Argindar fakturak beldurtuta

Azken hilabeteetan biderkatu egin da argindarraren prezioa; markak hausten ari da. Etxeetako fakturetan ez ezik, enpresetakoetan ere igarri dute. Sidenorrek, adibidez, lan egiteari utziko dio hogei egunez, urtea amaitu arte, aurrezteko. Enpresa eta negozio txikiak ere ahal duten moduan ari dira aurre egiten.

Ibai Maruri Bilbao

Joan den astean eman zuen Sidenorrek berria: urtea bukatu bitartean, gutxienez hogei egunez etengo du ekoizpena Basaurin duen plantan. Zortziehun langilek egiten dute behar han. Urtea amaitu bitartean, lan egunen %30etan itxita izango da. Langile batzordeari eta langile guztiei jakinarazi zieten ezin dutela jarraitu egungo ekoizpen erritmoan, argindarraren prezioaren “neurrigabeko” igoeraren ondorioz: “galerak” eragiten dizkio. Enpresak emandako datuen arabera, megawatt-ordua 260 euro ordaintzen ari da orain; duela urtebete, 60. Ondorioz, ekoizpen kostuak %25 garestitu zaizkio, 200 euro baino gehiago altzairu tonako.

Argindar kontsumitzaile handia da altzairugintza, eta Sidenorrek, beste altzairugile guztiek bezala, labe elektrikoak darabiltza mea eta txatarra urtu, eta altzairua sortzeko. Jose Antonio Jainaga Sidenorreko burua AEGE Espainiako energia kontsumitzaile handien elkarteko presidentea da. Salatu du argindarrak handizkako merkatuan duen prezio gero eta handiagoak zuzen-zuzenean egiten ziela kalte, enpresa gehienek ez dutelako epe luzerako preziorik hitzartuta.

Gainera, Iberdrolak ohartarazi du bezero handiekin dituen kontratuak berriro negoziatuko dituela edo bertan behera utziko dituela, kostuaren azpiko prezioetan ari delako saltzen. Kontratu finkoetan megawatt-ordua 70 eta 100 euro artean garestitzen ari dira. Izan ere, Espainiako Gobernuak isurketa askeen gainean ezarri duen zigor-saria industria handiak ordain dezan nahi dute.

Altzairugintzan eta industrian, oro har, nabarmen igarri dute argindarraren prezioak azken urtean izan duen gorakada; batez ere, udatik hona. Baina ez dira bakarrak. Enpresa eta negozio txiki asko ari dira egundoko sustoak hartzen argindar faktura iristen zaien aldiro, berria aurrekoa baino handiagoa delako. Sidenorrek nabarmendu du fabrikak ixteak funtsean ez duela arazoa konpontzen, eta iragarri du “argindarraren prezioaren kontrolik ezak jarraituz gero” beste neurri batzuk hartu beharko direla. Adituek egindako kalkuluen arabera, gainera, eraginkortasun energetikoari lotutako neurriak hartuz gero, gehienez fakturaren %4 baino ezin daiteke aurreztu.

