Borroken lekuko den mendia

Borroken lekuko den mendia

Javi West Larrañaga

Gorka Martin Etxebarriak urteak daramatza karlistaldietako aztarnak lurpetik ateratzen. Azken indusketa joan den abuztuan egin zuen, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologia talde batekin, Balmasedako Arbalitza mendian, baina 2019tik ari da arkeologia lan horietan, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza programa bati esker. Harekin batera, Xabier Herrero Acosta izan da indusketaren zuzendaria. 1936ko gerrako defentsa pasiboko egiturak eta babesleku antiaereoak ikertzen ari da Herrero Acosta. Biak dira EHUko Arkeologia eta Historia Garaikideko ikertzaileak.

Azken gerra karlistan (1872-1876) erabili zuten gotorleku baten arrastoak dira Arbalitzan aurkitutakoak, eta Celadillako (Espainia) gudu zelaiaren parte dira. Karlistek kontrolatzen zuten lurraldearen mendebaldeko muga gordetzen zuen egiturak. Celadillan bertan hiru gudu izan ziren lau urte haietan. Martin Etxebarriaren arabera, bazeukaten inguru hartako gotorleku baten berri, orduko dokumentuei esker. Lekuan lurperatuta nabari zitekeen lubakiarekin alderatu zituzten garai hartako planoak, eta irudikatutakoa zela ondorioztatu zuten. “Zortea edukiz gero eta aztarnak ondo kontserbatzen badira, lubakiak erraz hautematen dira”, azaldu du Etxebarriak.

Zenbait aurkikuntzak hankaz gora ipini zuten hasierako hipotesia, indusketa lanetan agertzen hasi ziren materialak 1936ko gerrakoak zirelako. Metalen detektatzailearekin hasitakoan, Mauser kartutxoak eta bestelako objektuak azaleratzen hasi ziren, eta Herrero Acosta orduantxe sartu zen proiektuan. Ikertzaileek ondorioztatu dute 36ko gerran berrerabili zutela azken gerra karlistan egindako gotorleku hura, zaintza postu antiaereo moduan. Etxebarriak adierazi du ohikoa dela hori. Naturako eragileez gain —haizea, euria, ekaitzak…—, karlistaldietako lubaki eta gotorlekuen kontserbazioan “eragin handia” izan du 1936ko gerrak ere, “hainbat kasutan berrerabili egin zirelako”. Hala ere, haren ustez, “denbora igarotzea” eta “gizartearen garapena” dira aztarna askoren galeraren erantzule nagusiak. “Hirien hedapenak, fabriken eraikuntzak, abeltzaintzak eta nekazaritzak eragin handia izan dute aztarnategi horietan”, azaldu du Etxebarriak. Gotorleku handiak, ordea, ondo kontserbatu direla esan du, eta Bilbo eta Donostia defendatzeko erabili zituzten gotorleku liberalak ipini ditu adibide gisa.

Militarrekin lotura daukaten objektuak aurkitu dituzte indusketan. Bala zorroak, balak, kargagailuak eta granaden zatiak, batetik; baina baita txanponak, botoiak, pipak eta abar ere. Etxebarriaren arabera, horrelakoetan “oso ohikoa” izaten da kontserba latak edo alkohol botilak aurkitzea. Ikertzaileentzat ez da zaila izan objektuak sailkatzea eta garaiaren arabera bereiztea. 36ko gerran Mauser munizioa erabiltzen zuten, eta azken gerra karlistan, karga bakarreko metalezko kartutxoak. Materialak identifikatzea eta metodologia finko bat izatea nahikoa dela deritzo EHUko ikerlariak.

Bizitzen gordailuak

Ikuspuntu historikotik “informazio berria eta interesgarria” emateaz gain, Etxebarriak uste du indusketek soldaduen bizipen pertsonaletan jartzen dutela fokua, askotan gerren kontaketetan agintarien erabakiak eta tropen mugimenduak baitira nagusi. Arkeologiaren garrantzia nabarmendu du ikerlariak, eta bi eginkizun aitortu dizkio: erakundeek kontserbazio eta babes planak garatzeko tresna izan daitekeela, batetik; eta “historia birpentsatzeko eta birnegoziatzeko modua”, bestetik. “Arkeologia da ondarea berreskuratzeko eta identifikatzeko daukagun tresna bakarra”.

Etxebarriarentzat, Remington motako bala zorro bat izan da aurkikuntzarik interesgarriena. Nahita moztuta zegoela azaldu du, eta biribil bat zeukala oinarrian. Erretzeko pipa bat edo txilibitu bat izan zitekeela uste dute, baina “lubaki arte” bezala daukala garrantzirik handiena. “Oso esanguratsua da ikustea nola moldatzen zuten soldaduek euren inguru militarra”.

Sare sozialetan ere jaso daiteke azken aurkikuntzen berri; Territorio Carlista eta Carlist Wars izenekin zabaltzen ari dira berriak.