Ibai Maruri Bilbao
Izenak argi adierazten duen moduan, artea eta historia dira Durangoko Arte eta Historia Museoaren lan ildo biak. Eta ez edozelako artea: euskal arte garaikideari eskainitako aretoa daukate. “Bilboko Arte Ederren Museoan dauden artisten lanak ditugu. Esan dezakegu arte ederren museo txikitxo bat daukagula Durangon”, esan du museoko koordinatzaile Garazi Arrizabalagak. Jose Luis Zumeta, Rafael Ruiz Balerdi, Agustin Ibarrola, Mari Puri Herrero, Andres Nagel, Jose Maria Uzelai… aipatu ditu. Eta aurten Dario de Regoyos ere batu dute taldera. Urte hasieran, Durangoko Udalak margolari inpresionista espainiarraren Merkatua Durangon olio pintura erosi zuen: 1905ean Andra Mari elizpean ikusi zituen saltzaileak eta herritarrak margotu zituen.
Hain zuzen ere, artelan horiek Leopoldo Zugazaren “herentzia” direla esan du. Besteak beste, Durangoko Arte eta Historia Museoaren sortzailea izan zen Zugaza. Arrizabalagak kontatu du hark antolatutako artista horien erakusketak aprobetxatu eta obrak erosi zituztela museoaren bildumara gehitzeko. Gainera, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariaren aita da Leopoldo Zugaza.
Arrizabalagak aitortu du arte garaikideko bilduma hori eta museoa, oro har, ezezagunak izan direla durangar askorentzat. “Gero eta ezagunagoa da. Sare sozialek asko lagundu digute horretan. Baina oraindik lan handia dugu egiteko”. Azaldu du aldi baterako erakusketa batzuekin lortu dutela kanpoko jendea erakartzea. “[Pablo] Picassoren, [Salvador] Daliren, [Eduardo] Txillidaren edo, orain, Regoyosen erakusketak izan ditugunean, bisitari asko etorri zaigu. Bertoko artistenak izaten direnean, ostera, gutxiago izaten dira”. Durangoko eta Durangaldeko bisitariak izaten dituzte batez ere, eta baita Bilbo aldetik eta Euskal Herriko beste inguru batzuetatik iritsitakoak ere. Udako oporraldian, Espainiatik, Herrialde Katalanetatik, Frantziatik eta Erresuma Batutik joaten zaizkie turistak.
Gaur-gaurkoz, hiru durangarren erakusketak dituzte ikusgai. Ander Berrojalbizek akelarre berbaren inguruan antolatutakoa da lehena: hitza lehen aldiz idatzi zuten hiru dokumentuek osatzen dute erakusketa; XIV., XV. eta XVI. mendeetakoak dira. Zaharrena, 1370ekoa da, eta hitza bokelane modura agertzen da. Horrez gainera, Amaia Lejarretaren margolan koloretsu eta intimoak ere ikus daitezke, azaroaren 28ra arte. Bi bisita gidatu antolatu dituzte erakusketa bakoitzerako. Azkenik, eraikinaren kanpoko aldean Txelu Angoitiaren collagea ikus daiteke. Durangarren erradiografia bat egin du, ehun erretratuko bildumarekin. “Biztanleria irudikatzen dute, ehunekotan. Ikerketa soziologiko bat egin dugu”. XVIII. mendeko eraikin barroko baten fatxadan eskegita dago. Izan ere, Etxezarreta jauregia du egoitza museoak; 1986an sortu zenetik, hirugarrena. Ameriketatik bueltatu zenean eraiki zuen Joaquin Etxezarreta izeneko indiano durangarrak.
Durangoren eboluzioa
Durango dagoen inguru horren bilakaera ere kontatzen du museoak, historiaurretik gaur egunera arte. 2018an zaharberritu zutenean, horretarako areto berezi bat sortu zuten. Erakusketaren alde didaktikoa nabarmendu du Arrizabalagak. Aroka edo garaika antolatuta dago. “Erraz ikus daiteke herriaren eboluzioa. Ez dago material askorik, baina testuen eta ditugun materialen bitartez, ondo ezagutzen da”. Maketa bat dago, berbarako, eta XV. mendeko Durango zelakoa zen erakusten du. Berebiziko garrantzia du aretoak, koordinatzailearen esanetan: “Zabaldu zuten arte, Durangon ez da inon egon 1936ko gerrari buruzko informaziorik, eta herri hau behin baino gehiagotan bonbardatu zuten”.