin, pinuarekin, Abiadura Handiko Trenarekin… Oso kezkagarria da, eta ez dakit noiz arte iraungo dugun horrela.

Aurrera begira, baduzu jaioterrira itzultzeko asmorik?

Oraintxe bertan ez dut etxera itzultzeko baimenik; ezin naiteke Guapinolera joan. Igandean hauteskundeak egingo dituzte Hondurasen, eta gobernu aldaketak herrialdearen askatasuna ekarriko duelakoan nago. Hala izatea espero dut, baina zaila egongo da.