Ibai Maruri Bilbao
Askok esaten dute itsas museoa dela, baina beste hainbat arlotako elementuak ere baditugu; beraz, hori baino gehiago da. Gurea Plentziako historia kontatzen duen museoa da”, zehaztu du Plentziako Plasentia de Butron museoko teknikari Jondalar Sotak. Museoaren izena hiribilduak sorreran zuen bera da. Erakusketa jasotzen duen eraikina ere ez da edonolakoa. “1562an eraikitakoa da, garia, garagarra eta bestelako zerealak gordetzeko egina. Gero, Plentziako udaletxea izan zen. Hiribilduko eta eskualdeko epaitegi izatera pasatu zen, egungo udaletxea eraiki zenean. Suhiltzaileek materiala gordetzeko biltegia ere izan da. 1936ko gerran, kartzela. Ondoren liburutegi izan da. Eta azken 23 urteetan, gure museoaren egoitza”.
Museoak dituen bi solairuetan, bada, hiribilduaren historia ezagutzeko ezinbestekoak diren elementuak daude ikusgai. “Plentzia ez da sekula arrantzale portua izan”, zehaztu du Sotak. “Butroiko jaunei lotuta egon da betidanik. 1236an egin zuen hiribildu Lope Diaz II.a Bizkaiko jaunak. Espainiako Armadarako itsasontziak egiten izan ditu ontziolan, eta Kubarekin eta Filipinekin merkataritzan aritzeko pribilegioa izan du; portuak ez zuen zergarik ordaintzen, eta, neurri handi batean, hortik sortu zen Plentziaren aberastasuna”.
Besteak beste, hiribilduaren pribilegioak jasotzen dituen 1508ko estatutua irakur daiteke museoan; baita, Errege-Erregina Katolikoek idatzitako hainbat gutun hau eta bestea baimenduz ere. XV. mendeko maketa batean ikus daiteke orduko Plentzia zelakoa zen: harresiak babesten zuen, dorreak zituen eta kainoiak hondartzan. Baleen ehiza ere garrantzitsua izan zen. “Turismoari begira bizi den herria da orain”.
Maketa gehiago ere badaude: 34 itsasontzirenak dituzte, baina une honetan hogei bat daude ikusgai. Berbarako, Plentziako ontziolan eraikitako azken ontziarena dago: Magdalena, 1919koa. “XIX. mendera arte ontziola garrantzitsua izan zen gurea. Itsasontzi handiak egiten zituen eta diru asko mugitzen zuen”.
Itsasontzi esanguratsuak
Plentzian egin ez arren, herriarekin harremana zuen beste ontzi baten maketari erreparatu dio Sotak: Principe de Asturias izenekoari. “Plentziako Titanic esaten zaio. Transatlantikoa zen. Eskoziatik irten zen, Argentinara eta Brasilera bidean. Titanic-en urte berean [1916] istripua izan eta hondoratu egin zen. Kapitaina Plentziakoa zen”.
Itsasoari lotutako gizon-emakumeen herria da Plentzia, ezagun gizonezkoak egin diren arren. Adibidez, Nicolas Olagibel, XIX. mendeko armadore eta politikaria. “Plentziako mendia berak erosi zuen, Abanikoa deitzen den urbanizazioa egiteko. Hark ekarri zuen trena. Plentziako pasealekuan etxe handi gehienak harenak izan ziren”. Pedro Ibarguengoitia kapitaina ere herriko semea izan zen, Iparraldeko Itsas konpainiako Sierra Aranzazu ontzian. Maketa dago ikusgai museoan. Espainiak Kubara egiten zuen salgaien trafikoa eteteko asmoz, erasoa sufritu zuen 1964an. Bigarren ofiziala eta hirugarren makinista ere hil ziren.
Museoan ikusgai dituzten elementu gehienak inguruko itsas gizonek emandakoak direla esan du Sotak. Une honetan nabigazio tresnen aldi baterako erakusketa dute: X. mendetik hasi eta gaur egunera artekoak; bikingoenak, arabiarrenak eta europarrenak.