Zabalgune bat ibaiarentzat

Zabalgune bat ibaiarentzat

Ibai Maruri Bilbao

Guk egingo duguna da gure herriaren erdigunean sistema natural bat sortu, uriolek pertsonengan izan dezaketen kaltea gutxitzeko. Azken batean, herria eraldatuko dugu klima aldaketaren ondorioak ere eraldatu ahal izateko”, azaldu du Amets Jauregizar Bakioko alkateak. 2021eko Asteklima Euskadiko Klima eta Energia Astearen barruan, Urban Klima 2050 egitasmoari buruzko jardunaldia egin dute Bilboko Euskalduna jauregian. Egitasmoaren helburua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoa klima aldaketaren ondorioetara egokitzea eta aldaketa bera leuntzen laguntzea. Jardunaldiko mahai inguruetako batean, tokian-tokian egon da Jauregizar; eurenean egingo dutena azaltzera joanda: Estepona errekaren inguruan padura bat eta urpean gera daitekeen baso bat sortzeko proiektua.

Urban Klima 2050 egitasmoan ez ezik, Ura Uraren Euskal Agentziaren 2022-2027 Plan Hidrologikoaren baitan ere badago proiektua. Beraz, epe horretan Urak egingo dituen obretako bat izango da. Agentziako uholdeen teknikari Ruben Santosek azaldu du zehatzago: “Ibaiaren behe aldera itsasoko marea iristen da. Beraz, zelai hori padura bihurtuko da. Marea iristen ez den lekua, goragokoa, basoa izango da. Horrela, uraldi bat gertatzen denean, paduran eta basoan ura sakonagoa izango da, eta hirigunean arriskua txikiagoa”. Zehaztu du basoak ez duela ezaugarri berezirik behar urpean geratzeko modukoa izateko. Hala ere, kasu honetan Estepona ibaiak bere baso mota duenez, hura erabiliko dute: besteak beste, sahatsak eta haltzak landatuko dituzte.

Esan du proiektua “berezia” dela, non eta zer egingo duten kontuan hartuz gero: “Herrigunean bertan, hutsik daude ibai inguruko zelai batzuk, eta hori emango diote ibaiari”. Antzeko zerbaitetan dabiltza Zallan ere, Mimetiz inguruan. Santosek azaldu du Cadagua ibaiari beste kanal bat ireki diotela, ura eroateko gaitasun handiagoa izan dezan. Kanalaren inguruan dauden lurrak txukundu dituzte, baso natural bat sor dadin. Elorrion ere, beste ibilgu bat eman diote Toloto errekari, orain arte herriaren azpitik igarotzen zen eta. Baina beti ez da horrela izaten: etxebizitzak, lantegiak eta bestelako azpiegiturak egoten dira eraikita. Horrelako kasuetan, hormak eraiki beste konponbiderik ez dute izaten; hori egin dute, berbarako, Galdakaon. Bizkaia osoan uholde arriskua handia dela esan du Urako teknikariak. Agentziaren planak erakusten du arrisku larrienean dauden lekuak zeintzuk diren: Bilbo, Durango, Galdakao…

Proiektu estrategikoa

Bakioko kasua “oso berezia” dela esan du Santosek, udalak uholdeen arazoa eta itsas mailaren igoerarena “oso ondo” ulertzen dituelako. “Unibertsitateari ikerketa bat eskatu zion uholdeak izateko arriskua duten eremuak aztertzeko eta irtenbideak bilatzeko. Unibertsitateak egindako analisitik abiatu dira”. Jauregizarren esanetan, ikerketa hark esan zuen uholde arriskua lantzeko Bakiok bere lurraldearen erdigunean momentu kritikoetan erantzungo duen sistema bat behar duela. Bide batez, ikerketa hura “proiektu estrategiko sakonago batean” kokatuta dagoela nabarmendu du alkateak.

