Euskarazko gogoeta, Mintzokan

Portugaleteko Udalak Mintzoka jardunaldia antolatu du urriaren 21erako. Ana Goitiak, Jon Maiak, Fermin Etxegoienek eta Irati Jimenezek digitalizazioaz egingo dute berba.

Ibai Maruri Bilbao

“Mintzoka da gai nagusi bat, lau aditurekin —hamabost minutu bakoitzarentzat eta eremu zaindu eta atsegin batekin— entzuteko eta aldaketarako gogoetara gonbidatzen gaituena; proposamen berritzaile bat, zeinen aurtengo ardatza euskara ingurune digitalean izango baita”, azaldu du Koldo Nuñez Portugaleteko Euskara zinegotziak, sortu duten ekimen berria hizketagai hartuta. Portugaleteko Udaleko Euskara zerbitzuak bultzatuta, urriaren 21ean egingo dute Mintzoka, eguenean, Rialia industriaren museoan. MTZK 21! Bidean da geroa leloa aukeratu dute.

Euskara ingurune digitalean izango da lehen aldi honen ardatza. Izan ere, Internet, telefono adimendunak, sare sozialak, tresna digitalak eta abarrak iritsi zirenetik, harreman sozialak ulertzeko modua nabarmen aldatu da, bai egunerokoan, bai arlo profesionalean, bai artistikoan. Lau profesional gonbidatu dituzte: Ana Goitia, Jon Maia, Fermin Etxegoien eta Irati Jimenez. Alfre Elgezabal Bizkaia Irratiko kazetaria arduratuko da saioa aurkezteaz eta dinamizatzeaz.

Profesionaletako bakoitzak hamabost minutuz hitz egingo du Mintzokan, gaur egun erreferente diren hainbat gairi buruz. Goitiak, esaterako, sare sozialak izango ditu hizpide: ETBko aurkezlea da, eta sare sozialetan milaka jarraitzaile ditu; Maiak ohitura eta egiteko modu berriak landuko ditu: digitalizazioak sorkuntzan izan duen eragina aztertuko du bertsolariak. Etxegoienek 2.0 kazetaritza delakoa jorratuko du: hau da, digitalizazioak eta ingurune digitalak kazetarien lanean duen eraginaz egingo du gogoeta. Jimenezek, azkenik, 2.0 sorkuntza zelan bizi duen plazaratuko du: digitalizazioak sormena lantzeko eskaintzen dituen aukerak, laguntzak eta arazoak izango ditu hizpide idazleak.

Nuñezen esanetan, “entzutea, ulertzea, galdetzea, ikastea eta hitz egitea” da Mintzoka, “herritarren eta adituen arteko elkarrizketa bizia. Adimena eta begiak irekitzeko modu berri bat, jakiteko eta ezagutzeko gogoa asetzeko aukera paregabea izango da”. Ekitaldiari buruzko informazio guztia biltzeko Mintzoka.com webgunea jarri dute martxan. Ekitaldia amaitu ondoren, hitzaldiak, adituekin izandako elkarrizketak eta hainbat material osagarri eskainiko ditu webguneak. Asmoa da etorkizuneko jardunaldi guztien gordailu izatea, eta ikasteko, hausnarketarako eta gune gisa ere balio izatea.

Lekua ere, berezia

Txema Ezkerra Portugaleteko alkateordeak azaldu duenez, eurentzat “oso garrantzitsua” da Mintzokan solaskide izango diren adituen gaiak eta hautaketa zaintzea, “eta baita esparru berezi batean garatzea ere”. Horretarako, hainbat kokapen aztertu zituzten, eta, azkenean, Rialia museoa hautatu zuten, gela bereziak eskaintzen dituelako. “Ziur gaude eszenaratzea, giroa eta argiak lagungarri izango direla entzuteko, eroso senti gaitezen, eta, zergatik ez, gertatuko denari buruzko nolabaiteko intriga ere pizteko”.