Amua irensteko irrikaz

Amua irensteko irrikaz

Amaia Igartua Aristondo

Hainbatetan egin dute topo euren ibilbideetan, bakoitzaren jomugak sarritan izan baitira bestearen interesgune ere. Hori horrela, ez dirudi hain ezohikoa Ondarroako Udaleko Berdintasun eta Euskara sailek aurten hartutako erabakia: bateratu egin dituzte hurrenez hurren antolatzen dituzten Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguneko eta Literatur Amuak jaialdiaren egitarauak, eta bata bestearen segidan aldarrikatuko dituzte feminismoa eta euskal literatura. Hala iradokitzen da Txakur Gorria kolektiboak diseinatutako kartelean ere, hari batzuek batzen baitituzte ekintzok.

Azaroaren 25aren harira antolatutakoak datorren asteartean bukatuko dira, eta ostegunetik abenduaren 5era egingo dute Literatur Amuak. Ezinbestean, gertutasunak izan du eraginik festibaleko egutegia osatzerakoan, Ondarroako Euskara zinegotzi Arantza Atxurrak azaldu duenez. “Beti saiatu gara berdintasun irizpideak kontuan hartzen, baina oraingoan nahi genuen bereziki eta espresuki horixe utzi agerian”.

Berdintasuna txertatzen ahalegindu dira, batik bat aintzat hartuz emakume sortzaileak. Esaterako, Maribel Aiertzaren Ezer ez da dirudiena ipuin liburu berriarekin ekingo diote jaialdiari. Muina literatura den arren, festibalak bestelako diziplina artistikoetara jotzen du, eta horietan ere aplikatu dute parekidetasuna: Metrokoadroka konpainiaren Andrezaharraren manifestua antzerkia taularatuko dute, Mari Luz Estebanen izen bereko olerki liburuan oinarritutakoa; Anariren kontzertu bat egongo da, eta Olatz Salvadorren beste bat proiektatuko dute. Orobat, Alain Lersundiren Nire zigilua antzezlanak homofobia du hizpide, hortaz, genero ikuspegia jorratzen duela nabarmendu du Atxurrak.

Ohiko formatua

Urtero egiten diren ekintzek ere tokia izango dute aurtengo programazioan. Esaterako, Liburuen Amuak Ondarroako irakurle klubaren saio bat antolatu dute, eta Pello Lizarralde izango da egile gonbidatua. Euskararen Egunean, abenduaren 3an, Zubikarai sariak nabarmenduko dira: XXI. aldiko irabazlea iragarriko dute, eta XX. aldiko saridunaren eleberria aurkeztu: Lander Garroren Faith (Elkar, 2021). Autoreak solasaldia izango du gero Joxemari Urteaga idazlearekin eta Xabier Mendiguren editorearekin.

Hitzekin jolastea ere proposatzen du jaialdiak, Abere ba palindromo ilustratuen erakusketaren bitartez. Ezkerretik zein eskuinetik hasita berdina den hitza da palindromoa, eta, erakusketa ez ezik, letra eta hitz jolas ikastaro bat ere egiteko oinarria izango da, 8 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Haurrei zuzenduta dago, halaber, Ondarroako kondairak ikuskizun sentsoriala, Ondarroa inguruko ipuinak liburuan oinarritutakoa. Hitzei doinua jarriko diete, bestalde, Mikel Etxaburuk, Izaskun del Cerrok eta Nerea Zuloagak Oroitzen hondarra nota txikietan poesia errezital musikatuan. Nanoipuinen lehiaketako sariak ere banatuko dituzte.

Euskara, berdintasuna eta kultura, bidea egina duen jaialdi batean uztartuta. “Herrian errotuta dago; jendeak buruan du dagoeneko”, zinegotziaren arabera.