Plaza lepo, ostera ere

Plaza lepo, ostera ere

Amaia Igartua Aristondo

Atzerapenak pilatuz joan dira 2020ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Hilabete gutxi batzuk izan ziren hasieran: sailkapen saioak, udaberrian jokatu ohi direnak, udazkenean egin zituzten, osasun egoera zela medio. Horrenbestez, udazkenekoak —kanporaketa fasea, finalaurrekoak eta finala— atzeratu egin behar izan zituzten halabeharrez, baina espero baino gehiago: behin sailkatuak erabakita, txapelketa bertan behera utzi zuten, noiz jarraituko zuen jakin gabe.

Hilabete gehiago igaro ziren, baina dagoeneko eten da zenbaketa: txapelketak data zehatzak ditu jada, egokitu dute izenburua —Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 20-21—, eta aurkeztu dituzte aurkeztu beharrekoak; domeka honetan hasiko dira kanporaketak, Durangoko San Agustin kulturgunean, eta abenduaren 18an ezagutuko da txapelduna, Bilbon, Miribillako Bilbo Arenan jokatuko duten finalean. 44 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan.

Bertsolariak jakitun dira azkenaldian baino jende gehiagoren aurrean ariko direla. Ikusleentzat ere egongo da nobedaderik: abeslarietako hamarrek lehen aldiz hartuko dute parte bigarren fasean. Kasurako, Iruri Altzerrekak eta Eneko Aldanak lehen aldia izango dute; Etxahun Lekue eta Oihane Bartra beteranoak dira.

Etxahun_Lekue

ETXAHUN LEKUE. “Ez dakit nire azken Bizkaiko txapelketa den; azkenetarikoa, bai”

2002. urtetik, Bizkaiko txapelketa denetan jokatu du Etxahun Lekuek (Larrabetzu, 1979); 2016koa irabazi egin zuen, eta 2018koan buruz burukoan aritu zen, Onintza Enbeitaren aurka. Ibilbide emankorra du txapelketan, baina ez du presiorik. “Postuen kontu hori gaindituta daukat, zorionez; gutxienekoa da. Urte asko dira txapelketan, eta erlatibizatzen ikasi dut. Ilusioa egingo lidake finalerako sailkatzeak, egun ederra izaten delako”.Bilbo Arenako oholtzara igotzea du jomuga, baina lortu ezean ez litzateke “katastrofe” bat izango, “gazte asko ari direlako maila txukunarekin”. Izan ere, Lekuek uste du aurtengo kanporaketetan beste aldi batzuetan baino “maila altuagoa” egongo dela. “Belaunaldi ezberdinetako jendea batzen gara, baina denon artean badago halako konplizitate bat. Ikusten dituzu aurpegi berriak, ikusten duzu gogotsu daudela, ondo prestatu direla, uda osoan egon direla batzen”. Gazteen “ilusioak” ere “motibatzen” du, hein batean. “Uste dut txapelketa on bat aterako dugula denon artean: esango nuke mailak gora egin duela. Ea guk zer ekarpen egin dezakegun”.

Batzuk hasiberriak dira, eta bestetzuek erretiroa dute burutan, ordea. “Badakit jada amaitzera doala nire zikloa Bizkaiko txapelketan; ez dakit azkena izango den, baina azkenetarikoa izango da, argi daukat. Alde horretatik, berezia izango da”. Berezia egiten du, orobat, pandemia egoerak, eta uste du horrek apur bat gehiago eragin diezaiekeela beteranoei. “Sasoi arraroa izan da: plazak asko gutxitu dira, urte batean ezin izan dugu asko kantatu ahal izan…; gazteengan ez hainbeste, baina jada urte batzuk daramatzagunongan motibazioan eragin du, okerrerako”.Dioenez, “motibazioa ez da bera 20 urterekin edo 40rekin”, eta ez da bakarra hori antzematen. Saioekin hasteko gogoaz hitz egiten aritu zen berriki beste parte hartzaile batekin. “Eta esan zidan: ‘Ni horretarako apuntatu nintzen, baina duela urte eta piko’. Plazan gutxi bazabiltza, beste gauza batzuk dituzu buruan”.Galdakaon izango du txapelketako lehen saioa, azaroaren 27an. Prestatzeko, ezer berezirik ez: Larrabetzun batzen da astero Arkaitz Estiballes, Freddi Paya eta Beñat Ugartetxea bertsolariekin eta Bizkaiko txapelketan parte hartuko duen Ibon Ajuriarekin.Oihana_Bartra

OIHANA BARTRA. “Egoera normalago batean kantatzeko balio digu luzapenak”

