Sarea euskalduntzeko alea

Sarea euskalduntzeko alea

Natalia Salazar Orbe

Azkue fundazioak zuzentzen duen Bziber egitasmoak sare sozialei buruzko lantegiak antolatu ditu gazteentzat, Arratian eta Durangaldean. Datozen asteburuetan egingo dituzte saio horiek, urriaren 16tik 24ra. Helburua da gazteei sareko euskarazko erreferenteak erakustea eta euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzera animatzea. Sareko askotariko plataformetan euskararen erabilera areagotu nahi dute horrela.

Durangoko Berbaro euskara elkarteak kudeatu eta dinamizatuko du proiektua. Markel Sanchez zuzendariak laburbildu du euren asmoa: “Sare sozialetan, basamortu handia dauka euskarak, eta hor eragiteko asmoa daukagu”. Sareko plataformetan euskararen erabilera areagotu nahi dute antolatzaileek. Gainera, parte hartzen duten gazteei baliagarria izango zaie sare sozialen erabileraz jabetzeko eta norbere irudiak filmatu eta partekatzearen ondorioei buruz hausnartzeko.

2007 eta 2010 bitartean jaiotako gazteentzako lantegiak izango dira; alegia, 11 eta 14 urte artekoentzako. Egitasmoan parte hartuko dutenek Youtubeko bideoak sortu, editatu, ekoiztu eta postproduzitzeko aukera izango dute. Baita kanalak sortzeko eta kudeatzeko ere.

Sareko erreferenteen bila

Sanchezek jakinarazi du lehenik eta behin norbere burua aurkeztu, eta irudiak eta datu pertsonalak sareetan partekatzeari buruzko azalpenak emango dituztela. “Egun, oso erraz erabil daitezke teknologia eta baliabide horiek. Garrantzitsua da azaltzea gure irudia igotzen dugunean betirako geratzen dela sarean”.

Gaztetxoak kokatu ostean, sareko erreferenteei buruz berba egingo dute. “Galdetuko diegu zer plataforma erabiltzen duten, zer erreferente dituzten, eta guk zerrenda bat aurkeztuko diegu euskarazko erreferenteekin”.

Hala ere, Sanchezek aitortu du batzuetan ez dituztela aurkitzen erreferente horiek. “Oso zaila da, eta horren inguruan ere hausnartuko dugu: zergatik ez daude sareko erreferenteak euskaraz? Daudenak ezagutaraziko dizkiegu, eta modu dibulgatzaile batean erakutsi”.

Alde praktikoan murgiltzeko azalpen teorikoak emango dizkiete ostean. Ikus-entzunezkoekin lotutako plataforma bat aukeratuko dute: “Twitch, Tiktok edo Youtube izan daiteke”. Bideogintzari eman nahi diote garrantzia, uste baitute hori dela gazteek gehien kontsumitzen dutena. “Azalduko diegu zer hartu behar duten kontuan bideo bat egitean, arlo teknikoari erreparatuta. Zer plano hartu behar duten aztertuko dugu. Esango diegu komeni dela gidoitxo bat egitea eta zer atal izan behar dituen eta filmatzean kontuan zer hartu behar duten zehaztea”.

Azalpenak eman eta gero, bideoak filmatuko dituzte aukeratu duten plataforman. Taldean egingo dute lan hori. Azkenik, norberak nahi duen plataforma aukeratuta beste ikus-entzunezko bat osatuko du.

Sanchezek azaldu du antolatzaileek Ane Atxutegi youtuberraren laguntza izan dutela ikastaroak prestatzeko. “Anek berak esan zigun euskaraz ez dagoela adin horretako gazteentzako erreferente askorik. Eta esan zigun gehienek batez ere gazteleraz egiten dutela eta tarteka zerbait euskaraz argitaratzen dutela”. Hala ere, antolatzaileek bateren batzuk badituzte buruan: “Pello Reparaz eta Kai Nakairen modukoak izan daitezke. Edo Twitchen, Nebukai —bideo jokoei buruz aritzen da— eta Arkakuso”. Youtubeko kanalei dagokienez, Aiora Mujika —@probatxoa— ere aipatu du.

Antolatzaileek uste dute ikastarook euskararen presentzia eskas hori iraultzen lagundu dezaketela: “Ea aurrerantzean belaunaldi berriek euskaraz sortzen duten”.