Barne sailburuak esaten du

Sekulako eztabaida daukat erraietan. Egundokoa. Nire barreneko Elikagaien sailburua eta Osasun sailburua ika-mikan ari dira. Zapatu gaua bada eta Elikagaien sailburuak Domino’s Pizza oso bat irenstea agintzen badit, berehala dator bestea, jeloskor, trukean Domyos arropa jantzi eta kiroldegira jo beharko nukeela mehatxatzera. Egoera nekagarria da. Ez dago horrela bizitzerik. Baina alde ona da datozen egunetan aldaketa haizeak etorriko direla. Hori diote, behintzat, nire barneko inkestek. Osasun sailburuak bere eragin esparrua handitu eta pitzadura eragingo duela Elikagai sailburuaren koipeztatze sisteman. Izan ere, asteon kiroldegira joateko ohitura berreskuratu dut. Urte eta erdi baino gehiago eman dut handik kanpo. Eta koitadu-koitadu, hor aritu naiz makinetan jo ta fuego Bakarne baino bakartiago, Zigor baino zigortuago, eta, bereziki, Errukiñe baino errukarriago. Baina, aizue. Funtzionatu du. Osasun sailburuak bete-betean asmatu du. Kirola egiteak ondo sentiarazi nau. Eta hainbesterainokoa izan da haren lorpena, Elikagaien sailburua behartuta sentitu dela bere estrategia politikoa aldatzera. Sukaldaritza beganoari buruzko bi liburu enkargatu dizkio Durangoko liburu denda bati.

Baina gauzak ez dira hor bukatu. Izan dut zarraparra gehiago. Kirola berreskuratze horrekin hain egon naiz pozik, selfie bat egin, story bat sortu, Instagramera igo, eta inork halakorik eskatu barik, munduari kiroldegira joan naizela komunikatu diodala. “Kaixo, mundua! Burusoil bizardun koipelustre hau Abadiñoko kiroldegira bueltatu da atzera ere!”. Komunikazio sailburua pozik igarri dut. Eskubete like lortzeaz gainera, sudurretik ego marra bat sartzeak dakarren zirrara sentitu du. Aldiz, sutan ipini dena Segurtasun sailburua izan da. Bere buru-fax hotz horietako bat bidali dit sepia koloreko paperean: “Kontuz. Zure egoa puzte aldera munduari komunikatu diozu kiroldegira itzuli zarela. Ados. Baina kontuan hartu zurea bezalako bizimodu umilak zelatatzeaz arduratzen diren sare sozialetako balizko lapurrei, etxea zein ordutan libratzen duzun adierazi diezula”. Txalo bero bat. Segurtasun sailak, oraingoan borrarik erabili barik, ordena ipini du nire eginbeharretan.

Sailburu saltsa honen azken kolpea anbulatorioan izan dut. Osasun sailburuak kontsulta bat egitera bidali nau medikuarenera. Eta han, itxarongelan egon naizela, ezagun batekin egin dut topo. “Aspaldiko! Zelan? Dena ondo?”. “Bai, basektomia egin dut eta hona nator, alta jasotzera. Zu ondo?”. Basektomia. Komunikazio sailburuak ez du erantzuten jakin. Nahasita sentitu da. Ezohikoa den gai bat modu naturalean kontatu daitekeela jakiteak bistaratu dio dena ez dela sare sozialetako aldarte happy batekin komunikatzen. Dena ez delako Instagrameko zoriontasun, irribarre behartu eta filtro. Azkenean, Komunikazio sailburuak eskertu egin dio gaia tratatzeko naturaltasun hori. Hezur haragizko story-ak, ikusten ez direnak, filtro barik kontatu behar direlako naturaltasunaren eta ikusgaitasunaren mesedetan.