Izan ere, 2016an Bakioko Udalak herriaren etorkizuna lantzeko gogoeta prozesu parte hartzailea ipini zuen abian. “2003an egindako planean 1.900 etxebizitza eraikitzea erabaki zen, herriak biztanleria irabazi eta diru baliabide gehiago izan zitzan. Baina 2016an eraiki gabe zeuden, eta udalak zazpi milioi euroko zorra zuen”. Bakiok lau milioi euroko aurrekontua izaten du urte oparoenetan. Alkateak esan du prozesuak hiru ondorio utzi zituela: batetik, gaur egun hartutako erabakiek ezin dituztela baldintzatu etorkizuneko belaunaldien bizitzak; bigarrenik, lurraldea ekonomiari lotu beharrean, lehenengo lurraldea bera ezagutu beharko dela, ondoren ekonomia haren ezaugarrietara egokitzeko; eta hirugarrenik, Bakio presa barik eta barrurantz haziko dela.

Udalak hainbat aditu kontratatu zituen azterketak egiteko. Mugikortasunari lotuta, Bakio zelan mugitzen den eta zelan mugitu beharko lukeen begiratu zuten. “Orain, autoari barik, oinezkoari emango zaio lehentasuna”. Bigarren azterketa ildoa izan zen errekena, eta haren ondorio dira padura eta basoa. Klima aldaketari lotuta, lurpean duten akuifero bat aztertzen ari da EHU Euskal Herriko Unibertsitatea. “Zain gaude Azti kostaldean egiten ari den lanaren emaitzak ikusteko. Orain arte euri urak uholdeetan duen eragina aztertu da, baina jakin behar dugu itsasoko urak zer eragin izango duen urioletan”.

Bakiok azken urteetan uholdeak izan ditu, baina baita itsas denboraleek eragindako kalte handiak ere. Santosen arabera, horretan ere lagunduko du padurak. “Itsas mailaren igoerak ere eragingo dio; IPCCren azken txostenaren arabera, 30-60 zentimetro igoko da. Ez dakigu Bakion noraino igoko den, baina badakigu beharrezkoa dela arriskua sortzen duten elementuak kentzea eta ibaiei leku gehiago ematea. Padura honek ez du lagunduko euri urak eragindako uholdeen aurka bakarrik; itsasoko ura ere padurara sartuko da”.

Basoen kudeaketari ere erreparatu diote, ibaietan eragina duelako. “Arbolarik ez dagoen lekuetan errekak erraztasun gehiago dauka indarrez joateko. Arbolek eta biodibertsitateak laguntzen dute euri ura jauzten denean; astirotu egiten dute euri ur hori gune urbanora joateko denbora. Beraz, basoena garrantzitsua da akuiferoko gure ur propioaren kalitateari begira, baina baita erreken emaria kontrolatzen laguntzeko ere, errekak denbora gehiago beharko duelako hazten”, azaldu du alkateak. Baso publikoetarako plan bat egin dute, eta erabaki dute 15-20 urtera baso publikoetan ez dela eukaliptorik landatuko. “Guk behar duguna da ingurumen aldetik mesede egingo digun baso mota bat”. Baso batzorde erabakitzaile bat sortuko dute, baso politika ere herritarren bitartez egiteko.

“Ehuneko handi batean, herrietan dugu lurraldearen kustodia, eta herrietatik egin behar da”, nabarmendu du Bakioko alkateak. Asteklimako mahai inguruan ohartarazi zuen klima aldaketara egokitzeko garrantzitsua dela erronka hori komunitarioa dela jakitea. “Ez da bakarrik lurraldea egokitzea: bizitzeko modua ere aldatu behar dugu. Udalok behar dugu komunitate kontziente eta kritiko bat. Herritarrekin batera egiten bada, herriak ere parte hartuko du”. Horregatik, erabakiak hartzeko gune zabalak sortu behar direla esan du. “Herritarrak zentzudunak dira, eta hartzen dituzten erabakiak zentzuzkoak dira. Hitza eman behar zaie; hori egiteko dago oraindik”.

Era berean, klima aldaketa zerbait negatiboa balitz bezala saltzen dela esan du alkateak. “Baina naturala da. Orain arazoa da aldaketa arinegi gertatzen ari dela eta gizakiok eragin dugula. Ondorioak negatiboak diren arren, pentsatzen dut herriak ulertu behar duela hartzen diren erabakiak bizitzak babesteko direla”.