Aldundiak abegi familien kanpaina berria aurkeztu du: 30 behar dira

Aldundiak abegi familien kanpaina berria aurkeztu du: 30 behar dira

Amaia Igartua Aristondo

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina berri bat abiatu du adingabeentzako harrera familiak erakartzeko. 30 behar dituzte guztira, lau harrera motatakoak: urgentziazkoa, aldi baterakoa, iraunkorra eta espezializatua. Aurten gehitu dute azken hori, eta “nerabeak, neba-arreba taldeak edo behar bereziak dituzten haurrak” ditu jomugan, Gizarte Ekintzako foru diputatu Sergio Murillok joan den ostiralean kanpainaren aurkezpenean azaldu zuenez. Zehazki, hamar familia behar dituzte pertsona horientzat, eta aparteko baldintzak bete behar dituzte hartzaileek: heziketa espezifikoa eduki behar dute, baita esperientzia profesionala ere hezkuntzaren, osasunaren edo gizarte zerbitzuen alorretan.

Izan zaitez harrera-familia eta bizitza-historia berria eraiki lelopean, adingabe horiei “bizitza proiektu zoriontsua sortzeko aukera ematea” du helburu egitasmoak, Murilloren hitzetan. “Instituzio gisa, gure ardura da babesgabetasun egoeran dauden adingabeak artatzea. Lehen urratsa da arazo bat dagoela detektatzea, eta arrisku egoerei aurrea hartzea. Eta bigarren urratsa da gizarteratze osoa lor dezaten alternatiba onenak eskaintzea”.

Diputatuaren arabera, alternatiba horietako batzuk izan litezke harrera familiak. Izan ere, nahiz eta haur eta gazte horiek “bikain artatuak” egon aldundiaren zentroetan, “askotan onuragarriagoa da familia batean bizitzea”, Murilloren iritziz: “Harrera familiak adingabearen arazoetan inplikatzen dira, laguntzen diote garatzen, hazten eta heltzen, baita familiarekin harremanetan jartzen ere. Ordezkaezinak dira; instituzioek ezin dugu hori egin”. Laguntza teknikoa eta ekonomikoa eskaintzen die aldundiak.

2021ean, hogei familia batu dira dagoeneko, baina urtero 30 inguru behar izaten dituzte, diputatuak zehaztu zuenez. Harrera prozesua bukatutakoan, familietako asko beste adingabe bat jasotzeko prest agertu ohi dira, baina, egoeraren “karga emozionala” dela eta, denbora tarte bat behar izaten dute bien bitartean. Ondorioz, familia gehiago behar dituzte etengabean, horiek ordezkatzeko.

Hazteko “inguru egoki bat”

Murillorekin batera, harrera familia batekin hazitako gazte bat ere egon zen aurkezpenean, Kristian Congo Martin, bere esperientzia helarazteko. 2 urte zituela, bere guraso biologikoek ezin izan zuten euren gain hartu, eta beste pertsona batzuen etxean hartu zuen aterpe; harrezkero, abegi familiarekin bizi da, eta 23 urte ditu egun. Bere garapenerako “inguru egoki bat” eskaini dio, besteak beste. “Gaur egun, hiru familia ditut: harrerakoa, eta nire aitaren eta amaren familia biologikoak”.

Congoren arabera, harrera egitea seme-alaba bat izatea bezalakoa da, funtsean. Horrenbestez, arrazoiak antzekoak izan litezke; baita, era berean, errezeloak ere. “Pertsona bat etxean hartu nahi duzunean, zalantza eta ezagutzen ez dituzun gauza asko egon daitezke, seme-alaba bat eduki edo ez erabakitzean bezala”.

Balizko etorkizunari ez ezik, orainaldiko bakardadeari ere egiten dio erreferentzia aldundiaren kanpainak. Mahai baten irudia erabili dute horretarako; aulki bakarra du inguruan, eta, haren aurrean, baso bete esne eta galleta sorta bat daude. “Hortik abiatuta, kanpainak gonbidatzen du familiarteko ohiko gosari bat nolakoa izan daitekeen irudikatzera”, zehaztu du Murillok. Mezua zabaltzen lagunduko dute, hala nola, Bizkaiko Psikologia eta Gizarte Laneko elkargoek, Apnabik eta Agintzarik.