Olatz Enzunza Mallona
Herri kirolekin lotu izan da betidanik Barakaldoko Gorostiza auzoa. Aizkora, sega, harri jasotzea, sokatira, trontza, txinga eramatea… Asko dira Euskal Herrian dauden herri kirol motak. Hala ere, gizartea aldatuz joan den heinean, auzoko transmisioa ere ahulduz joan da. Bi urtez pentsatzen aritu ondoren, uztailean Gorostiza Herri Kirol Kluba sortzeko erabakia hartu zuten auzokide batzuek, eta, Peru Maza klubeko lehendakariaren arabera, “pozik” daude egindako hautuarekin: “Bagenekien oso erronka zaila zela, baina buruari hainbat buelta eman ondoren, kluba sortzea erabaki genuen”. Oraingoz, Barakaldo inguruan dagoen herri kirol klub bakarra da, eta, hasiberriak izan arren, nabaria da herri kirolekiko zaletasuna mantentzeko duten grina.
Kluba sortu aurretik, Ezkerraldean ezaguna den katxete erako bola jokoa berreskuratu zuten auzokideek: “Auzoan betidanik jokatu izan da kirol horretara, baina, obra batzuen ondorioz, hamarkada batez egon gara jokatu ezinik, eta belaunaldirik gazteenek ez dute aukerarik izan kirol hori ezagutzeko”.
XIX. mendearen amaieratik da ezaguna boloetara jokatzeko modalitate hori Ezkerraldean, eta, hainbat urtez geldirik egon bada ere, Mazaren hitzetan, “beharrezkoa” zen hura berreskuratzea: “Bertako kirol autoktonoa da, ezin genuen galdu”. Hortik abiatuta gehitu dituzte gainerako kirol motak ere. Besteak beste, trontza, txinga eramatea, sokatira eta lokotx bilketa. “Hutsetik hasi garenez, zailtasunak ditugu materiala lortzeko, baina pixkanaka joango gara azpiegitura sendotzen”, azaldu du klubeko lehendakariak.
Larrea familia, eredu
Gorostiza auzoko herritarrek Larrea aizkolari familiarengandik jaso zuten herri kirolekiko zaletasuna. “Gure erreferente izan dira; haiengandik izan ez balitz, agian herri kirolak ezagutu ere ez genituzkeen egingo”, dio Mazak. Auzoan, Larrea familiako hiru belaunaldi aritu dira aizkoran: Julian Larrea izan zen lehenengoa; ondoren, bere seme Armando; eta, orain, biloba Julen Larreak hartu dio lekukoa: “Txikitatik jaso izan dudan zerbait da. Aitonak 2 urterekin egurrezko aizkora bat oparitu zidan, eta ordutik nabil horretan”, esan du gazteenak.
Ondorioz, auzokideek, beraiek jasotako “gogo eta grina hori” berreskuratu nahi dute klubaren bitartez. “Herri kirolen gainbehera gertatzen ari den garai hauetan, kirol horiekiko zaletasuna sustatzea da gure asmoa”, azpimarratu du Mazak.
Urteek aurrera egin ahala, Gorostiza auzoa ere handituz joan da: “Duela hamarkada bat, 90 auzokide inguru bizi ginen auzoan, baina, orain, 250 inguru gara”. Eta, hain zuzen, auzora heldu berri diren familia gazteei transmititu nahi diete Larrea familiarengandik jasotako herri kirolekiko zaletasun hori.
Hiru hilabeteko ibilbidea egin du klubak dagoeneko, eta, lehendakariaren hitzetan, “oso pozik” daude jasotako erantzunarekin. Hain zuzen, hamar umek eta hamalau helduk osatzen dute taldea, eta, gainera, apurka-apurka goranzko joera hartzen ari da izen ematea: “Herritarren aldetik, ez genuen horren erantzun onik espero. Asko ari dira laguntzen; ahalegin handia egiten ari dira, eta ilusioz gainezka gaude”. Hala ere, emakume kopurua “oso txikia” dela ohartarazi du, eta horiek erakartzea lortu nahi dute. Oraingoz, andre bi baino ez daude taldean: “Espero dugu kluba garatu ahala, emakumeen artean ere zaletasuna berreskuratzen joatea”.
Oro har, herri kirolei “balio handiagoa” eman behar zaiela iruditzen zaio Julen Larrea aizkolariari: “Euskal Herriko kultura dira herri kirolak, gure kultura, eta hori mantentzeko ezinbestekoa da ikusgarritasun handiagoa ematea”. Hala ere, auzoan sortu berri den klubarekin “oso harro” dago: “Azkenaldian, auzoan, afizio pixka bat galdu da, baina, klubari esker, aspaldiko ohiturak sustatzen ari dira berriro ere”.
Aurrera begira, herri kirolen eskola bat sortzeko asmoa dute Gorostiza Herri Kirol Klubeko kideek: “Barakaldon saskibaloia, futbola eta eskubaloia bezalako kirolak nagusi diren modu berean, herri kirolen erreferentziazko talde izan nahi dugu Ezkerraldean”. Izan ere, orain arte, ez zegoen herri kirol talderik hirian. Hala ere, “presa gabe” doazela nabarmendu du Mazak: “Pixkanaka-pixkanaka egingo dugu”.
Klubeko kideen arabera, ordea, hedatze lanak egitea egokituko zaie aurrena. Horretarako, sare sozialak erabiltzen ari dira nagusiki, baina “edozertarako eta edonorentzako” ateak zabalik dituztela aurreratu du lehendakariak: “Oraingoz, egindako emanaldiekin oso gustura geratu gara, eta publikoaren harrera ere oso ona izan da. Guretzat horixe da garrantzitsuena”.