“Gizarteak egiten utzi dion pederasta bat izan da gure abusatzailea”

“Gizarteak egiten utzi dion pederasta bat izan da gure abusatzailea”

Ibai Maruri Bilbao

Gaur, azaroak 19, Adingabeen Aurkako Indarkeria eta Abusuak Prebenitzeko Eguna da. Egun honen harira, Pepe Godoyk (Basauri, 1972) bideo bat argitaratu zuen duela hiru urte, Garaitza elkartean arreta jasotzen ari ziren pederastiaren beste biktima batzuekin batera: Basauriko futbol entrenatzaile batek umetan sexu abusuak egin zizkiola salatu zuen. Joan den hilean epaitu zuten gizon hura, eta epaileak sei urteko espetxe zigorra ezarri dio. Alaba entrenatzera eroan eta hura irten arteko tartean egin du berba Godoyk Bizkaiko Hitza-rekin. Umea kirola egiten hasi zitzaionean zer sentitu zuen galdetuta, esan du alde horretatik beti dagoela erne. Uste du halakoak ez gertatzeko neurriak falta direla. “Normala iruditzen zaizu entrenatzaileak mutil bat eroatea bere etxera, igerilekura, oporretara…? Egun bakoitzean mutil bat. Futbol taldeetan, hori baimentzen da. Ikastetxeetan pentsaezina da irakasleek horrela jokatzea ikasleekin. Kirol taldeek eta federazioek eragotzi egin beharko lukete”. Alabek badute aitari gertatutakoaren berri; emazteak eta biek argi azaldu diete zer egin behar duten: “Badakite ez diotela heldu bati horrelakorik egiten utzi behar; gertatuz gero, guri kontatu behar digutela”.

Zer sentitu zenuen epaiaren berri izan zenuenean?

Pozik nago, duela hiru urte oraindik beste ume batzuez abusatzen zebilelako eta orain ja ez. Baina borroka gogorra izan dugu duela bost urte emazteari dena kontatu nionetik. Ahal izan dugun guztia egin dugu gizon honek aurrerantzean umerik entrenatu ez zezan. Ertzaintzak ikerketa bat ireki zuen. Fiskaltzak zuzendu zuen. Artxibatu egin zen. Nik salaketa jarri nuen; gero, nire anaiek [haiez ere abusatu zuen]. Klubarekin hitz egin genuen, baina inork ez zuen abusatzailea handik kentzen. Beraz, bideoa publikatu behar izan nuen. Pozik nago zigortu delako; nik esandako guztia berretsi delako. Baina borroka horrek ez zukeen existitu behar izan.

Klubak ez zintuen babestu, ezta?

Orain Baskauri du izena, baina lehen Baskonia Futbol Eskola deitzen zen. Elkarteko buruek Kimuak futbol eskola ere zuzentzen dute orain. Arduradunek ez zuten ezer egin. Entzuna zuten gizon hark egiten zuenaz zer esaten zen herrian, eta, hala ere, klub bat sortu zuten gizon harekin. Lehengo presidentearekin batzartu nintzen, nire laguna zen eta. Handik hilabete batzuetara, eskolako beste arduradunari deitu nion; orain presidentea da, eta hark gidatzen ditu klub biak. Hitz egin genuen, eta esan zuten gizon hori kluba uztera gonbidatuko zutela. Ez zuten ezer egin. Esan zidaten ez zuela aurrekari penalen ziurtagirik. Orain ere ez du, epaia behin betikoa izan arte. Beraz, entrenatzen jarraitu ahal izango luke orain ere. Bi hilabete igaro ziren, ikusi nuen ez zutela bota, idatzi egin nien, eta erantzun zidaten ez zegoela zigortuta. Zurrumurruak bazeuden, eta, hala ere, klub bat sortu zuten gizon harekin. Erantzukizunez jokatzea da hori?

Epaia irten denetik hitz egin duzu haiekin? Klubak esan du zerbait?

