“Euskara eremu gehiagotara zabaldu nahi izan dugu”

“Euskara eremu gehiagotara zabaldu nahi izan dugu”

Olatz Enzunza Mallona

Bilboko egoera soziolinguistiko erdaldunarekin arduratuta, hamar urterako euskara plan bat garatu du Deustuko Berbaizu euskara elkarteak. Hango kide da Markel Baroja (Bilbo, 1996), eta, haren hitzetan, “kezketatik” abiatuta sortu zitzaien halako plan bat garatzeko beharra. Elkarteko kideek 2019an egindako hausnarketa prozesu baten emaitza da, eta helburu nagusia da euskara eragin esparru gehiagotara zabaltzea. 30 ekintza proposatu dituzte guztira, eta sei eragin esparrutan garatuko dituzte.

Hamar urterako euskara plana garatu duzue Berbaizu euskara elkartean. Nondik eta nola sortu da beharrizan hori?

Orain dela bi urte hasi zen dena. Bazkideekin lotura handiagoa izateko asmoz, hausnarketa saio batzuk planteatzea erabaki genuen, eta, gure artean bilduta, hainbat gogoeta eta kezka plazaratu genituen. Hainbat esparrutan garatzeko ekintza ugari proposatu genituen denon artean, eta, ordutik, hainbat buelta eman dizkiogu gaiari. Azken batean, gure kezketatik abiatuta sortu dugu plana, epe labur eta luzera begira, euskarazko jarduera eta espazio gehiago garatzeko helburuarekin.

Zerk bultzatu zintuzten plana garatzera?

Bazkideen gogoa izan da arrazoi nagusia. Kide horietako bakoitzaren nahiak eta kezkak elkartearen erantzukizun gisa hartzen ditugu, eta horiek aurrera eraman nahi izan ditugu. Bigarren arrazoia, berriz, orokorragoa izan da: Deustualdeko eta Bilboko egoera soziolinguistiko erdalduna gutxitzea. Pandemiak, beste gauza askoren artean, hizkuntzaren erabileran beherakada nabarmena ekarri du, eta oso kezkatuta gaude horrekin.

Sei eragin esparru bereizi dituzue: hezkuntza, aisialdia, komunikazioa, kirola, kultura, eta gazteak eta kalea. Zeren arabera egin duzue banaketa hori?

Orain arte hezkuntzan, aisialdian eta komunikazioan lan egin izan dugu, eta oso ondo moldatu izan gara. Hala ere, aukera gehiago sortu nahi izan ditugu, eta eremu gehiagotara zabaldu nahi izan dugu. Kirolaren kasuan, jendeak esperientzia positiboekin lotzen duen ekintza bat denez, euskarazko ohiturekin lotu nahi izan dugu. Eta, horretarako, hainbat kirol taldetan landuko dituzten proiektuak garatu ditugu. Kulturaren kasuan, pandemiak gogor astindu du, eta, ondorioz, oihartzuna eta ikusgaitasuna eman nahi izan diegu; eta, azkenik, elkartearen bitartez, gazteak mugitzen diren eremuetara ere heldu nahi izan dugu.

Esparru formalez gainera, euskara esparru guztietara zabaldu nahi izan duzue. Zergatik da garrantzitsua hori?

Gaur egun, joera handia dago euskara hezkuntzara soilik bideratzeko, baina esparru horretatik bakarrik ezin daiteke eragin. Euskal Herriak erabileran eragiteko erronka baldin badu, hezkuntzaren eremutik kanpo zabaldu beharra dago. Hortaz, hezkuntzaz gainera, beste gune batzuetara mugitu nahi izan dugu, eta planean aipatutako eragin esparru bakoitza euskaraz aritu ahal izateko aukera bat izango da. Aurrerantzean ere espazio gehiagotara zabaltzeko erronka dugu.

Azken helburu hori lortzeko, 30 ekintzatik gora proposatu dituzue planean.

Herritarrei euskaraz aritzeko aukera gehiago eskaintzea da erronka nagusia. Hau da, Deustualdean eta Bilbon euskaraz bizitzeko eragin esparru gehiago sortzea. Zenbat eta espazio gehiagotan, zenbat eta gune gehiagotan proposatu ohitura horiek aldatzeko dinamikak, orduan eta aukera gehiago izango ditugu herritar bezala euskaraz edonon aritzeko. Besteak beste, kirol taldeetan, jai giroan zein merkataritzako salerosketetan.

Zer-nolako erantzuna jaso duzue Bilboko gainerako elkarteen eta instituzioen aldetik?

Gainerako hiriburuetako elkarteen egoera ikusita, Bilbon bizkortu beharra dugula iruditzen zait. Kostata ateratzen dira auzoko herri batzordeak, eta, gehienbat, Euskaraldirako baino ez dira mobilizatzen. Berbaizun, ordea, auzoaren onurarako lan egiten dugu, eguneroko arazoei irtenbideak aurkitu nahian. Ondorioz, eragiteko elkarte eta baliabide gehiago behar dira Bilbon, eta, udalaren aldetik ere, urrats gehiago behar ditugu. Izan ere, euren laguntzarik gabe zailtasunak ditugu aurrera egiteko eta proiektu berriak martxan jartzeko.

Eta, herritarren aldetik, igartzen duzue Bilbon euskaraz bizitzeko gogorik?

Gure bazkideen aldetik ikusten dugu gogoa eta konpromisoa badagoela. Hala ere, Bilbo horren hiri handia izanik, ziur nago inplikazio maila askoz ere handiagoa izan ahalko litzatekeela. Kasu askotan, jendeak ez du egoeraren larritasuna identifikatzen, eta, ondorioz, hamarkadako plan hau alarma pizteko deialdi bat izatea nahi dugu. Hau da, herritarrak kontura daitezela euskararen erabileraren erronka handia dela, eta erabili ezean galtzeko arriskua dagoela. Euskararen erabilerak gora egin behar du, eta hori da hamarkadako erronka.

Oro har, zer onura ekarriko ditu euskara plan honek?

Herritarrei euskaraz aritzeko aukera gehiago eskainiko zaizkie, eta hori izango da onura nagusia. Elkarteko kideok ere gogotik lan egingo dugu helburu hori lortzeko asmoz. Deustualdeko herritarrek euskaraz bizitzeko esparru gehiago izango dituzte, eta, aldi berean, Bilboren kasuan, erreferente bilakatu nahi dugu. Gure eredua aintzat hartuta, gainerako auzoetan proiektu bera martxan jarri ahal izango dugu. Izan ere, Deustu bada gune euskaldun bat, baina Bilboko beste auzo batzuk, agian, ez, eta hori indartu beharra dagoela uste dugu.