Ondarea integraziorako leku

21. urtez, Ondarearen Europako Jardunaldiak egingo dira Bizkaian, urrian. ‘Guztion ondarea, denok parte! Ondare irisgarria eta inklusiboa’ lelopean, erdigunean ipiniko dituzte orain arte ondarearen ezagutzatik aparte sentitu ahal izan diren kolektiboak. 50 udalerritan antolatu dituzte jarduerak.

Ibai Maruri Bilbao

Kultura ondarea komunitateko pertsonen adierazgarria da: geure balioak, sinisteak, ezagutzak eta ohiturak adierazten ditu. Horregatik, guztion eskubidea da kultura ondareaz gozatzea”, ohartarazi du Lorea Bilbao Ibarra Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol foru diputatuak. Izan ere, gai bat aukeratu ordez, ondarearen nolakotasunari erreparatu diote aurten Europako Ondarearen Jardunaldietan. 21. urtez egingo dira Bizkaian, asteburuan hasi eta urri osoan. Guztion ondarea, denok parte! Ondare irisgarria eta inklusiboa lelopean, dei argia egin nahi izan du Bizkaiko Foru Aldundiak: jardunaldietan parte hartzen duten pertsona, erakunde eta instituzioek markoa zabal dezatela gura du, hartzaile mota gehiagorengana iristeko.

Kultura ondarearen aurkezpenean eta interpretazioan tradizionalki ordezkaritza eskasa izan duten edo baztertuak izan diren taldeekin prozesu inklusiboak egitea sustatu dute. “Leloak ezin hobeto finkatzen du bizipenak eta ikuspegiak elkarri zabaltzeko eta denontzako moduko programa gozatzeko esparrua, pertsonak erdigunean jarrita”.

Guztira, 214 kultura proposamen eskainiko dituzte herrialde historikoan barrena: bisitak, ibilbide eta ibilaldi gidatuak, tailerrak, hitzaldiak, mahai inguruak, topaketak, ipuin kontaketak, erakusketak, kontzertuak, bideo forumak eta beste antolatu dituzte. 50 udalerri eta ehun erakunde eta kultur elkartek baino gehiagok osatu dute aurtengo egitaraua. Aipatutako ehundik gora eragile horiei, aurten beste 53 gizarte kolektibo batu zaizkie. “Guztien laguntza funtsezkoa izan da jarduerak diseinatzeko prozesuan”, zehaztu du Bilbao diputatuak. Besteak beste, ONCE fundazioak, Gorabidek, Fekoorrek, Andra Mari Zentro Okupazionalak, Argiak, Sindrome de Down fundazioak eta bestek egin dituzte proposamenak.

Esaterako, Fekoor elbarrien eta ezinduen elkarteen Bizkaiko koordinakundeak antolatutako bisitetan, Leioan, Lamiakoko historiaren berri emango dute, irudimena sustatuz. Nor izan zen Maximo Agirre? Athleticen Lamiakon jokatu zuen? Aireportu bat egon zen inguruan? Laminarik? Galdera horiei erantzuten saiatuko dira ibilbidean. Geldialdiak egingo dituzte, jazotako gertaera historikoak azaltzeko, erliebedun irudiekin eta keinu hizkuntzaren bidez. Urriaren 9an eta 16an izango da horretarako aukera.

Museoek ere erantzun diote tailer eta bisita irisgarri eta inklusiboak sortzeko erronkari. Horretarako, lankidetzan aritu dira elkarteekin. Berbarako, Abanton, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan bisita gidatu egokituak eskainiko dituzte, ADIZMI aniztasun funtzionala dutenen aldeko Ezkerraldeko elkartekoek lagunduta; urriaren 23an izango da. Santurtziko Itsas Museoko interpretazio zentroak ere bisita gidatu eta antzeztuen bidez erakutsiko du herriko marinelen historia; hori ere, urriaren 23an. Bilboko Arkeologia Museoak, berriz, errealitate birtuala erabiliko du museoa erakusteko, urriaren 16an; Ikusmenaren Mundu Eguna ere gogoratuko dute, eta ikusmen urritasuna dutenek parte hartzeko moduko bisita prestatu dute.

