Olatz Enzunza Mallona
Historian barrena bidaiatzeko aukera ematen du Muskizko Pobal burdinola museoak. Garai batean, Barbadun ibaiko uraren indarra baliatuz lantzen zen burdina bertan. Eta, gaur egun, oraindik ere, martxan dirau. Silvia Rubio museoko hezkuntza teknikariaren arabera, “leku zoragarrian” dago, eta XVI. mendera arte jauzi egiteko aukera ematen du: “Bizkaiko zein Euskal Herriko iragana ezagutzeko aukera ezin hobea da burdinolako bisita”. 2004an ireki zituen ateak, burdinaren historia ahaztu ez zedin.
Bizkaiko burdingintza Erdi Arotik da ezaguna. Baliabide naturalik ez zen falta inguruan; Muskizko meatzeek primerako ikatza ematen zuten, eta ibai eta erreketako emariak indarrez jotzen zuen. Horrez gainera, itsasorako bide ona ere bazeukan.
Pobalekoa lantegi hidraulikoa da, eta, hain zuzen, ezaugarri horrek egiten du berezi lekua: “Berezitasunik nabarmenena da azpiegitura hidrauliko osoa behar dela makineria martxan jarri ahal izateko”. Errekako uraz baliatzen dira gurpil hidraulikoa eta metala jotzeko, eta hala mailua mugitzeko.
XVII. mendean lortu zuen burdinolak osperik handiena: tailerra handitzearekin batera, azpiegitura hidraulikoa berreraiki zuten. Hala ere, gaur egun ikusgai dauden hainbat eraikin eta tresna XIX. mendearen amaierakoak dira: “Azken olagizonak eginahaletan ari ziren teknologikoki aurreratuago zegoen aro berri batean lehiakorrak izaten jarraitzeko”. Hala, burdin harria lantzearekin batera, mota guztietako lanabesak eta tresnak egiten ziren bertan.
Burdinolaren inguruan, berriz, produkzio gune oso bat zegoen antolatuta: olagizonen etxebizitzak, irin errota, ogi labea, baratzeak eta mendiak, egurrez eta ikatzez hornitzeko. “Monumentu multzo izendatuta dago”, nabarmendu du Rubiok. Hau da, burdinola da multzoa osatzen duten eraikinetan nagusi, baina, horrez gainera, irin errotaren gela eta Salazar sendiaren jauregia ere badaude, besteak beste.
Egun, Bizkaiko industriaurreko bi jarduerarik garrantzitsuenak erakusten dira: burdingintza eta errotaritza. Gainera, bertaratutakoek aukera izaten dute horiek zuzenean martxan ikusteko: “Paraje zoragarria da, baina horiek bisitatzeko modu bakarra bisita gidatua egitea da”.
Martitzenetik domekara bitarte, orduero eskaintzen dituzte bisita gidatuak. Gainera, prozedura ezagutzeaz gainera, erakustaldia egiteko tartea ere hartzen da. Datorren astetik aurrera, neguko ordutegia ezarriko da: “Apirilera bitarte, goizez baino ez gara egongo”. Hala ere, Rubioren hitzetan, zapatuak dira bisitarako egunik berezienak: “Mailua da museoko altxorra, eta hori larunbatetan baino ez dugu martxan jartzen, kontserbatu eta mantendu egin behar delako: errementariak burdinazko barra bat berotzen du, eta, mailuarekin joz, erakustaldia egiten du”.
Urterik urtera bisitari kopurua gorantz doala nabarmendu du Rubiok, eta, alde horretatik, “pozik” daude: “Museoaren osasuna oso ona da: jende asko erakartzen du”.
Salazar sendiarekin lotura
Izatez, Salazar familiak eraiki zuen Pobaleko burdinola, XVI. mendearen hasieran. Garai hartan, bandoen artean banatuta zegoen Euskal Herria, eta salazartarrak Meatzaldeko eskualdearen jabe ziren. Burdinola martxan jarri ondoren, beste berrehun bat urtean eutsi zion burdingintzaren negozioari.
Salazar familia Muñatones gazteluan bizi zen, eta, egun, leku horrek ere “esanahi berezia” du, Rubioren hitzetan. “Bi leku direla uste arren, elkarren artean lotuta daude”, azaldu du. Gaur egun ere, harreman hori nabarmena da. Izan ere, burdinolatik bideratzen da gazteluko programazioa: “Oso eraikin garrantzitsua da; Otxoa de Salazarrek eraikiarazi baitzuen burdinola”.
Eraikin bakoitzak bisita gidatu bat eskaini arren, elkarren artean “osagarri” direla dio hezkuntza teknikariak: “Bizkaiko iraganaren alderdi ezberdinak eskaintzen ditu bakoitzak, baina bi lekuek garai horiek gogora ekartzeko ahalmena dute”.