Ibai Maruri Bilbao
Jose Luis Goti Medikuntza Historia irakaslea izan zen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean. “Duela ia 40 urte bilduma txiki bat sortu zuen, gela batean. Han hasi zen euskal medikuntzari buruzko mintegi batekin, eskolak ematen, hitzaldiak antolatzen… Horrekin batera, liburutegi txiki bat osatuz ere joan zen. Jendea antzinako aparatuak-eta eroaten hasi zen. Horrela eman zituen lehen pausoak museoak”, azaldu du Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoko zuzendari Anton Erkoreka mediku eta irakasleak. EHUren Leioako campusean dago, Biblioteka Nagusiaren eraikinean. “Goio Monrealek eman zizkigun gaur egun erabiltzen ditugun 22 gela hauek, errektorea zenean”.
Museo “aberatsa” dela esan du Erkorekak. Guztira, medikuntzari eta ikerketari loturiko 7.000 objektu inguru dituzte, denak dohaintzan jasotakoak. “Medikuek, botikariek, erakundeek, ospitaleek eta klinikek emandakoak dira. Aparaturen bat erretiratzen dutenean, deitu egiten gaituzte, nahi badugu, hartzeko”. Aldi berean, museo “pobrea” dela esan du, langile bakarra dutelako arreta eskaintzeko. Medikuntza edo erizaintza ikasleak joaten zaizkie batez ere, eta baita ikertzaileak ere. Baina herritar guztientzako museoa dela azpimarratu du. Aurrez ordua hartuta, eskoletako taldeak hartzen dituzte sarri. Urtero 6.000 bisitari inguru izaten dituztela kontatu du Erkorekak.
Geletako bakoitza gai bati eskaini diote. “Gela horretan daude gai horri buruz ditugun aparatu guztiak. Gela bat dago farmaziari eskainita, beste bat sepsiari eta antisepsiari eskainita, beste bat mikroskopiari, beste bat ginekologiari… Espezialitate bat dauka bakoitzak”. Gela nagusia edo mintegia ere badago; eskolak ematen dituzte han, hitzaldiak antolatzen dituzte…
XIX. eta XX. mendeko aparatuak dira. “Euskal Herrian dira, Bilbo inguruan batez ere, baina Frantzian eta Alemanian egindakoak dira gehienak, teknologia medikoa bi herrialde horietan garatu delako gehien”.
Medikuntzaren historian salto handiena XIX. mendean eman zela esan du Erkorekak. “Aparatu guztiak orduan sortu ziren; aurretik ez dago teknologiarik. Fonendoskopioak, esaterako, orduan hasi ziren”. Ordukoetatik gaur egunekoetara garapen handia egon dela esan du. Kontatu du XX. mendearen hasieran sortu zituztela lehen mikroskopio elektronikoak. “Haiei esker ikusi ahal izan zituzten birusak. Elektronikoen hirugarren edo laugarren belaunaldian gaude egun”. Museoan badituzte 1960ko hamarkadako bat eta XX. mendearen amaierako beste bat. “Oso argi eta ondo ikusten da hori guztia. Hona datozen ikertzaileak alderaketa hori egitera etortzen dira”.
Endoskopien bilakaera
Endoskopiari eskainitako gelan ere egin du konparaketa Erkorekak berak. “XIX. mendearen erdian hasi zen endoskopia, teknika moduan. Lehenengo, laringoskopioak etorri ziren; gero, oftalmoskopioak; horren ostean, gastroskopioak eta kolonoskopioak… XIX. mende amaierakoak eta XX. mende hasierakoak dauzkagu. Esaterako, zurrunak dira lehen gastroskopioak, metalezkoak; mende hasierakoak eta gaur egunekoak dauzkagu. Oraintsu eman digute bat, goma fin-fin bat, eta hori erabiltzen da gaur egun”.
Ikerketa zentroa ere bada museoa, eta 50 argitalpen inguru sortu ditu urteotan. XX. mendeko zientziari buruzko ikerketak argitaratu ditu Aitor Anduagak. Erkorekak berak izurriei buruzkoak hainbat idatzi ditu. Uste du COVID-19aren pandemiak euren museoarekiko interesa handitzea ekar lezakeela orain.