Interesa

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Duzun ospearen, garrantziaren edota posizioaren arabera desberdin tratatzen zaituen jende asko dago. Badaude idatzi bako arau batzuk, eta, horien arabera, langatik gora, langan edota langaren azpian kokatzen zaituzte. Bizi zaren eremu edo inguruaren arabera desberdinak dira adostutako arau horiek. Izan daiteke duzun dirua, zure familiaren ospea, duzun lanbidea, generoa, zure edertasun normatiboa, duzun publikotasun maila… Horrelakoak antzemateko besteekin alderatzea bezalakorik ez dago. Nik neuk behintzat errazago hauteman izan ditut besteak baino okerrago tratatu izan nauten kasuak. Errazagoa zait baztertua edo gutxietsia izan naizen egoerez ohartzea bestelakoez baino.

Besteekin alderatzean kontrako ariketa egitea ere garrantzitsua iruditzen zait. Zu ondo edo maitasunez hartzen zaituen horrek zelan tratatzen ditu besteak? Beste horiei zuri beste ondo esaten ez badie zergatik da? Izan daiteke gustu kontua, ezagutza maila edota kasualitate hutsa. Baina izan daiteke, zugan beste horiengan ikusten ez duen zerbait ikustea ere. Posible da zugana zuk ordezkatzen duzunagatik gerturatu izana, zure botereak erakarrita iritsi izana zuganaino edota zure alboan egoteak ematen dion posizioak eraman izana zure ondora.

Bada kontuan hartzeko beste kontu bat ere; zure bizitzako unearen arabera desberdin hartzen zaituen jendearen jokabidea. Lehendik ezagutu arren, zure lorpen edo ikusgarritasunaren arabera zurekiko interesa aldatzen duen jende hori. Horrelakoak gertatu izan zaizkidanean, eta norbaiten nirekiko jarrerak nabarmen onera egin duenetan, ez dut ezer egin izan. Areago, esango nuke sari modura jaso izan dudala bestearen nirekiko jarrera aldaketa. Nire barnerako pentsatu izan dut: “Orain bai, orain bazara nahikoa ona, merezi zenuen. Azkenean lortu duzu zuk ere”. Bestearen aitortzak itsutu izan nau halakoetan eta uneari lotu izan natzaio. Ahaztu egiten dut lehen nor nintzen eta nolakoa zen bera nirekin. Albora begiratzeari muzin egin izan diot, eta baieztapen arriskutsu hau errepikatu izan diot neure buruari: “Ba ni ondo tratatzen nau”.

Beste horren irizpideen arabera sentitzen zara nor, eta egoera horren bits epeletan gelditzen zara igeri; gehiago sakondu barik. Nori hitz egin, norekin egon edo noren alboan eseri aukeratzerakoan neuk ere egin izan dut laban nire egoarekin. Nik ere egin izan dut egin diezadaten gorroto dudan hori; batzuetan, oharkabean, bestetan harrokeriaren besoetan gozo etzanda. Onarpen beharra eta botere nahia nahasten direnean egoera gaiztotu egiten da ezinbestean. Miresten dut halakoetan erori gabe bizi den jendea (edota disimuluan abilena dena). Egoera bakoitza eta harreman bakoitza bakarra da, eta beti ez da erraza izaten, baina gustatzen zait egoerak egoera eta ingurua inguru antzera samar hartzen zaituen jendea. Interesik ahalik eta txikienarekin mugitzen den jendeak pizten dit interesik handiena.