Leticia Barreras
«Ordu merkeenetan gabiltza, eta hara zenbateko faktura»
Zapatuan iritsi zitzaion Leticia Barrerasi Karrantzan duen Matxako gozogintza lantegiko iraileko argindar faktura: «Urte hasieran ordaintzen genuenaren bikoitza baino gehiago da. Otsailean, abenduaren 31tik urtarrilaren 31ra artekoa, 850 euro ordaindu genuen; abuztuaren 31tik irailaren 30era arteko kontsumoagatik, 1.750 euro kobratu dizkigute oraingoan».
Faktura ikusi eta berehala, argindarra merkaturatzen duen enpresara deitu zuela esan du, konponbideren bat emango ziotelakoan. «Hainbat ekoizleren argindarra saltzen dute, eta ez omen dago guk duguna baino aukera merkeagorik. Gainera, azaldu zidan iraila ez dela bereziki garestia izan. Guk sei prezio tarte ditugu, eta hilabeteka txandakatuz joaten dira, hirunaka. Esan zidanez, irailekoan ez dugu prezio tarterik garestiena izan;  abenduan egokituko ei zaigu. Zenbat ordaindu beharko dugu orduan?».
Gutxienez, 2022ko martxora arte prezioak gorako bideari eutsiko diola ere azaldu zion telefonoz arreta eman zion langileak. Kontratua prezio finkoarekin egiteko aukera ere hor duela esan zion, baina ez zion halakorik egitea gomendatu, martxotik aurrera prezioak jaisten hasiko balira, hark ordura arteko garestiarekin jarraituko lukeelako. «Kontratua amaitzear dagoenean, harrapariak bezala, merkaturatzaile denak hasten zaizkigu deika, bateko eta besteko eskaintzak eginez. Orain ez al dute eskaintza berezirik egiteko? Orain behar dugu guk merkatzea. Ez dituzte bezeroak zaintzen».
Gozogintza lantegietan, batez ere, gauez egiten dute lan, goizerako oreak prestatzen, produktu fresko eta egin berriak merkaturatzeko. «Ustez, argindarra merkeen dagoen orduak dira, eta, hala ere, hara zelako faktura jaso dugun. Gehienbat egunez egingo bagenu lan, ez dut pentsatu ere egin nahi zenbatekoa iritsiko litzaigukeen». Badu gasolioz dabilen argindar sortzaile bat. Bururatu zaio hura erabili dezakeela. «Badakit gasolioa ere garesti dagoela, baina probatzea litzateke. Gastuak merkatzea lortuz gero, aurrera».
Lehengaiak ere, gora
Familia negozioa da eurena. Abenduan hartuko du erretiroa aitak. «Herentzia ederra hartuko dut. Lehengaien prezioak ere goraka dabiltza. Etorkizun hurbilak asko kezkatzen nau. Ez dakit nola egingo diogun aurre hainbeste gasturi». Esaterako, gurina eta gari irina ere gora eta gora doaz. «Hornitzaileari deitu nionean, esan zidan irin kamioia garestiago etorriko zaidala. Berriro? Duela hilabete ere garestitu zenuten eta!». Aitortu du azkenean ogiaren prezioa igotzea beste erremediorik ez duela izango. Urtarrilean, seguruenik.

Argindarraren prezioa
Xabier Aranburu
«Prezioak igo beharko ditugu, nahiz eta beldurra eman»
Hozkailuak, garagardo txorrotak, kafe makina, labeak… Basauriko Erretoki Arin taberna eta jatetxean ezinbestekoak dira tresna elektrikoak. Xabier Aranburu ugazabak esan du den-dena izaten dutela piztuta, 12:00etan hasi eta 16:00ak arte, eta 19:00etatik gauerdira arte. Negua gerturatu ahala, gainera, terrazan erresistentzia berogailuak erabiltzen dituzte. «Imajinatu dezakezu zenbat argindar kontsumitzen dugun gurean». Beraz, nabarmen igarri dute azken hilabeteetan prezioak izan duen gorakada: hilean 700-800 euro ordaintzetik, 1.800 ordaintzera igaro dira urte hasieratik. «Oraingoz ez ditugu gure produktuen prezioak igo, eta irabazien marjina are gehiago txikituta ari gara aurrera egiten. Baina horrela ezingo dugu iraun luzaroan; laster igo beharko ditugu».
Euren arazoa tresna elektrikoena da, eta esan du horien kontsumoa ezin dutela gutxitu. «Gainera, [Espainiako] Gobernuak egin duen ordukako erregulazio berri honekin, justu argindarra garestien dagoenean kontsumitzen dugu guk gehien. Berez, egun osoan kontsumitzen dugu, eta tarte merkeak eta tarte garestiak harrapatzen ditugu. Baina batezbestekoak gora egiten digu. Horregatik ez dugu aurrezteko modurik».
Familia negozioa da eurena. Azken egunetan izan duten eztabaida bat kontatu du: ogitartekoen eta hanburgerren ogia labean sartzen dute aurretik, zerbitzerakoan bero eta kurruskatsu egoteko. «Labea behin eta berriz erabiltzea esan nahi du horrek, ogi bat berotzeko. Amak esan dit hori egiteari utzi beharko geniokeela, argindar gutxiago kontsumitzeko. Ezetz erantzun diot nik. Kostuak gutxitzeak ezin dio eragin produktuen kalitateari. Prezioak igo beharko ditugu, nahiz eta beldurra ematen digun».
Krisialdi batetik bestera
Esan du eurentzat kolpe bikoitza dela argindarra garestitzea: «Batetik, guk geuk gehiago ordaindu behar dugulako, eta, bestetik, bezeroek ere gutxiago kontsumituko dutelako etxetik kanpo, euren faktura garestitu delako eta gure produktuak garestiago daudelako. Azkenean, gutizia bat da kanpoan jatea».
Pandemiak eragindako krisitik «irteten hasita» zeudela harrapatu ditu argindarraren prezioaren igoerak. «Orduan ere ez zigun inork lagundu. Geure aurrezkiekin egin diogu aurre. Guk negozioa handitu dugu, etxera eroateko jatekoa eskainiz, baina geure diruarekin egin dugu». Azken bost urteetan energia aholkularia dutela esan du, eta hari esker «egonkortasuna» lortu dutela. Hark lagundu die pandemian itxita egon diren hileengatik argindar konpainiak kobratu diena berreskuratzen. Orain ez daki zer aholkatuko dien. Aitortu du beldur dela, kezkatuta dagoela: «Orain prezioak igo? Eta garestitzen jarraitzen badu? Berriro igo eta bezeroak galdu?».

