Amaia Galindez: “Oso zaila da lagun batek izandako jarrera bat seinalatzea”

Amaia Galindez: “Oso zaila da lagun batek izandako jarrera bat seinalatzea”

O. Enzunza Mallona

Gune okupatuetako errealitatea feminismoaren ikuspuntutik aztertuko dute bihar Okupazio esperientziak, hausnarketa feminista mahai inguruan. Karmela gune autogestionatuko, Billboko Deustuko eta Zazpikatu gaztetxeetako eta Portugaleteko Sastraka gaztetxeko lau emakumek parte hartuko dute solasaldian, hain zuzen. Azken horretako ordezkari izango da Amaia Galindez (Barakaldo, 1991). Bihar izango da mahai ingurua, Sastrakan, arratsaldeko bostetan.

Zer landuko duzue Okupazio esperientziak, hausnarketa feminista mahai inguruan?

Solasaldian parte hartuko duen emakume bakoitza gune okupatu batetik dator. Ondorioz, asmoa da, printzipioz, leku alternatibo horietako benetako errealitatea ezagutzea, ikuspuntu feminista batetik. Besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko harreman motak aztertuko ditugu, eta, bakoitzaren esperientzien berri emateaz gain, askotariko hausnarketak egingo ditugu.

Nondik sortu zen halako hitzaldi bat egiteko ideia?

Alde batetik, gure esperientziatik. Gaztetxean bertan botere harremanak daudela nabaritu genuen, eta beste gaztetxe batzuen errealitatea ezagutzeko gogoa piztu zitzaigun. Bestetik, duela hamar urte Pili Alvarezek gaztetxeetako genero ikuspegiari buruzko ikerketa bat egin zuen, eta ondorioztatu gizartean nabariak diren arazo eta egoerak gaztetxeetan ere gertatzen direla. Hortaz, gai hori ere hizpidera ekarri nahi izan dugu, aurrerapausoak eman diren ala ez ikusteko.

Oro har, gaztetxeak eremu ez-sexistatzat hartu ohi dira. Baina nolakoa da errealitatea?

Hitzez eta formalki, gaztetxe guztiak ez-sexista gisa irudikatzen dute beren burua. Baina errealitatean zer gertatzen da? Gauza bat da zeure burua nola identifikatzen duzun, eta beste bat egunerokoan zer gertatzen den. Hori ikusi eta aztertu nahi dugu solasaldiaren bitartez.

Sastrakan halako egoeraren baten lekuko izan zarete?

Urtebetetik gorako ibilbidean denetarik izan dugu. Hala ere, azpimarratzekoa da emakume asko eta askok alde egitea erabaki dutela, asanbladetan eroso sentitzen ez zirelako. Hain zuzen ere, kezka horretatik abiatuz hasi ginen gaia lantzen.

Eta noizbait hitz egin duzue horren inguruan gaztetxean?

Bai. Gaztetxea sortzearekin batera, eraso matxisten aurkako protokoloa egiteko talde bat sortu genuen, eta, ordutik, martxan gaude. Hainbat egoeraren lekuko izan gara, eta horiek hizpidera ekarri nahi ditugu. Funtsezkoa iruditzen zaigu egoera horiek ikusaraztea, eta gaztetxean, behintzat, badago jarrera horiek aldatzeko asmoa eta gogoa.

Botere harremanak identifikatzea zailagoa da gune aske izendatutako lekuetan?

Zalantzarik gabe. Eskuin muturreko diskurtsoetan, esaterako, oso argi identifikatzen ditugu halako egoerak, baina gisa honetako guneetan ez da batere erraza. Gizarteko rolek sekulako eragina dute gugan. Eta ideologikoki badakizu zure lagunak ez duela hala pentsatzen, baina oso zaila da izan duen jarreraren bat seinalatzea minik eman gabe.