Ez. Bideoaren ondoren, bai, elkartu nintzen haiekin. Hiru gauza eskatu nizkien: aitor zezatela oker jokatu zutela, barkamena eska ziezaietela gurasoei umeak arriskuan jartzeagatik eta balizko biktimei laguntza eskain ziezaietela. Ezetz esan zidaten. Beraz, nik hartu-eman guztiak hautsi nituen haiekin.

Basauriko Udalaz ere kexu zara.

Epaia atera da, eta ez dute ezer esan. Hori ere izugarria iruditzen zait. Salatu duen umeak salaketan esan zuen Baskonia Futbol Eskolan ezagutu zuela eta urteetan abusuak sufritu zituela, entrenamenduetara eroan eta ekartzen zuenean. Pertsona hauek, klubetik aparte, sozietate mugatu bat dute, eurek arropa saldu eta klubari fakturatzeko. 400 umetik gora dira. Beraz, diru iturri handia dute hor. Garai hartan gurasoek eskura ordaintzen zuten. Beraz, nik uste dut diru sarrerak ez zirela justifikatzen. Ez dakit, baina hala uste dut. Gero, udalean diru kontuak aurkezten zituztenean, beti zeroan berdintzen zituzten. Diru laguntzak izaten dituzte urtero. Gainera, udal futbol zelaiak doan erabil ditzakete. Udalak oso-osoan babesten ditu. Ez da bidezkoa diru publikoa jasotzea. Udalak ez du hitz egin, edo asko dakielako edo hau negozio bat delako eta hura galtzeko arriskua izan dezaketelako.

Bideoa publiko egin zenuenean, ordea, udalak babestu zintuzten, ezta? Protokolo bat ere sortu zuten herrian abusuei aurre egin eta biktimak laguntzeko.

Udalak beti orokorrean hitz egin du. Inoiz ez du zuzenean klubaren edo entrenatzailearen aurka ezer esan, eta, gainera, diruz babestu du, oraindik orduko arduradunak buru diren arren.

Abusuak oraintsu sufritu dituen gazte baten salaketagatik epaitu dute, preskribatu gabe zegoen kasu bakarra zelako. Zuenak epaitu gabe geratu dira.

Nahi genuke gure abusuak ere epaitzea. Preskribatu izanak ez du esan nahi gertatu ez direnik. Jendeak uste du 40 urte igaro direnez, dagoeneko ahaztu ditugula eta gainditu ditugula. Baina kontrakoa: nik 36 urte igaro ditut isilik eta bakarrik sufritzen. Salatzeko aukera izan dudanean, nirea ezin izan da epaitu. Zazpi salaketa egon dira, eta horietatik sei 1980ko hamarkadakoak dira. Pentsa 2021era arte zenbat umez abusatuko zuen.

Zer sentitu zenuen epaiketan sufritutakoa epaileari kontatzeko aukera izan zenuenean?

Oso lasai sentitu nintzen. Bideoa argitaratu aurretik egin nuen azken gauza zera izan zen: zer uste nuen esan nion kalean, aurrez aurre. Eskatu nion abusatzen zuen umea bakean uzteko, niri egin bezala bizitza izorratzen ari zitzaiolako. Nik esan beharrekoak esan nizkion aspaldi. Hark lurrera begiratzen zuen. Anaiek lasaitua eta poza sentitu zuten epaiketan: “Orain, egin didazuna kontatuko dut, eta zuk isilik entzun beharko duzu”. Zuk egia kontatzeko aukera duzu, eta hori handia da.

Pepe Godoy

(Pepe Godoyk, Garaitza elkartean arreta jasotzen duten pederastiaren beste biktima batzuekin batera, bideo batean egin zituen publiko umetan sufritutako abusuak, 2018ko azaroan)

Salatu duen gaztea oso ausarta izan da, baina ez da ohikoa izaten abusuak sufritu eta hain denbora laburrean kontatzeko gai izatea. Zuri zerk eragotzi zizun orduan kontatzea?

