BI-635 bidea ez dute osorik tapatuko Leioan

Foru aldundiak hasierako proiektua onartu eta alegazioak jartzeko epea ireki du. Diputatuak esan du osorik estaltzeak egunero 114.000 ibilgailuk darabilten errepidea moztea ekarriko lukeela.

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiak martitzeneko gobernu kontseiluan onartu zuen BI-635 errepidea Leioan estaltzeko hasierako proiektua. Orain, alegazioak aurkezteko epea ireki dute. Datorren urte bukaeran onartu nahi dute behin betiko proiektua, eta 2023 hasieran ekingo liekete lanei. 2026rako amaitzea da asmoa. Oraingoz, 62,5 milioi euroko aurrekontua du. Tapatu barik dauden bi guneak estaliko dituzte, ez gehiago, ez delako “egingarria”.

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak esan du aukera hori ere aztertu dutela: “Teknikariek ikusi dute gaur egungo baldintzetan ezin daitekeela egin”. Izan ere, azaldu duenez, Uribe Kosta eta Bilboko metropolia lotzen dituen gaitasun handiko errepide bakarra da, Getxo eta Portugalete lotuko dituen itsasadar azpiko tunela eraikiko den arte. Osorik estaltzeko lanek errepidea moztu beharra ekarriko lukete, eta, diputatuaren esanetan, handik egunero igarotzen diren 114.000 ibilgailuek ez lukete beste alternatibarik izango.

Leioan, osorik estaltzea eskatzeko herri mugimendua borrokan ibili da azken urteetan. Diputatuak azpimarratu du udalarekin eta bizilagunen elkarteekin batu izan direla proiektua definitzeko, eta guztiekin adostutakoa dela asteon foru aldundiak onartu duena. Aitortu du gaur-gaurkoz diputazioak esku artean dituen obren artean “zailena” dela Leioakoa. Batez ere, bi arrazoi eman ditu: batetik, 32.000 herritar dituen herri baten bihotzean egingo dira, eta haien egunerokoan eragingo du; bigarrenik, ez dute trafikoa etengo behin ere, eta horrek gaitzagoa egingo die lan egin ahal izatea.

Bizkaian ibilgailu gehien jasotzen dituzten errepideetako bat da BI-635. Leioan, herri erditik igarotzen da, eta bitan banatzen du. 1999an estali zen errepidearen zati bat. Harrezkero ez da beste lanik egin. Estaliko diren bi guneei esker, herriak 4.132 metro koadro irabaziko ditu. Gaur egungo Leioako Bulebarraren oinezkoentzako eremua, beraz, bi halako izango da: guztira, 840 metro izango da luze. “Leioaztarrek bizitzeko, egoteko, dantzatzeko, jolasteko… leku gehiago izango dute lan hauei esker”.

Avanzada

Zarata txikiagoa

Herria mozten duen lubakia izateaz gain, errepidea kutsadura akustikoaren eragile garrantzitsua ere bada. 2.900 herritar inguru bizi dira errepide bazterrean lehen ilaran dauden etxebizitzetan. “Gauero 55 dezibeletik gorako zarata sufritzen dute. Estaltzeko lan hauei esker, horietatik %82k ez dute gehiago zaratarik entzungo”. Horrez gainera, estali gabe geratuko diren zatietan zarataren aurkako panelak ipiniko direla ere iragarri du diputatuak.

Eraiki zirenetik egungo tunelak oso gutxi aldatu direla nabarmendu du. Obra hauek aprobetxatuko dituzte gaur egun tuneletako segurtasuna arautzen duen Bizkaiko foru arauak eskatzen dituen parametroen arabera egokitzeko. “Argiztapena, aireztapena eta segurtasuna hobetuko dira”, zehaztu du Pradalesek. Besteak beste, oinezkoentzako larrialdi irteerak egingo dituztela esan du.

Argiztapenari lotuta, energia nondik lortuko den ere aurreratu du. Tunela bukatzen den alde bietan, kapela modukoak egingo dituzte, 90 metro luzekoak. Ezingo da haien gainetik ibili. Beraz, inguru hori eguzki planak jartzeko aprobetxatuko dute.