Txaber Bilbao: “Hemen ur txikitan gaude; Bilbon, ordea, itsas zabalean”

Txaber Bilbao: “Hemen ur txikitan gaude; Bilbon, ordea, itsas zabalean”

Natalia Salazar Orbe

Txaber Bilbao (Morga, 1983) Busturialdeko Ur Partzuergoko langilea da, eta LABeko ordezkaria —bi ordezkari ditu LABek, eta bakarra ELAk—. Partzuergoa Bilbo Bizkaikoan integratzen denean, bertako langileak ere haren ardurapean geratuko dira. Egoerak kezkatuta dauzka beharginak.

Uraren kudeaketan Busturialdeko Ur Partzuergoa desagertzeak izan ditzakeen ondorioei buruz hitz egin da. Zuengan ere, langileengan, eragina izango du aldaketak, ordea. Zertan?

Iazko azaro aldera hainbat komunikabidetan atera ziren albisteek esaten zuten berehala gertatuko zela Busturialdeko Ur Partzuergoaren integrazioa. LAB sindikatuaren aldetik harremanetan hasi ginen Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko langileen arduradun Xabier Oruegaz, berbetan hasteko. Duela hilabete eta erdi akordioa lortu genuen, eta dokumentu bat adostu genuen. Bertan islatzen da ez gaituztela deslokalizatuko, eta hainbat puntu guretzat oso interesgarriak dira. Noski, hor alde onak baino ez ditugu ikusi. Baina badakigu Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak zer-nola egiten duen lan. 350 langile ditu, baina beste horrenbeste baino gehiago azpikontratatuta dauzka. Haien lan egiteko era hau da: eskualde bat edo eremu bat hartu, eta hor lan egiteko enpresak eta langileak azpikontratatzen dituzte. Edateko uren araztegi bat edo hondakin uren araztegi bat hartzen dute, eta azpikontratatu egiten dute dena.

Zuek zer egoeratan geratzen zarete?

Gure beldurra horixe zen. Gu hemen 48 behargin gara, baina, beharra ondo egin ahal izateko, beste 25 pertsona inguru behar dira. Hemendik aurrerako behargin guztiak azpikontratatutakoak izango ote diren beldur gara.

Esan al dizuete zeintzuk baldintza izango dituzuen?

Esan digute printzipioz ez dugula okerrerako aldaketarik izango. Ezin digute esan besterik, noski, gainerakoan aurre egingo genieke eta. Gure beldurra da zer pasatuko den etorkizunera begira: urtebetean eta bi urtean ez da ezer gertatuko, baina hortik aurrera? Badakigu zein den haien lan egiteko era, eta, esan arren gauzak aldatuko dituztela, ez dut sinisten.

Zuek zuzenean Bilbo Bizkaiak kontratatuko zaituzte orduan?

Bai. Gu haien parte izango gara. Hala ere, 48 beharginetatik 41 behin-behineko ordezkoak gara. Hori ere garrantzitsua da.

Ez daukazue lanpostu finkorik, beraz.

Ez.

Horrek zer eragin izan dezake?

Hemendik eta bi urtera-edo suposatzen da oposizioak egingo dituztela. Ea horrela den. Gure asmoa da lanpostu horiek finkatzea, eta benetako lanpostuak izango lirateke. Hala ere,ez dakigu zer gerta daitekeen bi urte barru. Esaten digute gutariko inor ez dutela eramango hemendik kanpora lanera. Hala ere, batek jakin.

Orain arteko lan baldintza berak izango dituzue?

Adostu dugun agiria sinatzen duten behargin guztiek Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren lan ituna hartuko dute. Aukera dago agiria ez sinatu eta orain daukagun Udalitzen itunarekin jarraitzeko ere. Subrogazioetarako 144. artikuluak dio zauden bezala mantendu behar zaituztela, baldintza beretan: soldata, lan orduak eta bestelakoak. Bi aukera ematen dizkigute: sinatu eta euren hitzarmenarekin bat egitea, edo ez sinatzea eta gaur egun ditugun baldintza beretan jarraitzea.

Zer egiteko asmoa daukazue?

Ia denok sinatu egingo dugu. Izan ere, haien hitzarmena hobea da, eta agiri horretan lauzpabost puntu daude oso garrantzitsuak direnak guretzat. Besteak beste, ezin gaituztela bidali hemendik kanpora lanera.

Beraz, zuen langile ikuspegitik, integrazioa onuragarria izango da?

Ekonomikoki, bai. Ez da erraza esatea bai ala ez. Orain gauden bezala egongo ginateke ondoen. Izan ere, alde batetik, hemen ur txikitan gaude; han, ordea, itsas zabalean. Hemen oposizioak egingo balituzte, geure artean adostutakoak izango lirateke; geu gaude hemen, eta geuk dakigu zer beharrizan dagoen. Eta %100ean ez, baina ia denak zuzenean kontratatuta gaude. Ez dago azpikontrataziorik. Han zer-nola izango den ez dakigu. Hemen segurtasuna daukagu. Hangoa ekonomikoki hobea izan daiteke, baina etorkizunera begira ez dakigu zer izango den.

Hala ere, zuek zuzeneko kontratazioekin jarraitu arren, langile berriak azpikontratatu egiten badituzte, baldintza desberdinak izango dituzue batzuek eta besteek.

Bai, lan bera baldintza desberdinetan egiten ariko ginateke. Hori ere askotan esan dugu.

Langile falta salatu zenuten iaz. Nola zaudete orain?

Horrela jarraitzen dugu. Oso txarto gabiltza. Gaixoaldian daudenak ez dira ordezkatzen. Aitzakia da Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartuko garenez horrela eutsiko diogula. Baina jasanezina da. Gauez lan egitea ere planteatu dute. Baina nork egingo du? Aztertzen ari dira enpresa pribaturen bat ekartzea gauez behar egiteko. Lan poltsetan ez dago inor, eta ez dute beste inor ekarri nahi.

Iaz kontzentrazioak egin zenituzten. Ba al duzue halakorik gehiago egiteko asmorik?

Ez. Akordio honegaz, langile asko lasaitu egin dira. Jendeak igoera ekonomikoa ikusi du —batzuek, gainera, %20ko igoera izango dute—. Ez dira konturatzen ziurgabetasun handiagaz gabiltzala. Jendea lasaitu egiten da aurrean euroak ikusten dituenean. Duela hiruzpalau urte, hemen gauza bera gertatu zen. Kontzentrazioak egiten aritu ginen, eta etorri ziren Bilboko kudeatzailea eta langileen arduraduna. Batzar bat egin genuen haiekin, eta esan ziguten Bilbo [Bizkaia Ur partzuergoa] etorriko zela eta askoz hobeto egongo ginela. Eta hor bukatu ziren gure indarrak. Bat eginda geunden denok, eta desaktibatu egin gintuzten. Orduz geroztik, eusten egon gara, ahal izan dugun bezala.