“Polizia jazarpena sekulakoa izan da”

“Polizia jazarpena sekulakoa izan da”

Olatz Enzunza Mallona

Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldea itxialdi garai bete-betean sortu zen, Zazpikaleetako, San Frantziskoko eta Bilbo Zaharreko etxebizitza arazoari heltzeko asmoarekin. Hango kide da Ane Salvador (Bilbo, 1991), eta, haren hitzetan, “oso irakurketa positiboa” egiten dute urtebetetik gorako ibilbideaz. Joan den apirilean Arrakala gunea aurkeztu zuten publikoki, baina maiatzean, Udaltzaingoak, Ertzaintzaren eta suhiltzaileen babesarekin, gunea hustu zuen, eta han zeuden pertsonak kaleratu. Astelehenean izango da epaiketa, eta Etxebizitzak defendatuz, Arrakala zabaldu! lelopean mobilizazioak antolatu dituzte Bilboko Unamuno plazan: astelehen goizean prentsaurrekoa eta kontzentrazioa egingo dituzte, eta hilaren 8rako manifestaziora deitu dute.

Joan den apirilean aurkeztu zenuten lehenengoz Arrakala Auzokideon Etxea. Zer asmorekin sortu zen gune hori?

Gure asmoa gune hori birjabetzea zen, gure auzokideon behar materialei erantzuteko gune bat izan genezan. Hasieran, AZET taldearen egoitza politikoa izatea pentsatu genuen, baina, gerora, etxegabetuak izango ziren kideentzako larrialdi egoitza bat izatea nahi genuen, baita Asetu herri biltegirako gune ere.

Maiatzean, berriz, hustea etorri zen. Nola gogoratzen dituzue egun horiek?

Egia esan, oso aste gogorra izan zen. Arrakalaren husteaz gainera, lanez gainezka geunden sindikatuan; oso momentu erabakigarriak izan ziren. Gainera, aste berean, sindikatuko bi kidek etxegabetze ordena jaso zuten, eta Desokupak ere gure auzora etorriko zela iragarri zuen. Oso egun gogorrak izan ziren, baina nik uste dut indartuta atera ginela. Azken finean, islatu nahi genuena izan zen, aurpegi desberdinak izan arren arazoa, bere horretan bera zela: jabetza pribatua gure bizitzen gainetik dagoela uste dute.

Zer eskaintzen dio auzoari gune horrek?

Gure auzoetan, gero eta gehiago dira miseriak itota dauden auzokideak. Ondorioz, gure apustua behar material horiei erantzun bat ematea izan zen, behar horiek kolektibizatuz eta politizatuz. Hau da, Arrakala gunea lan hori aurrera ateratzeko gune edo azpiegitura bat izatea nahi genuen.

Epaiketa astelehenean izango da. Zer espero duzue?

Okupazioa publikoki aurkeztu genuen egunetik, sekulako polizia jazarpena jaso dugu. Zehatzago esateko, Arrakalak iraun zuen 40 egunetan, hiru mozal isun jaso genituen, hiru kide bide penaletik salatu zituzten, eta beste hainbat kidek salatu zuten jarraitu eta identifikatu egin zituztela. Ondorioz, epaiketari dagokionez, ez dugu askorik espero, haien legeak ez direlako inoiz gure alde egongo. Hala ere, auzotarren babesa jasotzea espero dugu.

Egun horietarako mobilizazioak antolatu dituzue Unamuno plazan. Auzotarren inplikazioa zer-nolakoa da?

Auzoko norbanako bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa da guretzako. Arrakalan gertatutakoa ez da salbuespena izan, eta, zoritxarrez, gisa horretako jazarpenak etengabekoak dira gaur egun. Espero dugu auzoa mobilizatzea eta denen artean erantzun bateratu bat ematea.

AZET etxebizitza taldea konfinamendu garaian sortu zen. Zergatik zegoen halako talde baten beharra auzoan?

Auzoan urte asko generamatzan turistifikazio eta gentrifikazio prozesuaren lekuko basati izaten, eta horrek lotura zuzena du etxebizitzaren arazoarekin. Gaur egungo krisiari esker, kontraesan horietan guztietan sakontzeko aukera izan genuen, eta konturatu ginen etxebizitzak zentraltasuna hartu duela eta ez genuela inolako tresnarik behar material horiei erantzun ahal izateko. Beraz, beharrizan baten ondorioz sortu zen taldea.

Zer eskaintzen dio halako sindikatu batek etxegabetze arriskuan dagoen norbaiti?

Alde batetik, behar material bat asetzea, etxebizitzarekin eta elikadurarekin lotuta dagoena. Baina, beste alde batetik, kapitalismoak ekoizten duen bakardade edo isolamendua apurtzea ere ekartzen du. Izan ere, indibidualak diruditen arazoei irtenbide kolektiboak ematea da gure asmoa. Hau da, auzokidea bakarrik ez uztea eta bere ondoan borrokatuko den komunitate bat alboan izatea.

Oro har, nolakoa da zuengana gerturatzen den jendearen profila?

Egia esan, zaila da profil jakin bat zehaztea. Izan ere, gatazka bakoitza mundu bat da, eta askotariko egoerekin egiten dugu topo. Esate baterako, alokairurik ordaindu ezin duen jendea etortzen zaigu, lan kontraturik ez duena, migranteak… Hala ere, guztiek elkarbanatzen dute elementu amankomun bat: desjabetuak dira.

Egun, zer egoeratan dago etxebizitzaren gaia?

Gure ustez, gaur egungo etxebizitza politikak burgesiarentzako erreskate kutxak dira. Krisiaren ondorioz, egoerak okerrera egin du, eta aurrera begira ere egoerak txarrera egingo duela aurreikusten dugu. Egiturazko arazo bat denez, jabetza pribatua dagoen bitartean hor egongo da etxebizitzaren arazoa. Horrek ez du esan nahi zenbait erreformen aurka gaudenik, baina gure helburua etxebizitzaren desmerkantilizazioa izan behar da.

Asetu Herri Biltegia ere zabaldu duzue. Zertan datza?

Sindikatuko kideok kudeatzen dugun elikagaien eta oinarrizko produktuen biltegi bat da. Antolakuntzari eta elkartasunari esker funtzionatzen du, eta saskien banaketa beharren arabera egiten dugu.

Urtebetetik gorako ibilbidea bete du dagoeneko Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeak. Zein da zuen balantzea?

Oraindik ere ibilbide laburra egin dugunez, ezin dezakegu balantze sendorik osatu. Hala ere, argi dago urtebete honetan akatsak egin ditugula, baina, aldi berean, zenbait garaipen ere eskuratu ditugula. Oro har, beraz, oso irakurketa positiboa egiten dugu. Izan ere, auzoan egunez egun eta etengabe ikasten, formatzen eta elkarrekin borrokatzen den komunitate bat eratzen jarraitzen dugu, pixkanaka indartuz eta zabalduz doana, eta hori da sindikatuaren arrakastarik handiena.

Eta, aurrera begira, baduzue erronkarik?

Gure egungo asmo nagusia komunitate politikoa indartzen jarraitzea da. Hala ere, horrez gainera baditugu bestelako helburuak. Besteak beste, etxebizitzarekin lotura duten gatazken bitartez auzoetan klase borroka eraikitzen jarraitzea eta, auzotik haratago, Euskal Herriko gainerako auzo eta herrietako eragileekin eta sindikatuekin saretzen jarraitzea.