Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak hogei euro garestituko du faktura

I. Maruri Bilbao

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak urteko batzar nagusia egin zuen eguaztenean Bilboko Euskalduna jauregian. 199,5 milioi euroko aurrekontua onartu dute 2022rako; hau da, aurtengoa baino %3 handiagoa izango da. Erakundeak inoiz izan duen diru kopururik handiena izango da datorren urtekoa. Kontsumitzaileengan eragin zuzena izango du, uraren faktura urtean ia hogei euro garestitzea jaso duelako aurrekontuak: hiruhilekoko faktura aurten baino 4,8 euro handiagoa izango da.

Partzuergoak hainbat arrazoi aipatu ditu fakturaren garestitzea arrazoitzeko. Batetik, Busturialdeko Ur Partzuergoak eurenarekin bat egingo duela urte hasieran; ordutik, Bizkaiko partzuergoak 1,1 milioi bizkaitarri emango die zerbitzu. Hain zuzen ere, eguazteneko batzarrean bozkatu zuten Busturialdetik iritsitako bat-egite eskaera, eta oniritzia eman zioten. EH Bilduko ordezkariek aurka bozkatu zuten, uraren tokian tokiko kudeaketa babesten dutelako.

Bestetik, Bizkaiaren egoera ekonomikoa ere erabili dute igoera justifikatzeko. KPIaren igoera, argindarraren garestitzea eta uraren kanona ere aipatu dituzte. Fakturaren garestitzeak aurrera jarraituko duela gogoratu zuen Pedro Barreiro kudeatzaileak; izan ere, gaur egun kontsumitzaileek ordaintzen dutenarekin uraren zikloaren kostuen %86 ordaintzen dute, eta Europako Uraren Zuzentarauak %100 ordaintzea eskatzen du.

Hornidura eta sanemandua

Herenegun onartutako aurrekontu osoaren % 32,8 —65,6 milioi euro— saneamendu eta hornidura azpiegituretan inbertsioak egiteko erabiliko dute, eta baliabide propioekin finantzatuko dira ia osorik. Hornidurari dagokionez, 33 milioi euro inguru bideratuko dira lan hauek egiteko: Enkarterriko horniduraren bigarren faseko obrei jarraipena emango diete; Beteluriko edateko ura tratatzeko plantako ikatz aktiboaren eta ozonoaren instalazioa berrituko dute; banaketa sareetan egingo diren obrek 1,4 milioi euro jasoko dituzte; udal hornidura sarean sute ahoak instalatzeko obrak egingo dituzte; eta Barakaldoko La Floridako biltegia sendotuko dute. Ondarroan, ur arrearen arazoa konpontzeko, 150.000 euroko hobekuntza lanak egingo dituzte Gorozikako plantan.

32 milioi bideratuko dituzte saneamendura. Diru gehiena lurralde historikoko ekaitz andelen sarea hedatzen jarraitzeko erabiliko da: Zuazo-Galindoko andelari dagokionez, 11,6 milioiko inbertsioa egingo dute. Muskizko araztegia handitzeko eta berritzeko lanak ere egingo dituzte 2022an. Bediako ur zikinen araztegia Galindo sisteman sartuko da.