Argindarraren prezioa
Itxasne Gorostiza  
«Lanean ezin diogu utzi tresna elektrikoak erabiltzeari»
Gurea da, seguruenik, argindar gehien kontsumitzen dugun negozio mota», esan du Bermeoko Goros ile apaindegiko Itxasne Gorostizak. Argiak ispiluetan, ile lehortzaileak etengabe martxan, ilea lisatzekoak, toallak garbitzeko garbigailuak eta lehortzaileak… Ile apaindegietan denak kontsumitzen du argindarra, etengabe. Eta eurenean ere igarri dute fakturak gora egin duela. «Lehen baino 50 euro gehiago kobratzen digute hilean, eta guretzat asko da hori! Eta gutxiago kontsumitzeko ezin dugu ezer egin. Ezin diogu utzi tresna elektrikoak erabiltzeari; lanerako tresnak dira».
Esan du behar egitea dela egoerari aurre egiteko modu bakarra: ahalik eta bezero gehieni eman nahi diote zerbitzua, sarrerak handitzeko. «Zer beste egin dezakegu? Iberdrolara deitu kexatzeko? Badakigu ez duela ezertarako balioko». Oraingoz, bere negozioa ez du kolokan ikusten, lan aldetik ondo dabiltzalako. Gastuei aurre egiteko gai da gaur-gaurkoz.
Izan ditzakeen aukerak aztertuta, erabat baztertu du orain baino volt gutxiago kontratatzea, orduan ezingo lituzkeelako erabili tresna elektriko guztiak aldi berean. Negozioaren ordutegia murriztea ere alboratu egin du. «Astegunetan ordutegi berezia dut. Ez naiz egoten, aitzina legez, 20:00ak arte. 16:00etan zarratzen dut. Ezin dut gehiago murriztu eta eguerdietan zerbitzua emateari utzi. Bezeroekin konpromiso bat dut». Ordu kopuru bera, baina beste ordutegi batean egitea ere aztertu du, argindarra merkeago dagoenean lan egiteko, baina ez du bideragarri ikusi. «Ezin naiz egunero ordutegi merkea zein den begira ibili. Etxean, bai, baina hemen, ez. Adibidez, inoiz ipini izan dut garbigailua gauerdian, baina hori ere ez da konponbidea. Gu etengabe gabiltza toallak zikintzen eta garbitzen. Gauez garbitzen baditut, gero noiz sikatuko ditut hurrengo goizean erabiltzeko prest izateko?».
Prezioak gora
Egoera ikusita, Gorostizak argi du urtarrilean prezioak igo beharko dituela. «Zerbitzu guztiak garestitzen ari dira, eta gurea ere egin beharko da. Ez gara salbuespena izango. Bestela, hainbeste gasturekin, ez dugu irabazietarako tarterik izango». Oraindik ez du ezer zehatzik erabaki; badu astia urtarrilera arte, baina argi du ez dela igoera handia izango: «Zentimoren batzuk edo euroren bat izango da, baina, zerbait, bai».
Kezka du datorren urterako. Lanerako erabiltzen dituzten produktuak urte osorako ezarritako prezioarekin erosten dituzte. Azken hileetan KPI kontsumorako prezioen indizea gora doala ikusi du, eta seguru dago datorren urteko prezioa «nabarmen handiagoa» izango dela. «Gero eta zailagoa izango da hainbeste gasturi aurre egin ahal izatea. Momentuz, gu ondo gabiltza, eta espero dut aurrera egiteko arazorik ez izatea».