“Aurrekoan, uste genuen txapelketa bazetorrela, eta argazkiak eta hori guztia eginda geneukanean, atzeratu egin zen”. Horiek horrela, kasik txapelketaren atarian konturatu dira bertsolariak hura hastear dagoela, Oihana Bartraren hitzei erreparatuta (Bilbo, 1984). Iragan astean Durangoko Kurutzesantu museoan elkartu ziren gai jartzaileekin, epaileekin eta Bertsozale Elkarteko kideekin barne aurkezpen batean, eta, hain justu, bertan jabetu ziren ekitaldia zer gertu dagoen.Bartrak ez ditu hilabete horiek itxaronaldi moduan sentitu. “Txapelketa atzeratuko zutela esan zigutenean, lasaitasuna sentitu nuen hasieran, ikastolan azterketa bat atzeratzen zigutenean bezala”. Egun, ikusita egoerak hobera egin duela, are egokiago deritzo erabakiari. “Oso hilabete zail batzuetatik gentozen, non kultura ia-ia desagertu egin zen. Orduan egin izan balitz txapelketa, gehiago nabarituko genuen jardute falta. Orain, plaza martxa hartzen ari da, nahiz eta astiro, ez lehenengo moduan, ezta erregistro guztietan ere;. Egoera normalago batean kantatzeko balio digu luzapen honek”.

Urriaren 23an du lehen saioa, Mungian. “Prestatzen hasi berritan nago. Uda ostean ekin diot: ohikoa egiten dut, batzuekin eta besteekin geratu, zoratu barik”.

 

Eneko Aldana

ENEKO ALDANA. “Bertso eskolan egiten dudanaren mailan aritzen banaiz, pozik”

Iazko udazkeneko saioetan jokatu, eta hurrengo faserako sailkatzea lortu zuen Eneko Aldanak (Forua, 1996). “Aurre kanporaketa pasatzea zen nire aurreikuspena. Nire saioan garaile izan nintzen; beraz, bete nuen”. Azaroaren 7an jokatuko du hurrengo fasea, Getxon, eta egun horretarako ere finkatu du jomuga: “Espero dudana da nire mailarik onena ematea. Bertso eskolan egiten dudanaren mailan aritzen banaiz, pozik geratuko naiz neure buruarekin”.Oraindik aste nahiko geratzen direnez, ez du izan “urduri jartzeko astirik”. Orobat, entrenatzeko ere tarte gutxi ei du. Gasteizen dabil lanean, eta master bat ikasten, eta aste barruan ez du askorik praktikatzen. Asteburuak aprobetxatzen ditu bertsotan egiteko, Gernikako Lilibertson edo lagun artean saioak antolatuta. Txapelketaren eguna hurbildu ahala, entrenamenduak zorrotzagoak izango dira. “Txapelketan sartu ahal diren ariketak landuko ditugu: zortziko handia, txikia, bakarka, puntu erantzuna, hamarreko txikia…”.Gutxi-asko urtebete igaro da aurreko fasea jokatu zuenetik, baina ez du denbora galdu izanaren sentsaziorik: “Argi neukan atzeratu egin beharko zela txapelketa sasoia, baina ez dut gauza desberdinik egin: antzeko prestakuntza egin dut, eta bertso eskolara ere antzeko maiztasunarekin joan naiz”.

 

Iruri Altzerreka

IRURI ALTZERREKA. “Udan pilak ipini nituen; urtean zehar ez diot buelta askorik eman”

Bizkaiko lehen txapelketa du Iruri Altzerrekak (Garai, 2000), eta aurreneko ahaleginean sailkatu da udazkeneko faserako. Aurreko aldian, 2018koan, bazuen parte hartzeko adina —18 urte—, baina zain egotea erabaki zuen. “Ez nuen neure burua prest ikusten”. Hurrengo txapelketan aurkeztuko zela deliberatu zuen. “Pauso logikoa hori izaten da, eskolarteko txapelketatik ematen den hurrengo saltoa”.Aldanak bezala, txapelketari ekin eta ia urtebete beranduago emango dio jarraipena Altzerrekak. “Itxaronaldiak ez dit askorik eragin. Esan zigutenean zeintzuk ziren datak, udan pilak ipini nituen, baina urtean zehar ez diot buelta askorik eman”. Areago, aldaketa positibotzat dauka. “Niri lagungarri egiten zait uda ostean izatea, udan denbora gehiago izaten dudalako entrenatzeko”. Alabaina, antzeman dio ilunik ere: “Txapelketak plazaratzen laguntzen gaitu, eta atzeratu izanak beste dena atzeratu du”.Lehenengo saioan egongo da Altzerreka, domekakoan, Durangon. Koadernoko lanak egiten entrenatu da, edukiak eta errimak landuz, besteak beste, baita Berriz eta Durangoko bertso eskoletan antolatutako saioetan ere, txapelketan parte hartuko duten beste bertsolari batzuekin batera.

Bizkaiko-bertsolari-txapelketa