“Neskek garrantzia izan dute plazan”

“Neskek garrantzia izan dute plazan”

Amaia Igartua Aristondo

Iurretako emakume dantzarien historia grafiko bat da, gutxi-asko, Joseba Agirre Iketza-ren (Iurreta, 1959) bigarren liburua: Tanboliña dabil (Gerediaga elkartea, 2021). 400 argazki baino gehiago bildu ditu, baita zantzu dokumental batzuk ere, zeintzuek adierazten baituten gutxienez XIX. mendetik egin izan dutela dantza publikoki udalerriko andreek. 2019ko Urrijenan parte hartu zutenek doan lortu ahalko dute, herriko fotokopia dendan, eta, bestela, 8 euroan eskura daiteke. Durangoko Azokan ere egongo da salgai. Iurretako Udalaren, sei kofradien eta Zarate eta Elexpe eraikuntza enpresaren laguntza jaso du liburuak.

Zergatik erabaki zenuen Tanboliña dabil liburuaidaztea?

Aurretik publikatutako liburuan, Iurretako Dantzariak 1891-2004, mutilen argazkiak baino ez zeuden, garai hartan mutilek bakarrik egiten zutelako dantzari dantza. Publikatu ondoren, hasi nintzen pentsatzen neskek ere beren partea zutela plazan, eta argazkiak batzen hasi nintzen.

XIX. mendetik egin izan dute dantzan, hain zuzen.

[Wilhelm von] Humboldtek idatzi zuen 1801ean neskak ikusi zituela gorulariak dantzatzen Durangaldeko euskal jaietan: estanpa, arku dantza eta domingiloa. Dantza horiek galdu egin ziren 1936ko gerran; gerora, Iñaki Irigoienek Humboldtek idatzitakoa topatu zuen, Jose Javier Abasolo Tiliño eta beste batzuekin batera dantzak berreskuratu, eta 1973an atera zituzten. Gainera, Jon Irazabalek topatu zuen Edward Bell Stephens kazetariaren idazki bat, non kontatzen zuen 1837an [Espainiako] Karlos V.a etorri zela Durangotik Iurretara San Miguel jai batzuetan, eta ikusi zituela neskak sokadantza egiten. 1995ean, orduko Iurretako taldeak atera zuen ostera ere plazara neskek egindako sokadantza.

Bazenuen emakume dantzari haien berri, edo libururako ikertzen ezagutu zenituen?

Gure taldeek beti egin izan dute dantza neskekin: hasieran irlanderak dantzatzen zituzten, eta 1970etik, gorularia. Ikerketa hasita jakin nuen sokadantza ere egiten zutela. Baita gure nagusiei entzunda ere. Neskek ere garrantzia izan zuten plazan, dantzariak ere izan ziren.

Zer erakusten du liburuak?

Ia dena argazkiak dira. Anton Mari Aldekoa-Otaloraren sarrerak esplikatzen ditu Humboldten eta Karlos V.arenaren ingurukoak, eta Eñaut Aiartzaguenaren kopla batzuk ere badaude, kartzelan egon zenean bere taldeari ateratakoak, eta 2018ko dantzari berriei egindakoak. Bost urtetik behin Urrijena egiten dugu, eta 2014ra arte mutilek hartu izan dute parte, dantzari dantzari buruzkoa zelako; urte hartan, neskek ere hartu zuten parte. 2018an, ja neska-mutilak nahastuta atera ziren dantzari dantza egitera, eta berdin 2019ko Urrijenan. Egun hartako argazkiekin amaitzen da liburua. Irudirik zaharrena 1953koa da, ordea: Iurretako plazan daude dantzan eskolako emakumeak eta neskak.

Argazkiak biltzeaz gain, bertan ageri diren pertsonak ere identifikatu dituzu.

Saiatu naiz topatzen izen, abizen eta bigarren abizenak, jakiteko belaunaldi desberdinetako nortzuk egon ziren dantzan, eta erakusteko Iurretako neskek dantzatu zutela Errenterian [Gipuzkoa] edota Iruñean.

Non topatu dituzu?

Antzinakoak, gehienbat, elizan. Aurreko libururako ere, berdin. Jaiotza eta heriotza datak bilatu nituen han. Eta ahoz aho ere topatu ditut beste izen batzuk. Eskerrak Iurretako jende bat beti egon dela prest argazkiak uzteko eta izenak aurkitzen laguntzeko. Bereziki Iñaki Irazabal, hainbat argazki utzi dizkidalako, eta [Xabier] Txebi Arriaga. Iurretako fotokopia dendako Edu Briñasek egin du liburuaren muntai guztia, eta argazki batzuk egokitu ditu.

Lehen liburua 2004an argitaratu zenuen. Ordutik ari zara neska dantzarien inguruan ikertzen?

2004an erabaki nuen beste liburu bat egitea. Ni postaria izan naizenez ogibidez, ohituta nengoen batekin eta besteekin hitz egitera, jendearen izen-abizenak ezagutzera… 2004an hasi nintzen argazki zaharrak bilatzen. Kameran ez dute ezer egiten, argazkiak publikatu egin behar dira.

Oro har, noiz hasi zinen Iurretako dantzariez ikertzen?

1990eko urteen hasieran.

Eta zergatik?

Azken batean, Iurreta herri dantzaria da: orain gutxiago, baina lehen familia edo etxe bakoitzeko baten bat dantzaria izaten zen. Ni ere dantzaria izan naiz, eta noizean behin oraindik ere banaiz. Antzinatik gorde izan ditut argazkiak, eta hasi nintzen bertan agertzen zirenak nor ziren jakin nahian, galdetzen, eta, ondorioz, argazki gehiago ekarri zizkidaten, jendeak gordeta zituenak. Zaletu egin nintzen.

Ikertzen jarraituko duzu?

Bai, orain bizioa delako. Beste asmo txiki bat dut buruan hurrengo urterako: Iurretako kuadrillen argazki zahar pila daude, bazkariak, kinto despedidak eta halakoak askotan egiten zirelako. Dena dela, jarraituko dut dantzarien argazkiak gordetzen.

Zure lanaren helburu garrantzitsuenetako bat bada istorio horiek ezagutaraztea.

Inportanteena da herriak jakin dezala nortzuk egin izan duten dantzan, gutxi gorabehera.

Iruditzen zaizu transmisioa eten dela, istoriook ahazteko arriskua dagoela?

Garaiak egoten dira. Gu 7-8 urterekin hasi ginen dantzan, eta gorakada bat egon zen, Francoren denbora ere bazen… Momentu honetan gainbeheran dago, bai Iurretan, bai eta beste leku batzuetan ere. Umerik ez dabil, eta helduak ere, gutxi.