Ni gurpil batean sartu nintzen, eta bola bat bezala handituz zihoan. Abusatzen hasi aurretik, ondo ez zeuden gauza batzuk onartzen zizkidan: erretzen eta alkohola edaten uzten zidan, pornoa jartzen zidan, opariak egiten zizkidan… Abusuak hasten direnean, zuk ezin duzu kontatu, aurretik egin duzun hori ere kontatu behar duzulako. Urteak igaro zirenean, ohartu nintzen nire anaiez abusatzen zuela. Baina ezin duzu ezer kontatu; errua eta lotsa sentitzen dituzu. Bola hain handia denez, ja ezin duzu gelditu.

Zerk bultzatu zintuen bideoa publiko egitera?

Urtebete neraman hura beste mutiko batekin ikusten. Nirekin jokatu zuen moduan jokatzen zuela ikusten nuen, ni eroaten ninduen lekuetara eroaten zuela… Mutikoaren adin bertsuko alabak ditut. Ezin nuen onartu hura gertatzerik: nolabait eragotzi behar nuen. Nik ustez bizitza normal bat izan dut, baina mentalki inoiz ez naiz ondo egon. Ez nuen nahi mutiko horrek nik pasatutakoa pasatzerik. Anaia gazteagoa zuen, gainera. “Hura izango da hurrengoa”, pentsatu nuen.

Frantzian, Ciivise intzestuaren eta adingabeen kontrako sexu abusuak ikertzeko kontseilu independenteak esan berri du urtean 160.000 abusu egiten dituztela senideren batek edo gertukoren batek. Asko dira isilpean gorde ahal izateko. Zergatik da hain ezkutuko arazoa?

Hau da nire teoria. Estatistiken arabera, bost neskatik bati abusuak egiten dizkiote, eta zazpi mutiletik bati. Beraz, umeen %10-12 inguruan dira abusatuak. Hortaz, beste horrenbeste abusatzaile egon daitezke. Abusatzaileak babesten dituztenak, ordea, are gehiago dira. Beti dago gertatzen dena jakiten duen jendea. Beti, beti, beti. Beraz, gutxi gorabehera gizartearen erdia inguru abusuen parte da, pederasta delako, biktima delako edo abusuen berri izan eta beste aldera begiratu duelako. Egin proba: kuadrillan zaudenean, 10-12 lagun elkarrekin, atera gaia. Ikusiko duzu batzuk deseroso sentitzen direla. Ordaintzera joango da bat; bestea, komunera; beste batzuek ez dute ezer esango gaia aldatzen den arte…

Zuen kasuan ere, Basaurin oso zabalduta zegoela diozue.

Biktima piloa ditu gizon honek. Gehiegi, 45 urtean hau ezkutuan gorde ahal izateko. Gizarteak egiten utzi dion pederasta bat izan da gizon hau. Abusuek hainbeste urte irauten dutenean, biktimetako batzuk abusatzailearen lagun izan daitezke heldu direnean. Jendea saiatzen da txarra ahazten, eta eman dizun ona gogoan hartzen. Neuri ere hark topatu zidan nire bigarren enplegua.

Biktimoi esker, azken urteetan apur bat gehiago hitz egiten da pederastiaz. Zer falta da gaia azaleratzeko?

Erakundeen konpromisoa falta da. Ezartzen dituzten protokoloek eta legeek eraginkorrak izan behar dute. Ezin duzu protokolo bat ezarri eta jendea prestatu ez. Gaur egun ume batek kontatzen badu abusuak egin dizkiotela, inork ez daki zelan jokatu. Ertzaintzara joan eta ertzainak ez badu batere enpatiarik zurekin, ez zara itzuliko. Prestakuntza falta da. Basaurin ere ipini zuten protokoloa gurea publiko egin zenean, baina denborarekin frogatu da ez duela balio. Lehengoan alkateari esan nion aurpegian. Ez dute kasuen bilakaera aztertzen; ez dira biktimez arduratzen.

Biktimontzat zama izango da abusuak publiko egin behar izatea, ezta?

Inork ez zuen zertan jakin zer gertatu zitzaidan. Futbol eskolakoek, Ertzaintzak eta fiskaltzak egin behar zutena egin izan balute, nik ez nuen bideoa publiko egin beharko, ezta nire intimitatea lau haizeetara zabaldu beharko ere.