Diru gehiago behar du Athleticek

Diru gehiago behar du Athleticek

Ibai Maruri Bilbao

Bihar egingo du Athleticek bazkide konpromisarioen urteko batzar nagusia, San Mames futbol zelaian. Ekainetik karguan dauden 1.206 bazkide ordezkari berrien lehena izango da. 2020-2021eko denboraldiko kudeaketa txostena eta 2021-2022ko denboraldirako aurrekontuaren inguruan bozkatuko dute. Klubaren egoera ekonomikoak zeresana eman duen honetan eztabaidatuko dute diru kontuez. Izan ere, zuzendaritza batzordeak ohartarazi du “ezinbestekoa” dutela diru sarrerak handitzea “klubaren bideragarritasuna bermatzeko”. Aitor Elizegi presidentearen agintaldiko azken batzarra izango da.

COVID-19aren pandemiak nabarmen erasan dio Athleticen balantze ekonomikoari. Baina azken urte eta erdiko diru sarreren beherakada ez da izan eragile bakarra. Egiturazko arazoa du taldeak, egoera normaletan ere ez duelako finantza orekarik lortzen. Presidenteak esan du itsulapikoan hiru denboraldiri aurre egiteko dirua dutela, Ander Herrera, Javi Martinez, Kepa Arrizabalaga eta Aymeric Laporte saldu zituztenean jasotakoari esker. Baina ez da aski. Horregatik, klubak “ahalegin gehigarri bat” eskatu die bazkideei. COVID bazkide saria izenekoa sortu gura dute: bazkideek 120 euro ordainduko lituzkete, eta 5,2 milioi euro lortuko lituzke klubak. “Iaz, bazkide saria ordaindu zuten, baina, martxoan, lehia bertan behera geratu zen. Jokatu gabeko partidengatik itzuli behar diegunaren parte bat guri uzteko eskatzen diegu, lau partidagatik ordaindu beharrekoa”, azaldu du diru kontuen arduradun Jon Ander de las Fuentesek.

Bazkide askorengan haserrea eragin du proposamenak. Sare sozialetan zabaldutako kritiketan salatu dute “klubak hartutako erabaki okerren ondorio” dela. Zuzendaritzaren aurka agertu diren bazkideetako bat da Javier Clemente Athleticeko entrenatzaile ohia eta Libiako egungo hautatzailea. “Ordaintzeko gaitasuna” duenez, 120 euroko bazkide sari hori “gustura” ordainduko duela esan du Clementek, baina azken urteetan kluba gidatu dutenak egin ditu ordaindu behar izatearen erantzule. “Kirol eta ekonomia ezagutzarik ez duen jendea ari da aspaldian kluba zuzentzen, baina oso garrantzitsuak diren erabakiak hartzen dituzte egunero. Athleticen egoera oso larria da”.

De las Fuentesek esan du pandemia garaian futbol zelaia gutxiago erabili izanak “eragin itzela” izan duela diru sarreretan. Telebistako eskubideetan ere bi milioi euroko jaitsiera izan dute. Lehian lortutako emaitzengatik jasotzen dutena ez da izan espero zutena, hiru urtez jarraian Europatik kanpo geratu delako taldea. “Lehiatzetik ez lehiatzera alde handia dago: Europa ligako multzoen fasean sartuz gero, 8 eta 14 miloi euro artean lor daitezke denboraldiko”. Aurreko sasoia 25,5 milioi euroren galerekin bukatu zuen Athleticek, nahiz eta 20 milioi hartu dituzten itsulapikotik. Alde baikorra topatzen hasita, aurrekontua osatzean galera ia 25 milioi eurokoa izango zela aurreikusi zuten; leunxeagoa izan da kolpea.

Jokalariak saltzeko premia

Jokoan den denboraldirako, berriz, 5,3 milioi euroren galera jaso dute aurrekontuan. Diru sarrerak %17 haztea espero dute; hau da, 107,5 milioi euro izango dira. Era berean, lehiaketetan parte hartzeagatik 800.000 euro jasoko dituztela uste dute. 14,7 milioi euro gutxiago jasoko dituzte telebista eskubideengatik. Defizita 33 milioi euro ingurukoa izango dela aurreikusi dute, eta kopuru hori gutxitzeko beste 28 milioi euro hartuko dituzte aurreztutakotik.

De las Fuentesek ohartarazi du futbolariak saldu behar dituela Athleticek: “Talentua sustatzen baduzu, emaitza onak lortzen badituzu, irudia sortzen duzu. Orduan, zure jokalari horien truke gehiago ordaintzeko prest egongo dira beste talde batzuk. Sortzen duzun talentu horrek oxigenoa eman behar dizu itota zaudenean. Jendeak ulertu egin behar du”.

Klubaren asmoa da, beraz, Europara iristea eta Espainiako Kopan emaitza onak lortzea, diru sarrerak hazteko. Ondorioz, telebista eskubideengatik ere gehiago kobratuko luke. Klubaren azpiegiturei erabilera handitu nahi diete, eta jokalariak saldu. Guztia eurek nahi bezala ateraz gero, bideragarritasuna “bermatuta” legokeela esan du zuzendaritzak. Babesle berrien izena kamisetan, San Mamesen eta Lezaman jartzearekin ados agertu da Elizegi. Hala ere, zehaztu du ez dela ez agintaldi honetan ez hurrengoan izango.