50 bertsolarik parte hartuko dute Bertsolari Gazteen BBK Sariketan

50 bertsolarik parte hartuko dute Bertsolari Gazteen BBK Sariketan

Olatz Enzunza Mallona

Astelehenean abiatu zen Bizkaiko Bertsolari Gazteen 29. BBK Sariketa, Leioan. Bizkaiko zortzi eskualdeetako 50 bertsolari inguru ari dira lehian, eta lurraldeko bertsolari gazteen talderik onena bilakatzea izango da guztien helburua. Azaroaren 29an jokatuko dute finala, Bilboko BBK aretoan.

Sei bertsolarik osatuko dute eskualde bakoitzeko taldea. Horietako erdiak 18 urtetik beherakoak dira, eta, gainerakoak, berriz, 19 eta 26 urte artekoak. Aurtengo aldian, Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri, Hego Uribe, Uribe Butroe, Uribe Kosta eta Lea-Artibai eskualdeetako gazteak arituko dira lehian, eta saio bakoitzean puntu gehien eskuratzen duen taldeak egingo du aurrera.

Bizkaiko Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea elkarlanean aritzen dira Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren antolaketa lanetan. Idoia Anzorandia Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kidearen arabera, bertsolari gazteak jendaurrean kantatzera ohitzea da ariketaren helburu nagusia: “Bertsolari gazteen plazaratzea da sariketaren asmo nagusia: gazteei bertsotan aritzeko plaza erosoak eskaintzea”. Izan ere, gaztetxoenentzat Eskolarteko Txapelketa eta BBK dira plazara jauzi egiteko aukera bakarrak.

Talde izaera indartu asmoz, taldeko plan bat izango da BBK Sariketako sari nagusia. Garaikurrak jasoko dituzte finalistek, baina txapelketan parte hartu duten gazte guztientzako egun osoko plana izango da sari nagusia, bertsolari, gai jartzaile zein epaile izan. “Saretzea lortu nahi dugu, gazteek elkar ezagutzea eta elkarren arteko harremanak sendotzea; izan ere, sarritan, beste eskualde batzuetako bertsolariekin ez dute izaten inolako harremanik”, dio Anzorandiak. Horrez gain, finalaren egunean, parte hartzaile bakoitzarentzako opari bat ere banatuko dute. Busturialdeko taldeak irabazi zuen iazko sariketa. Aurten ere, iaz bezala, kantaera onenaren saria ere banatuko dute.

Zenbait herritako ikastetxe eta kultur etxetan izango dira sariketako kanporaketak, doan. Gainera, saio guztiak eskola ordutegian egingo dituztenez, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izango dira ikusle gehienak. Hala ere, sarrera librea izango da, eta edonork izango du bertaratzeko aukera.

Kasurako, joan den asteleheneko kanporaketa Leioako Betiko ikastolan izan zen. Uribe Kostako eta Durangaldeko taldeak aritu ziren lehian, eta Uribe Kostako taldea gailendu zen azkenerako. Haren ondotik, joan den asteazkenean jokatu zuten bigarren kanporaketa, Mungiako Torrebillela aretoan, eta Uribe Butroeko taldea nagusitu zitzaion Arratiako taldeari.

Hurrengo saioa, Sodupen

Datorren astean izango dira hurrengo bi kanporaketak. Hirugarren saioa astelehenean izango da, Sodupeko kultur etxean, eta Enkarterrik eta Lea-Artibaik neurtuko dituzte indarrak. Asteazkenean, berriz, Hego Uribe eta Busturialdea lehiatuko dira, Bilboko Urretxindorra ikastolan.

Kanporaketak amaitzearekin batera iritsiko dira finalerdietako kanporaketak. Hala, Leioan eta Mungian nagusitzen diren taldeek Abadiñon jokatuko dute finalerdietako lehenengo saioa, eta Sodupen eta Bilbon irabazle izandako taldeek, berriz, euren artean lehiatu beharko dute Gernika-Lumon. Bi finalerdi horietan gailentzen diren taldeek jokatuko dute finala.

1993an egin zuten lehenengoz BBK Sariketa, gazteen artean ahozko kulturaren adierazpiderik errotuena sustatzeko helburuarekin. Eta, antolatzaileen arabera, urtetik urtera, sariketak “egonkortzea eta sendotzea” lortu du, “pixkanaka”.