Ondarearen Europako Jardunaldiak

Kultura aniztasuna

Bilbaoren esanetan, “iradokizun originalak aurkitu daitezke egitarauan”. Adibidez, Zallako topaketa gastronomikoa begiak itxita egingo da: Bizkaiko txakolina dastatuko dute urriaren 30ean. Gamiz-Fikan, urriaren 23an, Burdin Hesiko Eperlanda I metrailadore asentura egingo den bisitan, eskuekin ukitu ahal izango dira aztarna arkeologikoak. Helburua da bakoitzak ahal duen zentzumena erabiltzea dena delako ondarea ezagutzeko.

Baina inklusioa ez da soilik elbarri edo ezinduena izango. Bestelako kulturena ere bai, esaterako. Horregatik, programan jaso dituzte hainbat kulturak eta erlijiok eurenak dituzten jarduerak. Horietako asko kanpoan geratu izan dira orain arteko jardunaldietan. Adibidez, Agiantza elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu Bilboko San Luis meatzeetako migrazioaren historiaren bueltan. KOOP SF 24 kultur elkarteak, berriz, bisita gidatuak eskainiko ditu San Frantzisko eta Bilbo Zaharra auzoetako historia kulturarteko ikuspegitik ezagutzeko: urriko hirugarren eta laugarren asteburuetan izango dira, barikutik domekara. Hiriburutik kanpo, Arrigorriagak eta Aulestik migratzaileen oroimena ezagutarazteko topaketak egingo dituzte, hilaren 7an eta 23an, hurrenez hurren. Elorrion, langile auzoetan bisita gidatuak egingo dituzte industria ondarearen eraldaketa zein izan den bertatik bertara ikusteko, urriaren 16an eta 17an.

Kulturartekotasunera gerturatzeko beste bideetako bat gastronomia izango da. Urduñan, amazig herriaren eta arabiarren tearen zeremonietan parte hartzeko aukera egongo da, urriaren 9an; urriaren 23an, Bilbon, txinatarren te zeremonia eta ijito herriak kafearekin duen lotura erakutsiko dira. Lekeitioko kultur elkarteek topaketa gastronomikoa antolatu dute urriaren 30erako, hainbat herrialdetako errezetak ezagutarazteko. Beste herrialde batzuetako musikak eta dantzak plazaratuko dituzte Urduñako eta Zornotzako kultur etxeetan, urriaren 16an eta 23an. Diman, Txumuluxueta kultur elkartearekin, Antzasti Euskaldunon Etxearekin eta Dima Harrera Herria mugimenduarekin batera, euskal-afrikar topaketa antolatu du udalak, hilaren 23rako. Ahozko tradizioa eta gastronomikoa izango dira protagonista.

Asko dira euren sorterriko kultura erakutsiko duten bizkaitarrak: Barakaldoko Euskal Eslaviar Elkartearen, Ukraina-Euskadi elkartearen, Ikasketa Txinatarren LuXun Elkartearen, Bilboko Institutu Txinatar Japoniarraren eta Marwa emakume arabiarren elkartearen eta Senmungi senegaldarren elkartearen eskutik, mundu zabaleko kultura, ohitura eta folklorea ezagutzeko aukera egongo da.

Ondarearen Europako Jardunaldiak

Integrazioan sakontzeko bide horretan, Bizkaiko LGTBI komunitatearen historia ere ezagutaraziko dute aurtengo ondarearen jardunaldiek. Bilbo Bizkaia Harro elkarteak bisita gidatu bi egingo ditu Bilbon. Horrez gain, kolektiboarentzako esanahi eta karga sinboliko handia duten espazioak bisitatuko dira.

Gazteen eta nagusien parte hartzea ere bultzatu gura dute, adin guztiek euren tokia izan dezaten jardunaldi hauetan. Belaunaldien arteko tailerrak prestatu dira. Nagusiek dituzten gomuten lekukotzak gazteenekin partekatuko dira, Artzentalesen, Bermeon, Garain, Getxon eta Ugaon egingo diren ekitaldiei esker.

Jardunaldien egitarau osoa ezagutzeko, jo webgune honetara:

Ondareabizkaia.eus