Bederatzi konpainia ariko dira Sestaoko 34. Txotxongilo Jaialdian

O. Enzunza Mallona

Pandemiaren ondorioz joan den urteko aldia bertan behera geratu ondoren, indartuta itzuliko da Sestaoko 34. Txotxongilo Jaialdia. Bilboko jaialdia lez, Sestaokoa ere bihar hasiko da, eta astebete iraungo du.

Adin guztietako publikoarentzako bederatzi emanaldi eskainiko dituzte aurtengo saioan. Eduardo Aban Sestaoko Kultur zinegotziaren hitzetan, “egitarau paregabea” prestatu dute oraingoan ere. “Aurtengo egitarauak maila goreneko bederatzi antzezlan izango ditu”, adierazi du. Horietatik lau nazioarteko taldeak izango dira; hain zuzen ere, Espainiakoa, Greziakoa, Alemaniakoa eta Poloniakoa. Horiez gainera, Arabako, Nafarroako eta Bizkaiko konpainiek ere parte hartuko dute Sestaoko topaketan.

Hilaren 28ra arte iraungo du aurtengo jaialdiak, eta gaztelerazko obrak izango dira nagusi; lau, zehazki. Euskarazko lanak bi izango dira, eta, gainerako hirurak, mutuak.

Aukera zabala

Hilando Titeres (Espainia) konpainiak zabalduko du aurtengo aldia, Juan Feroz & Lobo Lopez ikuskizunarekin. Hori bezala, beste emanaldi denak Sestaoko Musika Eskolan izango dira, eta bertara azaldutakoek lau euro ordaindu beharko dituzte. Etzi, Los sueños de Fausto (Espainia) konpainiaren txanda izango da, Jean Pierre el pirata obrarekin. Astelehenean, berriz, Gasteizko Teatro Paraiso antzerki taldeak Uniko lana aurkeztuko du.

Hurrengo egunetarako ere eskaintza zabala prestatu dute Sestaoko jaialdian. Hurrenez hurren, honako antzerki emanaldi hauek izango dira ikusgai: Sueños de arena (Ytuquepintas antzerki konpainiarena), Oilar bat dago zure teilatuan (Titiriguiri), Harritzeko ipuinak: Tartalo eta sorgina (Titeres Bihar), Los hilos de la música (Antamapantahou), Niyar, una historia de papel (Maayan Lugman) eta Kukuryku (Ola Muchin).